Itxaronaldia arintzekoak

Itxaronaldia arintzekoak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Esperoan dagoenarentzat denbora luzea da 40 eguneko epea. Kopuru hori falta da, hain zuzen, 20. Korrikak Bizkaiko lurrak zeharkatzeko. Martxoaren 30ean abiatuko da, Otxandiotik, eta Arabara egingo du handik. Apirilaren 5ean itzuliko da Bizkaira berriz, eta hiru egunez ibiliko da lurraldeko herrietatik euskararen aldeko aldarrikapena gordeta daraman lekukoa eskurik esku, lasterka. Leloa badu 20. Korrikak: BatZuk. “Bat, izan bat, egin bat, Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat, bat eta batzuk gara, hona-hara, euskara bat, mundu bat”, hala dio ekitaldirako prestatutako Zirkorrika abestiak. 40 egun luze joan daitezke, baina berehala igarotzen dira gero. Korrika iritsi bitarteko itxaronaldia arindu eta herritarrak girotzeko hainbat ekitaldi antolatzen dihardute tokian toki, Korrika Kulturala ardatz hartuta.

Korrikarekin jasotzen duen babes eta ahaleginen ordaina itzuli nahi die herritarrei AEK-k Korrika Kulturalaren bidez, Jon Aurrekoetxea Gulu Bizkaiko Korrikako koordinatzailearen arabera. “Korrikan parte hartzen duten herritarrei eskatzen diegun ahalegina kulturaren bidez bueltatzeko asmoa da. Egiten duten ahalegina eskertzeko era bat da”. Nazio mailako egitaraua eta tokian tokikoa prestatzen dute Bizkaiko herri eta eskualdeetan sortzen diren Korrika Batzordeei esker. Bi urterik behin, korrika aurkeztearekin batera, ia automatikoki elkartzen dira herritarrak tokian tokiko batzordeetan. “Bizkaian, 40 herri inguruk dituzte Korrika Batzordeak. Aurreko edizioetan ere aritu direlako edo laguntzaile izan direlako, lasterketa sasoia iristearekin batera elkartzen dira herritarrak, dena prestatzeko”. Ekitaldietatik haragoko lana dute, ordea, kilometroak antolatzeko lanetan ere laguntzaile aritzen baitira.

Korrika txikiak

Ekitaldiaren aurkezpena herri guztietan egin dela azaldu du Aurrekoetxeak. Ekitaldirako Hiru Damatxo Faktoriak beren-beregi osatutako dokumentala jarri dute aurkezpen askotan: Batzuk. Euskararen lau aurpegi dokumentala, alegia. Maika Etxekopar aktorearen, Ander Larunbe itzultzailearen, Elena Caballero La Basu musikariaren eta Daniel Alvarez kazetariaren lekukotzak bildu dituzte lanean, eta euskarari buruzko bizipenak azaltzen dituzte. “Jai giroko ekitaldiak dira herri eta eskualdeetan antolatzen diren gehienak: afariak, bazkariak edo kantaldiak”.

Baina bada herrietan zirrara berezia sortzen duen ekitaldi bat: ikastetxeetako korrika txikiak. Aurrekoetxearen hitzetan, 65 antolatu ziren Bizkaian joan den aldian. “35.000 haurrek baino gehiagok parte hartu zuten 2015eko korrika txikietan, eta beste horrenbeste edo gehiago elkartuko dira datozen egunetan ere”. Ikastetxeetan Korrika lantzeko unitate didaktikoak ere prestatu ditu aurten AEK-k, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean.

Korrika iritsi aurreko egunetan antolatzen dira herri gehienetan korrika txikiak eta bestelako kultur ekitaldiak. “Korrika Kulturaleko ekitaldiak lasterketa iritsi aurreko aste edo egunetan pilatzen dira ia toki guztietan. Martxoaren bigarren hamabostaldian batzen dira jaialdi gehienak, eta lasterketa herrietatik igarotzen den egunetan ere jaiak egiten dituzte hainbat tokitan”. Zalantzarik ez dago: gero eta handiagoa da Korrikaren itzala. “Gero eta jende gehiago biltzen duen ekitaldia da, eta gero eta herritar gehiago aritzen da boluntario lanetan”. Parte hartzaile eta laguntzaile horiei guztiei eskainitako eskertza keinuak dira lasterketaren harira antolatutako kultur ekitaldiak.