Ezberdintasunean hezi

Ezberdintasunean hezi

Natalia Salazar Orbe

Patakon piratari kostatu egiten zaio bizikletan ibiltzea. Hanka bakarra du, bestea zurezkoa baitu. Eta ez da erraza era horretan pedalei eragitea. Anerekin bidegorrian doala, Olaiarekin eta haren aitarekin egiten dute topo. Olaiari ere besteei baino gehiago kostatzen zaio gauza asko ikasi eta barneratzea. Down sindromea du. Baina badaki garrantzitsuena saiatzea dela, eta gainerakoek ulerkor jokatu beharko luketela. Ane damu da, behar baino pazientzia gutxiago izan duelako Patakonekin.

Pertsona desberdinek munduari ematen dioten aberastasuna irudikatzen du BBK-k eta Bizipoza elkarteak abiatu duten proiektu berriak. Down sindromedunek, ijitoek zein minbizia duten umeek bizitzak zein gizarteak berak ezarritako zailtasunengatik bizi duten egunerokoa islatzen duten bost film labur argitaratu dituzte elkarlanean. Baita horiekin lotutako hiru joko ere.

Ixone Zubieta BBK-ko teknikariak azaldu ditu helburu nagusiak: “Ume eta pertsona horiekin lan egiten duten elkarte eta erakundeei lagundu nahi diegu. Euren lana zein den zabaltzea dugu helburu”. Bost elkartek parte hartu dute proiektuan: Bizkaiko Aspanovas —minbizia duten umeen gurasoen elkartea—; Gure Señeak —gaixotasun arraroak edota adimen urritasunen bat duten neska-mutilen familiei laguntzeko elkartea—; Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioa; Kale Dor Kayiko ijitoen elkartea; eta Gizakien Lurra —politika, arraza, erlijio eta sexu bereizkeriarik gabeko eskubideen aldeko elkartea—.

Herritar ororentzat eskuragarri jarriko dute materiala elkarteotako webguneetan eta Bizipoza.eus eta Bbk.eus-en. Horrez gain, Bizkaiko 280 ikastetxetara ere bidali dute. Ikasgeletan teknologia berrietara egokitutako hezkuntza tresna legez erabiltzea da asmoa.

Hala, finean, ipuina baliatuko dute balioetan hezteko eta premia bereziak dituzten neska-mutikoek gainditu beharreko erronkak ezagutarazteko. Filmak Irria aldizkarian euskaraz argitaratutako haur ipuinetan daude oinarrituta. Irrien Lagunak Klubaren aldizkaria da hori.

Marimotots da beste protagonistetako bat. Ospitalean dago, minbiziarekin. Eta Aspanovas elkarteak osasun etxeetan irria zabaltzeko egiten duen lanari aitortza egiteaz gain, hezur muina ematearen garrantziaz ere ohartarazi nahi du filmak. Ospitaletik ezin aterata dago Marimo, baina zoriontasun leiho bat zabalduko dioten elementuak beharrezko ditu bertan. Horrez gain, Anek Patakon aurkitu du pasaguneetan. Hezur muina eman gura du. Horretarako, nahikoa du odola ematearekin. Zain geratuko da bere hezur muinarekin bateragarria den gaixoren bat agertu arte. Urteak ere pasa daitezke inork berea behar izan arte. Agian inoiz ezin izango du eman; ez, behintzat, berearekin bateragarria denik ez bada azaltzen.

Beste egun batean Israelen etxera joango da Ane, etxeko lanak egitera. Familiako hainbat kide daude bertan. Denak ez dira bizi han, baina sarri elkartzen dira. Israelen ama pozik dago, eskolaren garrantziaz jabetuta. Baita aitona ere. “Nik ez nuen izan ikasteko aukerarik, baina gure ondorengoek jende ikasia izan behar dute”, dio.

Zerua teilatu eta zelaia zoru duen ijitoen banderak liluratuta utzi du Ane. “Nik ezer gutxi dakit zuei buruz”, aitortzen dio Israeli: “Soilik jende gehienak mesfidantzaz begiratzen dituela ijitoak”. Eta hark erantzun: “Hori da ez gaituztelako ezagutzen”.

Tabuak eta aurreiritziak

Bideoak eta jokoak baliabide erabilgarritzat jo dituzte, umeek alde batera utz ditzaten sortzen diren hainbat tabu eta aurreiritzi. Horrez gain, txikienen artean elkartasun, maitasun eta begirune balioak zabaltzeko ere baliagarriak dira.

Irria aldizkariak komikien bidez ematen zituen mezuak erakargarriago egiteko ideiarekin sortu zen proiektua. “Mezua askoz ere hurbilagoa da marrazki bizidunen formatuan”. Emaitza bistakoa da: “Elkarteek eta pertsonek zer-nolako beharrizanak dituzten kontatzen da era erraz-erraz batean. Bitartekari darabiltzate, gainera, umeentzat ezagunak diren pertsonaiak. Horrek are gehiago laguntzen du umeen artean mezua zabaltzen”.

Joko errazak

5 eta 8 urte arteko umeentzat dira filmak zein jokoak. Azken horiek “errazak” dira; hiru motatakoak. Haietako batean, ipuinetako irudiak baliatuta, kronologikoki antolatu behar dituzte umeek horiek. Beste batean, irudi bat eta silueta beltzak ematen zaizkie. Eta haurrek identifikatu egin behar dute zein silueta dagokion irudiari. Azkena puzzlea da.

Umeei begira antolatuta dago kanpaina. Hala ere, jakina da familiengan ere eragina izan behar duela, horietan ere izan daitezkeen aurreiritziak aldatzen laguntzeko. “Umeentzako baliabideak dira prestatu ditugunak, baina familia barruan lantzekoak ere badira. Eskolan landu baditzakete, zergatik ez etxean?”. Aurkeztutako lanak onak direla sinetsita daude sustatzaileak. “Edozeinek ikusteko modukoak dira. Hala ere, hizkuntza erraz batean egin nahi izan ditugu; bereziki, umeei begira”.