“Adierazpen askatasuna duzu, haiek nahi dutena esaten baduzu”

“Adierazpen askatasuna duzu, haiek nahi dutena esaten baduzu”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Adierazpen askatasuna gain behera doala argi du Alfredo Remirezek (Amurrio, 1980). Gero eta leku estuagoa ikusten dio amurrioarrak —azken urteetan Bilbon bizi da—, eta ez du uste epe laburrera egoerak hobera egingo duenik. Neurri eta lege murriztaileak beren helburua lortzen ari direla iruditzen zaio: autozentsura.

2015eko maiatzean atxilotu zintuen Guardia Zibilak, Bilbon, etxetik atera zinenean. Zergatik atxilotu zintuzten?

Sare sozialetan terrorismoa goratu eta biktimak umiliatzea leporatzen didate.

Eta zergatik uste duzu atxilotu zintuztela?

Nik uste dut benetako arrazoia beste bat dela: halako garbiketa eta razzia bat egiten ari direla ezkertiarra den eta sare sozialetan aritzen den jendearen aurka. Eta tokatzen zelako: justu, bi egun lehenago izan zen Gasteizko herri harresia; oihartzun mediatiko eta sozial oso handia izan zuen, eta uste dut minduta zeudela. Bestalde, gure atxiloketak astearte batean izan ziren, eta igandean hauteskundeak ziren. Orduan, beren propaganda izatea tokatu zitzaigun.

Armiarma operazioa deitu zutenaren hirugarren sarekadan atxilotu zintuzten, txio batzuk oinarri hartuta. Zein txio motak eraman zaituzte auzitara?

Hasieran akusaziorako zituzten txio batzuk oraingo fasean kendu egin dituzte. Haiek egiten dutena da zure txioak begiratu eta zure ideologia markatu dezaketenak hartu; nire kasuan, presoen eskubideen aldekoak, senideen aldekoak, etxe kaleratzeen kontrakoak, Poliziaren inguruko bromak, eta besteren bat. Gero, aurrerago, epaiketari begira dena zorroztu denean, zazpi edo zortzi txio geratu zaizkit.

Epaiketara zazpi edo zortzi txiogatik zoaz?

Bai. Eta horien artean bi alde bereiziko nituzke: presoei ongietorria emateko txioak, batetik. Pablo Gorostiaga eta Xabier Alegriari ongietorria eman nien kondena osoa bete ostean kartzelatik atera zirenean. Haiek esaten dute hori terrorismoa goraipatzea dela, baina nire ikuspuntua bestelakoa da, zeren nik uste dut etxera bueltatzen den preso bakoitza gatazka konpontzeko pauso bat dela. Kontakizunaren bi aldeak dira horiek: nor pozten den norbait etortzeagatik eta nortzuk ez.

Mozal legea dago atzean?

Nire kasuan, ez. Gurea izan zen mozal legea indarrean jarri aurretik adierazpen askatasunaren aurka zabaldu zen azken auzia.

Astelehenean izango duzu epaiketa. Zein eskaera egin dizute?

Bi urteko espetxe zigorra, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta hamasei urteko inhabilitazioa.

Zergatik hamasei urteko inhabilitazioa?

Gauza bitxiak gertatzen dira herri honetan: bortxatzaile bat, Pablo Abasolo, adibidez, indultatu egin dute, eta suhiltzaile izateko aukera du orain; eta niri, txio batzuk idazteagatik, hamasei urteko inhabilitazioa eskatzen didate. Nire kasuan, gainera, eragin handia izan dezake lanean. Klinika laguntzailea naiz, eta uste dut zigorra jarriz gero ezingo nukeela horretan lan egin. Edozein kargu edo lan publikotarako hamasei urteko inhabilitazioa eskatzen didate txio batzuk idazteagatik. Niri itzela iruditzen zait.

Txiolaria zara, eta emari handia duzu. Inoiz pentsatu izan duzu egoera honetan egon zintezkeela?

Horrela egongo nintzenik ez nuen inoiz pentsatuko. Egia da lehen operazioa izan zenean gure artean bromak egiten genituela: ‘Zer, ez zaigu tokatu…’. Gero, egia da, gero eta operazio gehiago egon, zirkulua txikiagotzen ikusten duzula. Are gehiago, nahiko jarraitzaile nituela ikustean. Badakit beren jomuga izan naitekeela daukadan oihartzunagatik. Ia 6.000 jarraitzaile ditudala uste dut.

Zure izenari ezkutuan eusten zenion…

Beti aritu naiz nahiko era anonimoan, beti pentsatu dudalako garrantzitsua mezua dela eta ez nork bidaltzen duen mezua. Gainera, azkenean, @erreharria ez naiz ni; alter ego moduko bat da. Behin lagun batek esan zidan: “Harrapatu zintuztenean bazirudien Spiderman Peter Parker bihurtu zela”; halako sentsazio bat izan zen. Ni hor nenbilen nire gauzekin, eta ez nion garrantzirik ematen zein oihartzun zeukan. Harrapatu nindutenean ikusi nuen zenbat jende nuen atzetik eta zenbat jendek kasu egiten zidan. Badirudi haiek argi zutela, eta ez zitzaiela gustatzen.

Adierazpen askatasunaren muga dago auziaren erdian?

Nik ironia erabiltzen dut, baina haien marra gero eta estuagoa da. Lehengo egunean galdetzen zidaten: zein muga jarri behar zaizkio adierazpen askatasunari Twitterren? Ba, ez dakit, baina gaur egun jartzen dizkigutenak oso estuak dira. Lehengoan irakurri nuen Facebooken gertatutako gauza bat: bideo bat jarri zuten non agertzen baitzen polizia bat beste pertsona baten atzetik korrika. Nahiko barregarria omen zen; ihes egiten ari omen zen mutila, eta polizia, nahiko lodi, ezin haren atzetik joan… Ba, bideo hori partekatu duen jendeari isunak jartzen ari dira, eta ‘iruzkin barregarriak’ egin dituen jendeari ere bai. Izugarria da noraino iristen ari den. Beste adibide bat: bazegoen ume bat minbizia zuena, orain hil dena, eta toreroa izan nahi zuena. Ume hori tauromakiaren inguruan propaganda egiteko erabili zuten. Eta jendea oso komentario txarrak, mingarriak, idazten hasi zen. Nik ez nuke sekula halakorik jarriko, eta, gainera, egun horretan bertan idatzi nuen: “Gaur da eguna non antitaurinoek nazka gehiago ematen didaten taurinoek baino”. Baina hori gauza bat da, eta beste bat hori idatzi zuen pertsonaren etxera joan eta atxilotuta eramatea. Baina nora goaz?

Zu ere atxilotuta eraman zintuen Guardia Zibilak Salvera, ordu gutxira askatu zintuzten arren.

Etxera gutun bat bidaltzearekin nahikoa zuten; deklaratzera joateko zitazioa bidal zezaketen. Baina azpijoko guztia egin zuten: gu harrapatu, komisariara eraman, eta justu Teleberri-rako askatu, telebista guztietan ateratzeko. Eta, hori guztia, paper bat emateko. Etxean eman ahal ziguten. Propaganda hutsa izan zen.

Adierazpen askatasunaren inguruan gertatzen ari denaren jakitun da jendea?

Nik uste dut ezetz. Andeka Jurado, Kaiet Prieto, Cesar Estamberry, Arkaitz Terron… Jende pila bat dago. Atxilotu eta gero aurpegia eman dutenen berri dugu, baina askoz jende gehiago dago pasatzen ari dena komisariatik eta epaiketetatik isilean, lana galtzeko beldurragatik, familia arazoengatik edo beste mila arrazoirengatik. Gero eta gehiago gertatzen ari da, eta jakin ere ez dakigu. Eta horretan zerikusi handia du mozal legeak. Egunero jartzen dituzte isunak. Egunero. Eta konturatu behar dugu noren kontra diren isunak: Euskal Herrian lehen isuna Axier Lopezek jaso du, Argia-ko kazetariak. Ahotsa.info-koak ere, beste komunikazio eredu bat lantzen dutenak, jopuntuan daude. Boro, La Haine-ko mutila ere bai… Beti doaz leku berera; beti ezkerretara. Eta, gainera, zentzurik gabe. Carrero Blancoren iloba ere atera zen jendaurrean esaten ez zitzaizkiola horrenbesterako iruditzen Carrerori buruzko txisteak.

Eta beste kontu bat ere badago tartean: Espainiako ezkerra. Cesar Estamberry bada akusatua, adierazpen askatasuna aldarrikatu behar da; [Guillermo] Zapata bada, ez dago horren txarto Irene Villari buruzko txisteak egitea. Nik ez dut Irene Villaren inguruko txisterik egin. Eta ez dut esan judu guztiak hautsontzi batean sartzen direnik. Baina tartean dago euskalduna izatea. Euskalduna, edo katalana, orain. Hor dago muga oso garrantzitsua: “Zerbait egingo zuten…”.

Faltan sumatzen duzu hausnarketa sakonagoa?

Ez. Hipokrisia besterik ez da. Betiko hipokrisia. Euskaldunen kontra beti balio izan du denak. Espainiako ezkerrak gainditu gabe duen zerbait da, eta, agian, orain konturatzen dira batzuetan, beraiei tokatzen zaienean. Lehengo egunean idatzi nuen: “Euskal Herriko guraso guztiek ez dute esaten tortura existitzen dela, baina guztiak beldurtzen dira bere semea denean eramaten dutena”. Eta jende askok esaten du: “Denok dugu adierazpen askatasuna, baina kontuz zer esaten duzun”; hori izugarria da. Niri guardia zibil batek botatzen dit kristorena Twiterretik, eta nik erantzuten badut, ni ibili behar naiz kontuz zeren badakit legeak bera babestuko duela, eta gu, ez.

Euskal Herrian kontzienteago dira herritarrak?

Bai eta ez. Euskal Herrian denetariko esperientzia dugu. Gogoratu Egin, gogoratu EgunkariaEgunkaria-ren kasua euskaldun askorentzako mugarria izan zela uste dut; auzi horrekin euskaldun guztien kontra egin zutela sentitu zuen askok. Eta Martxelo Otamendi torturatu zutela denek sinetsi zuten. Baina, oraindik, adibidez Txeroki bada torturak salatzen dituena, ez du jende guztiak sinesten. Eta badago beste egia bat jendeak ez duena ikusi nahi. Niri, adibidez, esaten didate: “Agian gehiegi hitz egin duzu…”. Baina nola gehiegi hitz egin? Zer da gehiegi esatea? Edo, adibidez, banoa manifestazio batera, grabatzen dut polizia batek pertsona bati egindako erasoa, eta delitu bakarra gurea da, grabatzeagatik! Hori da mozal legea, eta hori da haren intentzioa: inpunitatea izatea. Eta gakoa da: adierazpen askatasuna izan baduzu, haiek nahi dutena esaten duzun bitartean. Bestela, badakizu zer dagoen.

Barneratuta dago gizartean zer den adierazpen askatasuna?

Ez dugu barneratua, zeren guztioi gustatzen zaigu esatea nahi duguna, baina ez dugu gustuko besteek esaten dutena entzun edo irakurtzea. Baina badago diferentzia bat: batek idazten duena ez badut gustuko edo idazten duenak min egiten badit, nik blokeo egitearekin nahikoa dudala; blokeatzen dut eta kito. Baina haiek ez badute gustuko, ez dute blokeatzen; etortzen dira zure etxera zure bila eta atxilotuta eramaten zaituzte.

Zure aurkako operazioan hogei bat lagun atxilotu zituzten arren, bakarrik epaituko zaituzte.

Bai. Haiek ere hasi dira ikasten. Bakoitzari sumario bat zabaldu ziguten; horrela, ez elkartzeko. Gure aurkako operazioan 25 auzipetu gintuzten, eta Armiarma operazioetan, guztira, ehun paseak, agian berrehundik gertu. Gure operaziokoen artean, bat Bartzelonakoa da, bestea Granadakoa, bestea euskalduna… sumarioetan banaka banatzen bagaituzte, eskaera desberdinak egin eta abar, oso zaila da indarrak batzea. Eta problemak, bakarrik bazaude, askoz handiagoak dira; taldean beti konpontzen dira hobeto, eramangarriagoak dira. Hori haiek badakite.

Bi urteko espetxe-zigor eskaera duzu. Kartzelara sartzeko benetako arriskua ikusten duzu?

Bai, bai. Argi daukadana da errudun aterako naizela. Sartuko naizen ate beretik aterako naiz astelehenean, baina ez naiz garbi aterako. Ate beretik sartu zen Billy el Niño torturatzailea. Ehunka tortura kasu zituen, pila bat lekukotza… eta garbi atera zen. Ni ez naiz garbi aterako. Espainiako Auzitegi Nazionalera doazen euskaldun guztiak errudun ateratzen dira. Beste gauza bat da nola ohitzen garen errepresiora. Ni ez banaiz espetxera sartzen baina ordaindu behar badut 5.000 euroko isuna, libratu naizela pentsatuko dugu? Hori esaten diogu geure buruari: “Hori zortea @erreharriarena!”. Hori ez da libratzea! Hori da adierazpen askatasuna zigortzea, moztea. Kartzelara ez joatearekin konformatzen gara, egin dudan delitu bakarra Interneten idaztea izanik.

Egoerari buelta ematen hasiko zaiola uste duzu, edo ez zara oso baikor alde horretatik?

Ez, zeren lortzen dute beldurra eragitea. Nik ezagutzen ditut ni atxilotu eta hurrengo egunean bere Twitter kontuak ezabatu zituztenak. Asko. Hori da lortzen dutena. Eta jendeak gero eta autozentsura gehiago du. Askotan pentsatzen dut “zein txiste ona honen inguruan!”. Baina jarraian esaten duzu: badaezpada ez dut ezer egingo. Eta hau ere ez dut egingo; hau ez dut idatziko… Aurreko batean ere, bideo bat ibili zen sarean ikusten zena guardia zibil batzuk zezenketen aurkako mutil bat jipoitzen. “Otra vez exquisito el trato dado“, idatzi nuen, badaezpada. Jarri nuen, eta gero pentsatu nuen: ea orain ere hanka sartzen ari naizen…

Zure babeserako ekitaldi ugari egin dira, #Alfreedo kanpaina asko mugitu da sarean…

Bai. Batetik, Plataforma por la Absolucion de los Encausados en la Operacion Araña lanean ari da. Euskal Herriko jendea eta kanpokoa dago taldean, eta gauza asko egiten ari da. Adibidez, apirilaren 8rako Zorrotzako gaztetxean adierazpen askatasunaren aldeko jardunaldiak antolatu dituzte. Egun guztian egongo dira ekintzak eta gero kontzertuak; horien artean, Def Con Dos. Zerbait gehiago jakin nahi duenak Encausados Araña begiratu dezala.

Eskerrak eman nahi dizkiet babesa eman didaten guztiei, Alfreedo elkartasun eguna antolatu zutenei… Kanpaina desberdina izan da, apurtxo bat frikia, baina gertatzen ari denarekin oso ondo datorrena. Oihartzun handia izan du, eta atxikimendu piloa jaso ditut. Eskerrak eman nahi dizkiet denei, eta besarkada bat auzipetu guztiei.