Sanbariku

Igor Elordui Etxebarria

Gaur sanbariku da, eta niretzat ez da egun normal bat. Egun bat da normala eskolatik motxila etxerako lanekin ateratzen dudanean. Egun bat da normala nire bila aitita eta amama datozenean. Egun bat da normala lagunekin parkean bakarrik bost minutuz olgetan aritu ahal naizen egun bat, eta bost minutu ez direnean “bost minutu”, baizik eta “bost minutu!!!”. Egun bat da normala litxarreriarik ezin jan dezakedan egun bat. Egun bat da normala musikara, ingelesera, dantzatara edota igerilekura joan behar dudan egun bat, eta garaiz ailegatzeko ogitartekoa arineketan jan behar dudan egun bat.

Egun bat da normala etxera heldutakoan, etxerako lanak egiteko astia izan dezadan, pijama albait arinen jantzi behar dudan egun bat. Egun bat da normala telebista ikusi ezin dudan egun bat. Egun normal bat da aita eta ama gutxiago ikusten ditudan egun bat. Egun normalak dira astelehena, martitzena, eguaztena eta eguena, baina ez barikua.

Barikua, edo eskolan ostirala ere bai, ez da egun normal bat, zeren eta horregatik deitzen diogu sanbariku: orain etxean ere hala esaten diogu, eta, goizean esnatzen naizenean, begiak zabaldu orduko esaten ez badidate sanbariku dela, badakit egun normal bat dela. Baina gaur bai, gaur ez da egun normala; aitak esan du logelako pertsiana altxatzen zuen bitartean: sanbariku!

—Zertan ari zara pentsatzen, laztana?—galdetu diot alabari. “Gaur ez da egun normala, aita. Gaur libre daukat arratsaldean”, erantzun dit.

Normala eta libre berbak elkarren aurkakoak balira bezala erabili ditu. Normala ez dena hori da”, pentsatu dut. Astelehenetik barikura, altxatu, jantzi, armosua hartu, eskolara joan; eskolatik irten eta margolaritzara, musikara, dantzatara, ingelesera, igerilekura, noiz edo noiz ludotekara ere bai… etxera berriro, etxerako lanak egin, afaldu eta ohera. Apenas beste ezertarako denbora barik dabil nire alaba. Beste ezertarako denbora barik dabiltza gaurko umeak. Dena emanda, dena antolatuta.

Batetik, iruditzen zait ume izatea galarazten diegula, hein batean. Ez diegu tarterik uzten euren kabuz jolasten, beraien denbora betetzen; aspertzen ere bai, gura bada. Bestetik, ez al dator beste jardueretan ematen duten denboraren zati handi bat gurekin eman ezin dutena ordezkatzera? Eta, azkenik, eta larriena: ez al ditugu gure umeak, ume baino gehiago, proiektu bezala ikusten? Ez al diote, zentzu batean, gure frustrazioei erantzuna ematen? Nik ez nuen dantzan ikasi, orduan, no! Margotzea gustatzen zitzaidan, bada, to! Ingelesa jakitea oso inportantea da… no hori ere! Musika oso ona da adimen kognitiboa lantzeko, eta kirola egitea, zer esanik ez. To eta no!

Denok gura dugu onena gure seme-alabentzat, baina ez dakit ondo ari ote garen. Ez dakit zenbateraino den normala normaltzat hartzen duguna.