Raquel Marques eta Maria Zafra: “Bizitza bera eta dokumentala eskutik joan ziren”

Raquel Marques eta Maria Zafra: “Bizitza bera eta dokumentala eskutik joan ziren”

N. S. O.

Raquel Marques (Porto, Portugal, 1979) eta Maria Zafra (Kordoba, Espainia, 1978) zuzendarien Arreta dokumentala hilaren 25ean eta 28an emango dute, Bilborock aretoan, Zinegoak jaialdiaren barruan. Ainhoa Irueta gernikarra du protagonista. Minbiziaren ondorioz, bular bat kendu behar izan zioten. Protesia jarri ez, eta beste bularra ere kentzea erabaki zuen berak. Dokumentalaren atalik gehienak Bartzelonan filmatu dituzte. Baina baita Gernika-Lumon ere, Iruetaren herrian.

Zergatik eta nola sortu zen Arreta?

RAQUEL MARQUES: Ainhoa protagonistak bularreko minbizia pairatu ostean hasitako prozesua du ardatz talde lan honek. Minbizia zuen, eta bular bat kendu zioten. Berak bigarrena ere kentzea erabaki zuen. Ebakuntzen ostean, gorputz atal horretan tatuajea egitea erabaki zuen. Bere gorputzean berriz ere esku hartzea berak nahita erabaki zuenean gonbidatu gintuen prozesua filmatzera. Erregistro huts bat izan zitekeen proposamen horretatik elkarrizketa batzuk sortzen dira prozesu luzeago bat bihurtu den horretan: gure gorputzarekin, gure gorputzekiko gure desioekin edota inposatuak edo aukeratuak izan ziren kontuekin lotura duten gaiak azaltzen dira.

Zein litzateke filmaren gai nagusia: osasun zerbitzuek eskaintzen duten aukera mugatua? Transexualitatea?

R.M.: Hasiera batean, filmaren ardatzak medikuen eta gizartearen inposizioekin lotura izan behar zuen. Norbere desioen isla izatea ere nahi genuen: trantsizio bat egiteko desioa, edota maskulinitate edo feminitatearekiko dauden eredu sozialekin bat ez etortzea. Baina zerbait gertatu zen filmatzen ari ginela. Hasieran, Mireia Gascon ere gurekin ari zen. Ainhoaren lagun onenetariko bat zen, prozesuaren hasieratik haren ondoan izandakoa. Bat-batean, baina, minbizia diagnostikatu zioten, eta, sei hilen ostean, hil egin zen. Beraz, bizitza bera eta dokumentala eskutik joan ziren. Muntatze prozesuan egindako film bat da gurea. Izan ere, filmatutako eta bizitako guztiaren ostean, filma osatzeko geneukan material guztia hartu genuenean jabetu ginen filmaren gai nagusia beste bat zela. Gaixotasuna eta heriotza beti presente dauden errealitatearekin lotura handiagoa zeukan. Ainhoak berak ere ekarpen hori egiten zuen minbizia pairatu izanari buruzko hausnarketetan.

MARIA ZAFRA: Jazoera hark erabat aldatu zuen egiten ari ginena. Muntatze prozesuan erabaki genuen dokumentalaren parte izan behar zuela. Ez genion eutsi nahi jatorrizko ideiari. Erabaki genuen bizitzan gertatu zitzaiguna dokumentalaren parte zela eta agertu behar zuela.

Ainhoak dio bere gorputzari esanahi berria eman gura diola. Zer esan nahi du horrekin?

R.M.: Nahi duen gorputza aukeratzeko duen eskubide askatasuna erabiltzeari buruz ari da. Minbiziarekin lotutako fasean, aldaketa horrek ebakuntzekin eta esku hartze medikoekin zerikusia du. Horren ostean, ordea, berak zer-nolako gorputza nahi duen aukeratzen du: protesirik ez jartzea, esaterako. Aurrerantzean gorputz hori ez da femenino gisa ikusiko, eta, kasu honetan, gorputz trans gisa irakurtzen hasten da.

Osasun zerbitzuen jarrera ikusita, zuen lanak bestelako alternatibak ere badaudela erakutsi nahi al du?

M.Z.: Ainhoaren prozesua zelakoa izan zen ikusarazten du gure lanak. Bera saiatu da bere burua beste leku batean kokatzen: medikuekin negoziatuz bere gorputza zelan berreraiki zezakeen. Esperientzia horretatik abiatuta kontatu dugu gai hori. Dokumentalak ez du bilatu, espresuki. Dokumentala hasita, ikusi dugu osasun instantziek bidea ezarria dutela, markatua. Argi dute zein den bidea, erabat egituratua dute, eta norabide horretan gidatzen dute pazientea. Emakume gisa definitzen den emakume bat mastektomia bat eginda ebakuntza gelatik ateratzen denean, bideratu egiten dute, zer egin behar duen esanez. Ez dago negoziaziorik. Ez zaio galdetzen zelan sentitzen den bere gorputzarekin. Ez zaio denborarik ematen sentimendu horri buruz hausnartzeko, zer egin nahi duen pentsatzeko. Oso prozesu gogorra bizi dute emakumeek egoera horretan, eta bidea ezarrita egoten da. Ez dut uste norbaitek gaizki edo min egin nahian pentsatutako zerbait denik. Nire ustez, bide bat naturalizatu dute, eta emakumeei bide hori errazten ari zaizkiela uste dute: bidea markatzen diete bizi duten estres garai horretan ez dezaten ezer pentsatu behar izan. Gauza asko sartzen dira jokoan, gainera: gaixotasuna, ahuldadea… Medikuek pazientearentzako onena zer den iritzita bidea erraztu nahi dietelakoan nago.

Zergatik Arreta izenburua? Zeri jarri behar zaio arreta?

R.M.: Ainhoaren tatuajeak arreta berba dauka. Bizitzaren gainean kontzientzia hartzeko deia egin nahi du, arreta horretan jartzeko aldarria.

Garrantzitsu deritzezue Zinegoak eta halako jaialdiei, sarri askotan ezkutuan geratzen diren beste errealitate horiek ikusarazteko?

R.M.: Bai. Filmez harago, ikusgarritasuna ematen zaie gai horiei. Beste jaialdi batzuetan erdigunean ez dauden errealitateak erakusten ditu. Banaketa zirkuituei dagokienez ere, espazio gehiago aurkitzen ez duten hainbat lan izaten dira: lantzen dituzten gaiengatik eta errealizadoreen identitateengatik, besteak beste.