“Aniztasunean, eroso parte hartzeko egun bat bultzatuko dugu”

“Aniztasunean, eroso parte hartzeko egun bat bultzatuko dugu”

Natalia Salazar Orbe

Aberri Eguna Independentistak Sarearekin batera ospatuko du Gernika Batzordeak. Apirilaren 16rako deialdia egin du, Gernika-Lumon. Herria bonbardatu zuteneko 80. urteurrena beteko da hil horren 26an. Bi data esanguratsuok uztartu nahi ditu elkarteak. Sabin Ibazetak (Ondarroa, 1962) eman ditu xehetasunak.

Zergatik erabaki duzue Aberri Egunera Independentistak Sarearekin batera deitzea?

2010etik Sare Independentistak antolatu du, alderdien Aberri Eguna izan beharrean herritarren Aberri Eguna izateko asmoz. Eragile politiko bakoitzak urte osoa dauka bere diskurtso eta proiektu politiko zehatzak kaleratzeko. Baina Aberri Egunak munduaren aurrean herri gisa agertzea eskatzen du. Hala, sigla eta familia politikoetatik harago euskal herritarrok elkarturik ospatzeko egun bezala ulertzen dugu guk. Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrena izanik, pisu sinboliko hori gehitu nahi diogu Aberri Egunak berak berezko duenari. Elkar indartzeko modu bat da.

Zuek zer adierazi nahi duzue ekimen horretan parte hartuta?

Munduko herri guztien artean, Euskal Herriak bere naziotasuna eta bere tokia aldarrikatzeko eguna duela. Bonbardaketa bera aberri baten suntsiketa saiakera izan zen. Era berean, 50. urteurrenean Gernika-Lumora etorri zen Herbert Southworth adituak esan zuenez, suntsiketa hori espainiar estatu berriaren sortze agiria izan zen.

Alderdien Aberri Egunetik herritarren Aberri Eguna bilakatzeko asmo horretan, zein ekarpen egingo du Gernika Batzordeak?

Gizarte eragile gisa, gure asmoa da munduaren aurrean herri gisa agertzea. Aberri Egun zabal eta parte hartzaile baten alde egingo dugu. Aniztasunean elkartuta, eroso parte hartzeko egun bat bultzatuko dugu.

Aniztasun horren batasuna lortzeko zer beharko litzateke?

Interesak alderdienak izan beharrean herriarenak direla jabetzean legoke gakoa. Interes pribatutik interes orokorrera jauzi egin behar da. Merezi du, horretarako bakoitzak bidean beretik zerbait utzi behar badu ere, horren alde egitea.

Gernikaren sinbologiari egin diozue aipamen zuek. Zer adierazten du, eta zergatik bereganatzen dute lurralde guztietako herritarrek sinbologia hori?

Ahaztu baino lehen, gogora ekarri nahiko nuke Gernika bezala beste hainbat izan direla bonbardatu dituzten herriak: Euskal Herrian bertan hor daude Durango, Otxandio, Eibar eta beste asko. Eta gaur egun bonbardatzen dituztenak ere asko dira. Horiek guztiak gogoan izaten ditugu gurearen urtemugan. Indar handia hartu zuen Gernikak, sinbologiagatik. Hor daude Batzar Etxea eta Gernikako Arbola. Identitate baten ikurra da. Ikusten dugu, besteak beste, Gernikaren suntsiketa baino gehiago, herri oso bat suntsitzeko asmoa izan zela; herri baten identitatearen zapuzketa.

80 urte beteko dira bonbardaketatik, baina oraindik ere beharrezkoa da aldarrikapenekin jarraitzea. Zer lan egin da memoria eta bizikidetza alorretan, eta zer falta da?

Gure aldarrikapenetan bost puntu nagusi ditugu. Merezi du gogoraraztea: bat artxibo militarrak ikerkuntzara zabaltzea da; beste bat, Gernika koadroa Gernikara ekartzea; beste bat, Espainiako Gobernuak oraindik indarrean mantentzen duen bertsio ofiziala —Gernika errepublikazale gorriek eta euskal gudariek erre zutela dioena— ezeztatzea; laugarrena, gertatutakoaren egia, justizia eta erreparazioa egitea; eta azkena, Gernika bakearen, kulturaren eta askatasunaren hiri izendatzea.

Joan den astean, Espainiako Senatuak uko egin zion Gernikako bonbardaketan armada frankistak izan zuen erantzukizuna aitortzeari. Zer irakurketa egiten duzue, eta horren aurrean behar bezalako erantzun irmorik ikusi duzue?

Barkamenek, damuek eta antzekoek beste zentzu bat har dezakete era horretako egoeretan; aurpegi garbiketak izan daitezke. Hori baino inportanteagoa da ardurak onartzea, eta egia, justizia eta erreparazioari bide ematea. Argi dago 1977ko amaiera puntuko legeak ekarri zituela azken boladan ikusten diren ondorio batzuk. Besteak beste, frankismoaren kereilaren aurrean zailtasunak sortu dira. Gizateriaren aurkako gehiegikeriak izan dira: genozidioa, desagerpen behartuak, umeen lapurretak, emakumeen bortxaketak… Argitu beharreko hainbat kontu daude, memoriak berreskuratu behar dituenak, eta lege batzuek oztopatu egiten dituztenak; espresuki, ad hoc sortutako legeak dira.

Zer suntsitu zuten duela 80 urteko bonbardaketek eta zer ez dute lortu isilarazterik?

Desberdina dena suntsitu nahi zuten; identitate bereizia, alegia. Orain ere gertatzen den moduan. Ez dutena isilarazi da gure herriak bera izateko duen eskubidearen alde egitea. Mundu plural batean sinesten dugu, kolore askokoan; gure txoriak irudikatzen duen bezalakoa. Mundu librean sinesten dugu, solidarioan. Eta hori ez dute suntsitu.

Zer-nolako garrantzia du memoriak?

Iragana etorkizunarekin lotzen duen hari bat da. Mario Benedetti idazleak badauka ahanztura eta memoria ardatz dituen liburu eder bat. Bertan esaten du ahanztura simulakro handi bat dela: inork ezin duela ahaztu, ezta nahita ere. Espainian ahanztura derrigortu egin dute; dekretuz, gainera. Trantsizioa baino, transakzioa esatea gustatzen zait niri; memoriaren merkataritza akordio antzeko bat adostu zutelako. Eta hortik datoz orain dauden arazoak iragan hurbila berrikusten edo berraztertzen dutenean. Baita Espainian bertan ere.

Eusko Jaurlaritza ere gertatutakoa jasotzen ari da. Behar bezala egiten ari dira lanketa hori?

Kontaketak partekatua izan behar du; osoa, zintzoa eta egian oinarritua. Ez dago kontaketa bat irabazleen eta galtzaileen diskurtsoan zentratzerik. Lanketa hori benetakoa izateko, besteak beste, kontaketari berari ezarri zaizkion mugak gainditu beharko lirateke. Ematen duelako trantsiziotik honakoak direla bakarrik aztertu behar direnak. Denboran muga bat jarri dute. Eta ordura artekoekin zer gertatzen da? Ez al dute merezi kontatzerik?

EH Bilduk Picassoren Gernika Gernikara eramateko eskaria egingo du Euskal Herriko udalerrietan. Urteetako aldarrikapena duzue zuek. Zer espero duzue?

Maitatua den aldarrikapen bat da hori. Gernika Gernikara ekarri behar dela uste dugu, bahituta sentitzen dugu arrotza den herri batean. Eta ez dugu etsiko gure herrira ekarri arte. Ematen duten argudioa teknikoa da: egoera txarrean dagoela, beste bidaia batek kalte egingo liokeela, eta abar. Gernika Batzordeko kideok uste dugu hor ez daudela arrazoi zientifiko teknikoak, baizik eta erabaki politiko bat. Gatibu dute.