Euskararen sarrera epaitegietan

Euskararen sarrera epaitegietan

Izaro Mendieta

Auzi batzuk euskaraz gauzatzea posible da, eta horren frogak badira. Orain artekoak gutxi izan dira, baina etorkizunekoak gehiago izango dira. Edo, behintzat, hala izateko lanean ari dira zenbait eragile.

Justizia arloan erabili beharreko hizkuntza gaztelania dela pentsatzeko joera dago, baina bada ideia hori aldatzea nahi duenik ere. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako edozein epaitegitan, auziak osorik euskaraz izapidetu ahal izatea da zenbaiten helburua; baina horra ailegatzeko bide luzea egin beharra dago. Dagoeneko, halere, hasierako kilometroak eginak dira. Aurrera egiteko, oztopoak gainditu behar izaten dira sarri askotan, baina hala egiten da bidea. Eta horretan ari da Auzia Euskaraz proiektua ere.

Justizia Administrazioko hainbat eragilek osatzen dute Auzia Euskaraz proiektua; besteak beste, abokatu eta prokuradoreek, epaitegietako langileek, epaile eta magistratuek, Justizia Administrazioaren letradunek, fiskalek eta auzitegi medikuek. Horien guztien lana koordinatzen, bestalde, EpaiBi ari da, Justizia Administrazioko Hizkuntza Normalizaziorako lantaldea.

Helburu argia daukate: “Herritarrek hala eskatzen dutenean, auziak osorik euskaraz izapidetzea, demanda aurkeztetik bulego judizialetako barne tramitazioa egin eta epaia eman arte”.

Horretarako, lankidetza eta elkarlana dituzte bidelagun, guztien laguntza eta parte hartzea “ezinbestekoa” baita helburua lortzeko. Laguntza bilatzeko prozesu horretan, oztopoak ere aurki daitezke, eragile askok ez baitakite euskaraz, edo ez baitaukate euskaraz lan egiteko ezagutza edo gaitasun nahikorik. Eta horrek zailtzen du, batetik, herritarren hizkuntza eskubidea bermatu ahal izatea.

Hala ere, berme hori lortzeko dabil lanean EpaiBi, eta lan hori guztia bere fruituak ematen hasia da; pausoz pauso eta oztopoz oztopo, euskara ari da Justiziaren eremu askotara zabaltzen.

Gero eta gehiago dira, esaterako, euskaraz sartzen diren demandak, eta gehiago dira, halaber, epaitegietako itzulpen eta kontsulta terminologikoak ere. Epaiak ere egin izan dira euskara hutsean: guztira, hiru. Epaitegietako dokumentazioari dagokionez, lau bat milioi eredu euskaraz ateratzen da.

2016ko erronka nagusia, bestalde, Euskara Emaileen Komunitatea sendotzea izan zen, eta ondo jardun dute, arlo juridikoko eragile euskaldunen sareak 530 euskara emailetik gora baititu.

Mugikorretarako aplikazioa

Baina sustatzaileek komunitate hori sendotzen jarraitu nahi zuten, eta, hizkuntza baliabideak gailu mugikorretan izateko aukera ere eman nahi zuten. Hala, Auzia Euskaraz App-a sortu zuten, batez ere abokatu, prokuradore eta notario euskaldunentzat eta Zuzenbideko ikasle zein irakasleentzat. Dena den, euskara juridikoan interesa dutenek edota auzi bat euskaraz abiatu nahi duen orok dauka eskuragarri gailu mugikorretarako aplikazio hori.

Hizkuntza juridikoarekin lotutako zalantzak argitzeko baliabideak eta tresnak eman nahi ditu EpaiBik, eta, horrela, hizkuntza-kalitatea bermatu. Hala, estatuko legeak, eredu judizialak, hiztegi juridikoak, glosarioak, abokatuen inprimakiak eta beste hainbat eskura daitezke aplikazioaren bitartez; guztira, 400.000 itzulpen juridiko baino gehiago.

Halaber, aplikazioak “modu erraz eta intuitiboan, aukera ematen die erabiltzaileei Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako abokatu eta prokuradore euskaldunen aurkibidea kontsultatzeko”.

Orain arteko lanarekin pozik, bideari eutsita jarraituko du EpaiBik, “oraindik ere bide luzea dagoelako”. Bitartean, herritarrak gonbidatuko dituzte, bai aplikazioa erabiltzera, baita epaitegietan euskara erabiltzera ere.