Erasoak eraso, lanean segituko duela ohartarazi du Kaskagorrik

Erasoak eraso, lanean segituko duela ohartarazi du Kaskagorrik

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ia zortzi urteren ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak berriro abiatu du Kaskagorri konpartsako sei kideren aurka 2009koAste Nagusian abiatu zuen auzia. Txosnan presoen argazkiak izateagatik “terrorismoa goratu” izana egotzita inputatu zituzten orduan. Gerora, akusazioak aurrera egiteko nahikoa oinarri ez zegoela eta, artxibatu egin zuten salaketa. Egitateak pertsona zehatzei egozteko zantzurik ez zegoela adierazi zuen orduan Ismael Moreno epaileak. Orain, ordea, Auzitegi Nazionalak martxan jarri du, berriz, auzibidea, Dignidad y Justicia elkarteko presidente Daniel Porteroren eskaera aintzat hartuta.

2009ko abuztuan du jatorria orain berpiztu duten auziak. Rodolfo Ares buru zuen Herrizaingo Sailak “inpunitaterako gunerik” ez zela izango errepikatu zuen garai hartan behin eta berriz, eta presoen argazkiak hartu zituen jomuga. Hainbat taberna, elkarte eta jaigunetara bidali zituen ertzainak presoen argazkiak kentzera, irudi horiekin “terrorismoa goratu” eta “biktimak umiliatu” egiten zirela argudiatuta. Dozenaka herritar identifikatu eta auzipetu zituzten hala.

Ingurumari horretan sartu zen Ertzaintza Bilboko Aste Nagusiko jai eremuan ere, 2009. urteko abuztuan. Txori Barrote eta Kaskagorriren txosnetan sartu, eta presoei erreferentzia egiten zieten argazki eta irudiak eraman zituzten. Pankartak ere kendu zituzten ingurutik. Txosnetan lanean zebiltzan lagunak identifikatu, eta eurak egin zituzten argazkiak izatearen erantzule. Pertsona horiek argazkiak kentzeari uko egin ziotela idatzi zuen Ertzaintzak Espainiako Auzitegi Nazionalera bidalitako txostenean, eta hori hartu zuen auzitegiak konpartsakideak inputatzeko oinarritzat.

Txori Barroteko kideen aurkako auzia epaiketara iritsi zen. Bilboko presoen senide eta lagunek osatzen duten konpartsako lau kide 2010eko irailean epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean, “terrorismoa goratu edo justifikatzea” egotzita. 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak bakoitzarentzat.

Txori Barroteren aurrekaria

Urte bereko urrian kaleratutako epaian, absolbitu egin zituzten Txori Barroteko akusatuak. Presoen argazkiak jartzea ez dela delitua ebatzi zuen auzitegiak; irudiak erakusteak ez duela esan nahi “terrorismoa goratu” edo ETAren biktimak umiliatzeko asmoa dagoenik. Presoen eskubideak defendatzeko modua izan daitekeela arrazoitu zuten epaileek. Mugarria izan zen Txori Barroteren aurkako auzian kaleratutako absoluzio epai hura. Presoen argazkiak erakustea egotzita egin ziren hainbat epaiketatan erabili zen, absoluzioak agintzeko.

Kaskagorriren aurkako auzian ere, 19 pertsonaren aurka egin zuen, hasieran, Auzitegi Nazionalak. Daniel Porteroren eskariz, guztiak inputatu zituen auzitegiak, baina, gerora, auzia artxibatu egin zuen, delitu zantzurik ez zegoela argudiatuta.

Orain, sei konpartsakideren aurkako auzia berriz zabaltzea erabaki du Auzitegi Nazionalak. Oraingoan ere, Dignidad y Justicia elkarteko presidentearen eskaerari bide eginda. Ertzaintzak 2009an Auzitegi Nazionalera bidalitako txostenaren arabera, Kaskagorriren txosnatik argazkiak kendu zituztenean txosnan zeuden pertsonak dira akusatuak: Xabat Moran, Joana Kastresana, Irati Sienra, Ane Muguruza, Gaizka Astorkizaga eta Irati Quetzal. Azken hori, Kaskagorri kudeatzen duen Adaska Gazte Kultur Elkarteko idazkari izateagatik inputatu zuten.

Gertakari haietatik ia zortzi urte igaro direnean, sorpresaz hartu du albistea Bilboko gazte mugimenduaren konpartsak. BIZKAIKO HITZA-ri azaldu dionez, hedabideen bidez jakin dute konpartsako kideen aurkako auzia berriz zabaldu dutela, eta ez du ulertzen zergatia. “Kaskagorriko konpartsakide diren presoen sakabanaketa salatzen dugu urtero, eta hori zilegi da”, adierazi du konpartsako kide batek.

“Ez du ibilbiderik”

Gainera, taldea seguru dago auziak ez duela bide luzerik egingo. Auzi beragatik epaitu zituzten Txori Barrote konpartsako kideak errugabetzat jo zituztela gogoratu du. Kaskagorriren aurkakoan ere, hasieran pertsona gehiago inputatu zituztela, eta horien aurkako akusazioak ere ezabatu egin zituztela. “Auzi honek ez du ibilbiderik, eta ez dugu ulertzen zergatik abiatu duten orain berriro; ez dugu obsesio hori ulertzen”.

Kaskagorri gazte mugimenduaren konpartsa izanik eta, auzia abiatu zenetik horrenbeste denbora igarota, jada konpartsatik kanpo daude akusatu gehienak; bik besterik ez dute jarraitzen Kaskagorrin.

Edozein kasutan, Kaskagorrik jai giroan lan egiten duela ohartarazi, eta horretan jarraituko duela ziurtatu du konpartsak. Dei horixe egin die kideei; euren lanean jarraitzekoa. Orain, inauterietarako prestaketetan murgilduta daudela eta, lan horretan segitzeko eskatu die: “Erasoak eraso, gu gurera. Jai dute gurekin”.