“Toponimiaren zati bat joanda, bizimoduaren zati bat joaten da”

“Toponimiaren zati bat joanda, bizimoduaren zati bat joaten da”

Natalia Salazar Orbe

Sestaoko toponimia liburua argitaratu du Jorge Tejedor filologoak (Sestao, 1959) Euskaltzaindiaren Izenak bildumaren barruan. Industrializazio garaia baino lehen landa bizitza nagusi zen herri horretan zeuden euskarazko izenak jaso ditu, bereziki; eta agerian utzi du industrializazioa iritsi baino lehen han herri bat bazegoela.

Zer dela-eta sortu zen toponimia lan hau egiteko beharra?

Batetik, beharra, Sestaori buruz era horretako ikerketarik ez zegoelako. Bestetik, historian murgiltzea izan da asmoa. Euskararen arrastoak bilatu nahi nituen Sestaori buruzko dokumentazioan.

Euskarazko toponimo asko aurkitu dituzu?

Bai, askotxo. Horrek esan gura du herritarrek toponimia izenak euren hizkuntzan jartzen zituztela. Hala ere, ni ez naiz ausartzen esaten noiz eta nola erabiltzen zen euskara, edo noiz arte.

Aurretik zenituen iritzi edo usteetatik zer berretsi duzu, eta zer ezusteko hartu duzu?

Sestaoar askok uste dute herria industrializazioarekin sortu zela. Lehenago ere historia bazegoela berretsi dut; eta industrializaziotik hona beste Sestao bat dagoela. Herria erabat aldatu zen 1870etik aurrera. Urte hartan, 400 biztanle zituen. Zazpi urte geroago, 4.400 ziren. Hor mugarri bat dago: herriaren historia bitan banatzen da. Alde batetik, landa bizimoduko Sestao zegoen. Eta, 1870eko hamarkadatik aurrera, Sestao industriala.

Aurkitu dituzun euskarazko izen horiek galdu egin dira, edo erabiltzen dira oraindik?

Gehien-gehienak galduta daude. Eta, baten bat geratzen bada, desitxuraturik dago. Esaterako, Ondezaga da Sestaoko toponimia izen zaharrenetariko bat. Eta gaur egun Ondejeda da. Euskaraz zein gazteleraz desagertuta daude Arana, Aranaga, Borreaga eta El Callejo, besteak beste.

Toponimiaren aldetik, industrializazioak zer ekarri zuen Sestaora?

Toponimo zahar asko desagertzea eta berriak sortzea. Asko desagertu egin ziren. 1936ko gerra garaira arte iraun zuten. Dokumentazioan, behintzat, garai hartan agertzen dira azken aldiz. Bestalde, industriarekin zerikusia zuten hainbat toponimo sortu ziren. Esaterako: San Francisco, Aurrera, Escarabilla… Enpresekin batera, auzoak sortu ziren.

Beraz, auzoek enpresen izenak hartu zituzten?

Bai. San Francisco, Aurrera eta La Bizkaia, adibidez, enpresa izenak ziren. XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hasiera artean, denak izan ziren Sestaoko auzoak edo biztanleria gune inportanteak.

Toponimia ez ezik, herriaren historia osatzeko tresna ere bada lana. Zer diote herriari buruz izen horiek?

Honek berresten du Sestao Bizkaiko herrixka bat zela; landa bizimodua zeukala, eta itsasotik, nekazaritzatik eta meatzeetatik ateratzen zuten bizimodu tradizionala egon zela.

Zeri lotuta zeuden landa bizitzako garai hartako toponimia izenak?

Toponimia txikian, hainbat soro izen agertzen dira: oinetxeak, dorretxeak… Eta naturak eskaintzen dituen elementuekin eta gizakiak egindako eraikuntza lanekin lotutako asko ere badaude: errotak, bideak, ubideak, meatzeak… Denetarik. Baita baserri izen asko ere: Urquijo, Arteaga… Jauregi edo Intzarraga izenak ere bai. Asko dira. Guztira ia 400 jaso ditut.

Lana egiteko, dokumentazio ikerketaz gain, herritarren ekarpenak ere jaso dituzu?

Elkarrizketa batzuk egin ditut, baina, batez ere, artxiboetatik atera ditut datuak.

Herritarrek zer-nolako informazioa eman dizute?

Baliagarria izan da datuak zehazteko. Esaterako, Callejon de la Bomba [Bonbaren kalezuloa] zeri esaten zitzaion zehaztu ahal izan dut: batzuek esaten zuten gerra garaian bonba bat erori zela han, eta horregatik zuela izen hori; baina jakinarazi didate han bonba hidrauliko bat zegoelako jarri ziotela.

Izen asko galduta, Sestaok bere historia galtzeko arriskua ere bazegoen?

Toponimiaren zati bat joanda, bizimoduaren zati bat joaten da. Eta bizimodu bat hil eta beste bat sortzean, bizimodu berriarekin lotutako izenak asmatzen ditu gizakiak, nahitaez. Sestaon desagertu ziren toponimoak bizimodu tradizionalari eta naturari lotutakoak ziren; berriak, aldiz, industriari. Galtzeko arriskurik zegoen? Nik lana egin nuen izen asko eta asko ezezagun egiten zitzaizkidalako, eta galduko zirelakoan.

Liburua zelan dago antolatuta?

Hiztegi moduan; ordena alfabetikoan jarrita daude izenak. Sarrera bakoitzari, ahal izan dudan guztietan, kokapena eta historia labur bat gehitu dizkiot. Urbinaga da adibide bat: industrializazioa iritsi arte nekazari auzoa zen; garai hartan, herri osoan ez zeuden 400 biztanle, eta eremu hartan 100 pasatxo izango ziren, baina, urte gutxian, milatik gora bilakatu ziren. Sestao astindu zuen aldaketaren erakuslea da. Cueto eta Albizen gisako antzinako auzoek herriko zabalgune bihurtzeko prozesua hasi zuten industrializazioarekin. Etxez bete ziren: landa auzo izateari utzi, eta industria auzo bihurtu ziren.

Izen zaharrak eta berriak, biak jaso dituzu?

Bai, baina, bereziki, zaharrak. Lehen toponimoa Sestao bera da: 1322. urtean agertzen da Portugaleteko fundazio agirian. 1936ko gerrara arteko ikerketa lana da. Orduz geroztik zeuden izenak ezagunak ziren. Aurrekoak azaleratzea zen asmoa.