“Hizkuntzak ez, beste aldagai batzuek ematen dizkigute zailtasunak”

“Hizkuntzak ez, beste aldagai batzuek ematen dizkigute zailtasunak”

Natalia Salazar Orbe

Euskaraz ez dakiten hainbat gurasok seme-alabak D ereduan matrikulatzeko kezka dutela ikusita, beldur horiek uxatzeko hitzaldiak ematen ditu Iñaki Eizmendik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973). Planteamendua hauxe da: Ez dakigu euskaraz. Nola lagun diezaiekegu gure seme-alabei? Derion eta Getxon izan da asteon.

Zer-nolako zalantzak sortzen dizkiete guraso erdaldunei umeak D ereduan matrikulatzeak?

Etxeko lanak egiteko orduan laguntzeko gai izango ez diren beldur dira. Zortzi urte inguru daramatzagu hitzaldiokin, eta gurasoek beldur berarekin jarraitzen dute. Hala ere, parte hartzen dutenen artean gehiago izaten dira haur hezkuntzako haurren gurasoak, lehen edo bigarren hezkuntzakoenak baino. Alegia, oraindik umeok ez dute etxeko lanik, baina gurasoak beldur dira. Bizpahiru urte pasa, eta haurrak etxeko lanekin hasten direnean, hitzaldietara ez da ia inor agertzen. Aurretik sortzen den kezka bat da.

Kezka horiek ba al dute oinarririk? Alegia, zailtasun ugari sortzen dizkie gurasoei egoera horrek?

Ez. Etxeko hizkuntzak ez dauka horrenbesteko eraginik ikasteko prozesuan, ez da horren garrantzitsua ikasketak ondo eramateko. Horren erakusle da familia erdaldunetako zenbat ikasle pasatu diren D eredutik azken 35 urteetan. Eta emaitzak onak dira. Hizkuntzak baino askoz eragin handiagoa dute maila sozioekonomikoak eta kulturalak: besteak beste, etxean irakurtzeko ohitura dagoen edota ikasketei garrantzia ematen zaien edo horien jarraipena egiten den.

Orduan, zergatik kezka hori?

Nahiz eta erabakigarria ez izan, guraso txarrak direla sentitzen dute, seme-alabei ez dietela laguntzen behar bezala. Frustrazioa sentitzen dute.

Dena den, gurasoek seme-alaben etxeko lanak ulertzen ez badituzte, laguntzeko zailtasunak izango dituzte.

Aldagai ugari daude. Hitzaldiak bi atal ditu. Lehenengoan, tresna zehatzen inguruan mintzatzen gara: zertan lagundu behar diete gurasoek? Umeek laguntza eskatzen dieten oro ez da ulertzen ez duten zerbaitengatik. Baliteke gai bati buruz hitz egin behar izatea eta ideiak falta izatea. Kasu horretan ez dago arazorik. Edo, gai bat ikasi behar badute ere, berdin. Arazoak izan ditzakete zerbait ulertzen ez dutenean eta lagundu nahi dietenean. Badaude tresna lagungarriak: itzultzaileak, esaterako. Baina egoera batzuetan ezingo diete lagundu. Lasai hartu behar dute: garrantzitsuena ez da seme-alabek beti eskolako lanak ondo egitea; ikasleek edukiak barneratzea da inportanteena.

Eta laguntzerik ez dutenean?

Orduan ondokoa esan behar diete: “Zuk zeuk egin, eraman eskolara, zuzendu, ekarri eta begiratuko dut”. Zalantzarik izanez gero, irakasleekin hitz egin dezakete. Gurasoek berretsi behar dute umea eduki hori barneratzen eta garatzen ari dela. Jarraipen hori eginda laguntzen ari zaizkio. Gainera, seme-alabak gero eta autonomoagoak izatea lortu behar da. Ikasteko ohitura batzuk barneratu behar dituzte, eta ikasketekin motibatuta egoten lagundu behar diegu. Eta, horretan, hizkuntzak ez du inporta. Zailtasun gehienak horretan aurkituko ditugu, gainera.

Seme-alabek etxeko lanak ondo eginda eramatea nahi dute guraso gehienek. Egokia al da jokabide hori?

Gizartea oso lehiakorra da. Eta badirudi denok nota onak atera behar ditugula. Egungo guraso gehienek ikasketak dituzte. Duela berrogei urte guraso askok ezin zieten lagundu seme-alabei, euskaraz jakin, zein jakin ez. Orain, gurasoei iruditzen zaie lagundu egin behar dietela. Hori ez da ona. Aditu askok ere esaten dute: horrenbeste lagundu nahi diegu, askotan kalte egiten diegu, ez baitiegu euren gaitasunak garatzen uzten. Gehiegi kontrolatzen ditugu, eta ez diegu uzten beharko luketen autonomia garatzen. Umeek ardurak hartzen ikasi behar dute, eta gurasook utzi egin behar diegu. Prozesu horretan arazoak sortzen dira: ez dutelako ikasi nahi, edo oso azkar egin nahi dituztelako lanak, edo gauza guztiak ez badituzte ondo egiten gaizki pasatzen dutelako… Kasuistika desberdina da, baina hizkuntzak ez dauka zerikusirik.

Zeintzuk tresna planteatzen dizkiezue gurasoei?

Adibideen bidez ikusten ditugu. Tresnak gaitasunekin lotuta daude. Seme-alabak etxeko lanak egiten ari diren unea gaitasun batzuk garatzeko balia dezakete gurasoek. Komunikatzeko gaitasuna, adibidez, edo ulermen gaitasuna. Ikas dezatela eskemak edo laburpenak egiten, gaiak eta ideiak ondo antolatzen. Baliteke ikasleak euskaraz zerbaiti buruz idazteko gurasoari laguntza eskatzea. Eta gurasoak jakin nahi du umea ideiak ondo antolatzeko gai den. Ikusten badute gaitasun hori garatzea kostatu egiten zaiola, lagun diezaiokete euren hizkuntzan. Ariketak plantea diezazkiekete euren hizkuntzan, eta, seme-alabak gazteleraz ideiak ondo antolatzen baditu, prozedura hori bera erabiliko du beste hizkuntzetan. Beraz, ez legoke arazorik. Ulermenari dagokionez, seme-alabek kontatu egin behar diete gurasoei zer etxeko lan duten, beraien hitzetan. Hala, gurasoek azalpenak eman diezazkiekete beraien hizkuntzan. Kontuan izan behar da, gainera, noiz arte lagundu ahalko diegun. Matematikari dagokionez, batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak egiten lagunduko diegu. Baina zer gertatuko da ekuazioekin hasten direnean? Eta berreketekin? Alegia, gero, hizkuntzak ez baizik beste aldagai batzuek ematen dizkigute zailtasunak. Beraz, zeintzuk tresna dauden azaltzen diegu, baina mugak badaudela jakinarazita. Hala ere, bereziki interesatu behar zaiena da umeek ikasteko ohiturak hartzea eta motibazioa lantzea.