Euskarazko sorkuntzaren leihoa

Euskarazko sorkuntzaren leihoa

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Argi dio Ander Lipus Artedrama antzerki laborategiko kideak: “Programatzen ez dena ez da ikusten, eta komunikatzen ez dena ez da iristen”. Euskarazko arte eszenikoen sorkuntza bultzatzeko lanetan buru-belarri ari da Artedrama antzerki laborategia; pixkanaka, euskarazko sorkuntzari leihoak irekitzen. Leioa da horren adibide. Seigarren urtez, Kultur Maratila programa egingo dute asteazkenean hasi eta bost egunez. Musika, antzerkia, literatura, dantza eta artea izango da eskura datozen egunetan. “Denak euskaratik sortutakoak”. Artedramak, Kultur Leioak eta Leioako Udalak elkarlanean antolatzen dute jaialdia.

Leioan dute egoitza fisikoa Artedramakoek, eta beren eguneroko jarduera plazaratzeko proposamena egin zuten han. “Iritsi ginenean, ez zen euskarazko sorkuntza askorik programatzen, eta jaialdi bat antolatzea proposatu genion Kultur Leioari. Diziplina ezberdinak aste kultural batean elkartu nahi genituen, eta gazteak diren sortzaileak edo horren sonatuak ez direnak jendaurrera ekarri”. Ideia hori ardatz hartuta sortu zuten Kultur Maratilaren zigilua. Eta horretan dabiltza duela sei urtetik. Egitasmoa abiatu zenetik hazi egin da jaialdia, Lipusen arabera. Eta haziak ere erein ditu Leioakoak. “Euskarazko sorkuntzak espazioa hartu du. Programatik aparte beste gauza asko egiten dira herrian urtean zehar. Pixkanaka, bertako artisten lanei bide ematen ari zaie”.

Diziplinen arteko fusioari garrantzia ematen diote Artedramakoek. Eta ildo horretan antolatu dute aurtengo Kultur Maratilaren egitaraua ere. Ekitaldien hasieratik bertatik, arte eszeniko ezberdinen nahasketak izango dira Leioan. Udane Juaristi margolariaren erakusketak emango dio hasiera, baina era berezi batean: “Amorante taldeak kontzertua eskainiko du margoen artean”. Amoranteren musika esperimentalaz gain, bestelako emanaldiak ere izango dira bost egunetan. Euskal musikako erreferente Ruper Ordorikak kontzertua joko du. Eta Unai Elorriaga idazleak eta Gibelurdinek musika taldeak prestatu duten Shane McGowanen gibela ere izango da ikusgai. “Folkaren inguruan sortu dute ikuskizuna. Musika eta literatura uztartzen ditu”.

Arte eszenikoak nahasita ageri dira Asier Zabaleta dantzariak gidatutako Hariak ikuskizunean ere. “Literaturak toki nabarmena du obran. Arkaitz Canoren hitzak daude etengabe, off-ean”. Leioan izango dira Zabaleta eta Cano, eta bien arteko elkarlanari buruz arituko dira. “Hariak emanaldiaren ondoren, sortzaile biak elkartu, eta solasalditxo bat egingo dugu haien sorkuntza prozesuaren inguruan. Aspaldian hainbat lan egin dute elkarrekin, eta esperientzia horretan jardungo gara, besteak beste”.

Ikusaraztea helburu

Gazteagoen edo horren ezagunak ez diren sortzaileen lanak ere izango dira Leioan ikusgai. Tartean, Atx Teatroak prestatutako Fakiu antzezlana. Fredi Paiak sortu du gidoia, eta bortizkeriari buruzko gogoetak agertzen ditu obrak. Beheko Larraine konpainia ere izango da Kultur Maratilan: Atte hil aurretik aurkeztuko dute Bizkaian, estreinakoz. Zubi proiektua irabazi zuen obra horrek.

Euskal Herriko hainbat antzoki eta kultur programatzailek sortu zuten Zubi egitasmoa, euskal sorkuntza bultzatzeko asmotan. “Hainbat herritan proiektu irabazlearen obraren emanaldiak egiteko konpromisoa hartzen genuen; baita sorkuntza proiektua diruz laguntzekoa ere”. Leioa da Zubi proiektuaren barruan dauden herrietako bat, eta, horregatik, egitasmoaren irabazleak leku finkoa du Kultur Maratilan. “Horrek ere egiten du jaialdia berezia izatea. Euskarazko sorkuntzan gauza asko dago; zorionez, gero eta gehiago. Horren isla izan nahi du Kultur Maratilak”.

Euskal sorkuntza ikusarazteko lan handia dago egiteko oraindik, Lipusen ustez, eta hezkuntzan jarri du arreta. “Hezkuntzari lotuta dago. Baina hezkuntza, bere osotasunean hartuta, eta ez eskolari lortutakoa bakarrik. Konturatu behar gara sortzaileak egon badaudela eta gauzak kontatu nahi dituztela bere lanekin. Horiei guztiei plazak eskaini behar zaizkie”. Tresnak sortzea ezinbestekoa da, Lipusen arabera. Lan horretan ari da Artedrama. “Gure proiektuak eskaintzetik harago, euskal sorkuntza ikusgarri egiten saiatzen gara. Aberastu egiten gaitu horrek, eta kultur munduan ari direnek elkar ezagut dezaten laguntzen du. Penak, pozak, tristurak… partekatzen ditugu. Euskal sorkuntzari leihoak irekitzen gabiltza”.