Errefuxiatuen milaka aurpegi

Errefuxiatuen milaka aurpegi

Aitziber Laskibar Lizarribar

Babes bila ihes egiten duten milaka pertsonaren bizipenak. Heriotzatik ihesi, heriotzaren beraren sokan ibiltzera daramatzaten bidaiak. Helmugara iritsi direla uste dutenean helmugarik ez dagoela konturatzeak dakarren hondamendia. Zauriak. Minak. Negarrak. Desesperazioa. Eta maitasuna. Elkartasuna. Bizi nahia. Laguntasuna. Gerretatik ihesi edonora jauzi egitea erabaki dutenena, eta euren herrietara premia larrian dauden dozenaka pertsona etengabe iristen direla ikusten dutenena. Milaka aurpegi ditu emigrazioak. Milaka muturreko egoera. Egun mundu mailan dagoen errealitaterik gordinenetakoa izanik, asko dira hori erakusteko premia ikusi dutenak. Besteak beste, zinemagileak. Errefuxiatuei buruz egin diren film eta dokumentalen sailkapen bat egin, eta zine zikloa egiten ari da Bilbo Arte espazioa. Astelehenero egiten ditu emanaldiak, doan, Bilboko Urazurrutia kaleko 32. zenbakian duen aretoan.

Bilbo Arte fundazioak eta Institute Françaisek elkarlanean antolatutako egitasmoa da errefuxiatuei eta emigrazioari buruzko zine zikloa. Hilaren 16an hasi zen, eta martxoaren 20ra arte iraungo du. Oraingoz. Izan ere, izaten ari den arrakasta dela eta, filmen emanaldiak amaitu ondoren eztabaidarako jardunaldiak antolatzeko aukera mahai gainean du Bilbo Arte fundazioak. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearen laguntzarekin, hausnarketarako tartea emateko aukera aztertzen ari da. “Oraindik, erabaki gabe dago hori”, dio Alicia Prieto Bilbo Arteko komunikazio arduradunak; “aztertu behar ditugu aukerak, eta ikusiko dugu jarraipena emango diogun edo ez”. Baina eskaria egon badagoela argi dute fundazioko kideek.

Zikloaren hasiera-hasieratik izan da arrakastatsua egitasmoa. Hori ikusirik, asteleheneroko saioetan bi emanaldi egiteari ekin diote. 17:00etan izaten da lehen emanaldia, eta 19:00etan, bigarrena. Eta erantzuna goraka doa. Aste honetako lehen emanaldian, esaterako, erabat bete da zine aretoa. “Ez dut uste inoiz halakorik gertatu denik Bilbo Arten”.

Martxoaren 20ra arte astelehenero doan emango diren pelikula eta dokumentalak jatorrizko hizkuntzan proiektatuko dituzte, gaztelerarako itzulpena azpidatzietan jarrita. Hamar film emango ditu datozen zortzi asteetan:

USTEKABEAN, BORROKAN

Lasai bizi den idazle bohemiar baten bizitzan errefuxiatu bat sartzeak bere bizi osoa ustekabean nola irauliko dion erakusten du Aki Kaurismakiren Le Havre filmak. 93 minutuko komedia dramatikoak, borondatez erbesteratu den Marcel Marx idazle famatuan jartzen du begia. Frantziako Le Havre hiriko portuan ezarri, eta pozik bizi da zapata-garbitzaile gisa, jendearengandik hurbil. Ertzik eta ustekaberik gabeko bizimoduan, lana, taberna bat eta emaztea ditu eguneroko oinarri. Baina, bat-batean, ume immigrante beltz bat agertuko zaio bidean, eta horrek goitik behera aldatuko dio bizimodua.

Estatuak errefuxiatuen aurka egiteko dituen mekanismo gogorren aurkako borrokan murgilduko da idazlea. Baikortasunez, eta auzokoen baldintzarik gabeko elkartasun laguntzarekin. Helburu argia izango dute guztiek: lagun egin duten haurra ez dadila jaus polizien eskuetan.

Datorren astelehenean izango da ikusgai Le Havre komedia dramatikoa.

GAZTETASUNA, INTEGRAZIOA

Gainontzekoetatik desberdina den ikasgela bat dago Parisko 10. Arrondissementeko Grange-aux -Belles institutuan. Harrera gela esaten diote. Irlandatik, Serbiatik, Tunisiatik, Txinatik zein Senegaldik Frantziara ikasketak egitera eta frantsesa ikastera heldu berri diren 24 haur eta gaztetxo batzen ditu ikasgela horrek. 11 eta 15 urte arteko horien egonaldiak grabatu ditu Julie Bertuccellik, eta, ehun orduko lana oinarri hartuta, dokumentala egin du. Nerabe horien harremanak, gatazkak eta pozak ikusarazten ditu.

Gaztaroaren eta integrazioaren inguruan zabalduta dauden ideiak zalantzan jarriko ditu filmak, beren bizitza aldatzeko nahia duten nerabeen inozentzia, indarra eta kontraesanak azalarazita.

Otsailaren 6an izango da 89 minutuko La cour de Babel dokumentala.

MEDIKUNTZA GABEZIAK

Utzia dirudi Frantziako Avicena ospitaleak. Hango gela ilun batean batzen dira gaixotasunek harrapatutako pertsonak, bidaia gogorrek azala arrastoz eta zauriz beteta utzi dienak. Erbesterako bidaiaren ondoren ere sufritzera kondenatuak dauden lagunak batzen dira.

La permanence dokumentalak horien errealitate gordinak erakutsiko ditu. Ospitalera itzultzen direnak zutik irauteko gai ez direnak izango dira; hondoa jo izanari aurre egiteko modurik aurkitu ez dutenak eta etsipenak gaina hartu dienak. Galdera uzten du filmak: Nola lagundu lur jota, goseak harrapatuta eta erabat traumatizatuta dauden pertsonak, hutsalak diren medikuntza baliabide eskasekin?

Otsailaren 13an izango da 96 minutuko La permanence dokumentala.

ERREALITATEAREN TENTSIOA

Caroline gazte oldartsu eta suminkor bat da. Collete, zaharragoa, ulerkorra eta antolaketarik gabea. Frantziar jatorriko herritar horiek gero eta gehiago ikusten dituzte euren herrira babes bila ihes egindako pertsonak: Sri Lankako, Mongoliako, Eritreako eta munduko beste leku askotako familia osoak.

Egunetik egunera errefuxiatu gehiago heltzen dira; pasaportearekin edo pasaporte barik, maletekin edo maleta barik, hegazkinean edo olanaz estalitako kamioietan. Egunero ikusten dute gehiegizko premia eta miseria bi neskek. Nola egin aurre horri?

Herritar guztien jarrerak, ordea, ez dira berberak, eta tentsioa sortuko da hainbatetan, euren pribilegio estatusari eutsi nahi diotenen arteko eztabaidetan. Dokumentalak tentsio hori erakusten du, baina barregarria ere bada batzuetan, eta hunkigarria besteetan.

Otsailaren 27an izango da Les arrivants dokumentala.

ISTORIO ASKOREN BATURA

Euren herrietako guda eta muturreko errepresio egoerak zirela-eta aberria utzi behar izan zuten eta errefuxiatu etxe batean bizi diren haurrei pelikula bat egitea eskaini ondoren, horiek proposatutakoetatik sortutako emaitza da Invente-moi un pays dokumentala. 8 eta 12 urte arteko ume horiek, euren artean adostu zuten zeren inguruan egin filma: herritik ihes egin behar izan zuen eta urruti bizi den ume baten istorioa kontatzea. Bidaia luze eta zail baten ondoren, Frantziara helduko da ume hori, eta bizi berri bat hastea izango du erronka nagusia. Fikziozkoa da filma, baina gaia erabaki zuten haur haiek bizi izan dutenaren ondorio garbia.

Martxoaren 6an izango da ordubeteko Invente-moi un pays dokumentala.

ADINA, GAKOA

Frantzian, paperik gabe bizi den Kongoko gazte bat da Aisa. Adingabea dela dio, baina agintariek zalantzan jartzen dute haren hitza, eta, Frantzian gera daitekeen erabakitzeko, mediku azterketa sakon bat egitera behartuko dute. Adingabea bada, Frantzian bizi ahalko da; bestela, ez.

Martxoaren 6an emango dute 8 minutuko Aisa film laburra.

PATERAN, HIL EDO BIZI

Dakarko mutil batek pateran egin zuen bidaia kontatzen die bi laguni. Itsasoa igarotzea obsesio nola bihurtzen zaion erakutsiko du, malenkoniazko hitzekin. Beti bidaian dauden gazteen istorioa da; iraganetik etorkizunerakoa, bizitzaren eta heriotzaren arteko hari mehean igarotzen dena, historiaren eta mitoaren arteko bidaia.

Martxoaren 6an emango dute 16 minutuko Atlantiques film laburra.

TANGER HELBURU

Schengen Taldean biltzen diren lurraldeek Magrebeko herriei bisen sistema ezartzea erabaki zuen 1991n. Besteak beste, Marokoko, Senegalgo, Maliko eta Mauritaniako ehunka herritar ihesera eta irregularki bizitzera eraman ditu horrek. Tangerrera heltzea helburu duten emigrante klandestinoak dira. Egoera horiek jasotzen ditu ia ordubeteko filmak.

Martxoaren 13an emango dute Tanger, le rêve des bruleurs, 53 minutuko dokumentala.

ZAKUAK BETE ISTORIO

Uda oro, asko dira Frantzia eta Aljeria bitarteko itsasoa igarotzen dutenak; Aljeriatik Marsellarakoa. Mota askotako paketez beteta egiten dute bidaia, kapota batekin estalitako zaku multzoekin. Poltsa eta historiaz betetako zakuak dira bizkar gainean daramatzatenak. Eta, bidaian, itsasoan daudenean, ez daude ez Frantzian ez Aljerian.

Martxoaren 13an emango dute La traversée, 55 minutuko dokumentala.

IRUDIEN JARIO ZORROTZA

Ahots, barre eta amorruzko pasarteak. Hitz eta oroimen zatiak. Haizearen txistua, iluntzeko eguzkia. Odolaren isla, poliziaren sarekada bortitzak eta militarren desfileak. Legez kanpokotzat jotzen diren pertsona immigranteek jasotzen duten indarkeria erretratatzen du Sylvain George zuzendariak collage inpresionista modura egindako dokumentalean. Sistema kolonial baterako itzuleraz ohartarazten du irudi gogorrekin jositako filmak, eta mundua ulertzeko modua gaitzesten du. Qu’ils reposent en révolte lanean erabili ez zituen materialekin osatu du filma.

Martxoaren 20an emango dute Les eclats, 84 minutuko dokumental inpresionista.