Akatsa

Nerea Ibarzabal

Gogoan dut umetan bi gauzak beldurtzen nindutela: heriotzak eta akatsek, huts egiteak —heriotza ere bizitzaren akats gisa uler daitekeelako, agian-. Nahiago nuen eskurik altxatu ez eta irakasleari erantzun gabe geratu, okerreko erantzuna eman eta hanka sartzea baino.

Edozein alaba bakar ilehoritxo batengan pausatutako espektatiben pisuaren ondorioz agian, beti iruditzen zitzaidan nire gurasoak eta familia osoa izango nituela bazter batetik begira, zerbait gaizki eginez gero desilusio aurpegiz begiratzeko. Noski, horrelako haurtzaro autosuntsitzaile batek denei uzten die toke bat, gutxienez.

Milaka akats egin ditut ordutik, eta, bai, badakit akatsek badutela ikaskuntzatik, badutela poetikotik eta umoretik. Baina, ez dakit, ba, oraindik alergiatxo horrek irauten dit, eta, batzuetan, berdin dit gutxixeago ikasita ere.

Esango dute penizilina ere akats baten ondorio izan zela, eta baita koñaka, eta mikrouhin labea, eta post-it-ak —etorkizuneko zu-aren akatsak ohar bidez saihesteko-. Baina zenbat hondamendi handi eragin dituzten hutsegiteek! Lehertzen dira zentral nuklearrak, deskarrilatzen dira trenak, erortzen dira hegazkinak, eta estaltzen dira galipotez itsasoak, akatsen ondorioz —errore humano hain lasaigarri eta komenigarriak hainbat enpresa, estatu eta poliziarentzat-. Ezin da jakin noiz sendatuko zaituen akatsak, eta noiz hil.

Eta uste nuen denok antzeko iritzia geneukala honen inguruan, disimulatu arren, gertuago gaudela beti gauzak behar bezala egitetik, akatsekin gozatzetik baino. Baina, a zer sorpresa, ikasgelan inoiz hankarik sartu nahi ez zuen neskato ipurterreak bertsolari izatea erabaki zuen behin, eta, txoke terapia gisa-edo, Bizkaiko finalean 4.000 pertsonaren aurrean —telebistako ikusleak auskalo- bertso baten azken puntuan trabatu zen. Ai!

Eta horrekin bere burua eternoki torturatuko zuen ziurtasunez oholtzatik jaitsitakoan, jendeak gehiago zoriondu zuen egindako akatsagatik, beste guztiagatik baino. Bertsolariak ez direla perfektuak erakusteagatik eman zizkion eskerrak batek, barre egiteagatik beste batek… Txernobyletik penizilinarako saltoa, bat-batean. Eta eskertu zuen.

Hala ere, ez dut esango ume ilehoriari ez zionik minik eman trabatzeak, eta ez zuenik tristatu bere familiakoak bazter batetik begira imajinatzeak —oraingoan benetan-, eta ez dakienik zoriondu duten horiek ez luketela inolaz bere lekuan egoterik nahi lapsus une hartan.

Eta badakien arren berriz ere trabatuko dela bertso batean, ez du berriro trabatu nahi.

Akatsa egiten den momentuan barre egiteaz gain, etxerako bidean, eta gauean, eta biharamunean barrezka jarraitutakoan gainditzen dira umetako beldurrak, eta oraindik apur-apur bat falta zaigu.