Oroimena ikastetxearen atarira

Oroimena ikastetxearen atarira

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Zortzi hamarkada beteko dira aurten Francoren aldeko tropek Bilbo hartu eta ia 40 urtez indarrean izan zen diktadura ezarri zutela. Agintari frankistek hiriburuko kale izendegian egindako aldaketak aztertzen ari da Bilboko Udala, eta, Oroimen Historikoaren Legeari tiraka, frankismoari gorazarre egiten diotenak aldatzeko saioak egin ditu azken urtean. Gaia korapilatu zaio udalari, ordea. Irala auzoko Errege Katolikoen kaleari izena aldatzeko eskatu dute EH Bildu, Udal Berri eta Goazen alderdiek; PPk, bere aldetik, Zumalakarregi, Sabino Arana eta Dolores Ibarruri kaleak hiriburuko izendegitik kentzeko eskatu zuen; baina auziak sortutako zalapartagatik, atzera bota zuten eskaera. Edonola ere, datorren osteguneko osoko bilkuran eztabaidatuko dute gaiari buruz. Erakundeetatik harago doa kale izendegiaren auzia, ordea. Adibidez, diktadura betean Felix Serrano izendatu zuten Indautxuko ikastetxea, eta hari izena aldatzeko eskatu dute hainbat herritarrek Eskola Kontseiluan.

Itzal luzea utzi du frankismoak Bizkaiko hiri eta herrien paisaia linguistikoan zein arkitekturan. Francoren erregimenak 1938ko urrian kaleratu zuen 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra baino lehenagoko ikastetxeen izenak berrikusteko agindua. Helburu argia zuen dekretuak: “Espainiako nazioaren mugimenduarekin” bat zetorren izendegia ezartzea. Urte berean, urrezko domina eman zion Bilboko alkate zen Felix Lekerikak Felix Serranori, haren “bertute aberkoi bezain erlijiosotsuak eta irakastekoak” nabarmenduz. Irakaslea eta pedagogoa izan zen Felix Serrano. Burgosen jaio zen, 1866an, eta 1904an jo zuen Bizkaiko hiriburura. Iturribide kaleko ikastetxean jardun zuen irakasle gisa; eta zuzendari ere aritu zen Berastegiko ikastetxean gero —gaur egungo Justizia Jauregian zegoen Berastegiko eskola—.

Korapilatsua da Indautxuko ikastetxearen izen aldaketaren afera. 1918an ireki zuten Indautxuko Ikastetxea. Handik gutxira, errepublika garaian, Luis Eleizalde euskaltzainaren izena jarri zion udal gobernuak. Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen Eleizalde, eta Bilboko hainbat eskolatan euskara bultzatzeko saioak ere egin zituen; tartean, Indautxukoan. 1923an hil zen, eta, euskararen alde Indautxuko ikastetxean egindako lana omentzeko, bere izena jarri zion eskolari orduko alkate Ernesto Erkorekak, 1933an.

Izenen korapiloan

Francoren aldeko armada Bizkaiko hiriburuan sartu ondoren aldatu zitzaion ikastetxeari izena, berriz. Jose Maria Areilza Bilboko lehen alkate frankistak agintea hartu eta gutxira agindu zuen “Fronte Popularrak edota separatistek” Bilbon ezarritako izendegia bertan behera uzteko. Luis Eleizalde Ikastetxea zena, orduan, Indautxu Ikastetxea bihurtu zen horregatik. Baina ez zen hori izan zentroan egin zuten aldaketa bakarra. Izenarekin batera izana ere aldatu zioten eskolari, eta gainontzeko herri eta hiriburuek ezagututako garbiketak jasan zituzten Bilboko ikastetxeetako irakasle eta langileek ere. Indautxun, Angela Cristobal Reinondo, Florencio de la Vefa Quintanilla, Antonio Casaus Ledesma, Jose Luis Iturriaga Goiarrola eta Juana Elorza Azpeitia irakasleak kaleratu zituzten. Eta Generalisimo Franco izena ere jarri zioten ikastetxeari handik gutxira.

Nolanahi ere, ez zuen luzaroan iraun Generalisimo Franco izenarekin, aldaketa izan baitzuen berriz. Serranoren semeak Indautxuko eskolari haren aitaren izena jartzeko iradoki zuen udalean, 1956an. Proposamenarekin bat egin zuen udalbatzak, eta Hezkuntza Ministerioak ere onartu zuen eskaera 1961ean. Ordutik, haren izena darama Indautxuko Ikastetxeak. Herritar askok ez dute ezagutzen Felix Serranoren izenaren atzean dagoen historia. Eta gaia ezagutarazteko urratsak egin dituzte azken hilabeteetan horregatik. 1918an eskolak ateak ireki zituenean zuen izen bera berreskuratu nahi dute auzoko hainbat kidek: Indautxuko Ikastetxea. Eta eskaera ere egin dute zentroko Eskola Kontseiluan.