Jarduera batzuk

Familientzako tailerrak

‘Zer egingo zenuke zuk orain 100 urteko fabrika batean?’. La Encartada fabrikan murgiltzeko tailerra egingo dute domekan. 1892ra salto egin, garai hartako arropak jantzi, eta bisitari bakoitzaren adinaren eta sexuaren arabera, orduan izango lituzketen eginbeharretan jarriko dituzte bisitariak: makinetan, ugazaba moduan, zein txikiak direnak, gurasoei bazkaria eramaten. Otsailaren 12an ere egingo dute.

‘Ehundegi txikiak’. Etxeko txikienek ehungintza teknika batzuk ezagutu eta lantzeko tailerrak egingo dituzte, otsailaren 5ean eta 12an. Ehundegiek zelan funtzionatzen duten eta ehuntzeko zeintzuk teknika dauden azalduta, ikasitakoa praktikan jarriko dute. Esku ehundegiak baliatuta egindako lanak etxera eramango dituzte gero. Familian egiteko era horretako tailerren prezioa 3 eurokoa da.

Antzezlana

‘La Encartada 1918an’. La Encartadan XX. mendean izaten ziren gizarte eta lan egoeren antzezpena egingo dute martxoaren 5ean. Balmasedako 30 herritar boluntariok parte hartuko dute ikuskizunean. Museoak antzezlan hori prestatu eta eskaintzen duen hamargarren aldia izango da.

Bisita gidatu tematikoa

Emakumeen baldintzak. Emakumeek La Encartada bezalako lantegietan izaten zituzten gizarte eta lan baldintzak ezagutzeko bisita gidatu tematikoa egingo dute martxoaren 8an. Emakumeek zeintzuk lan egiten zituzten ikusi ahalko da, besteak beste, bertan. Hezetasun handia zegoen inguruan lanean ari zen emakume baten historia kontatuko dute. Andreentzako oso kaltegarria den inguru batean aritu behar zuen: batan zeritzen makinetan. Ur beroa eta xaboia erabilita, kolpeak ematen zizkieten txapelei bertan, ehunak txikitzeko. Gernu aparatuko infekzioak sorrarazten zizkion eremu horrek. Asko sufritu zuen behar horretan, eta, azkenean, enpresatik alde egin behar izan zuen. Era horretako hainbat gertakari ezagutu ahalko dira bisita horretan.

Ikastetxeentzako programa

‘Berdintasunean hezi’. DBHko ikasleei begira antolatutako eskola programa da. Fabrika bisitatzen duten bitartean, 1900. urteko emakume batek eta 2000.eko beste batek laneko bizipenak eta esperientzia soziologikoak azalduko dizkiete. Gero, eztabaida egingo dute ikasleek, taldeka.