“Ez gaitezen atera halako eztabaida batetik sartu garen baino erosoago”

“Ez gaitezen atera halako eztabaida batetik sartu garen baino erosoago”

A. L. L.

Feminismoaren alorrean aurrerapenak egin diren arren, askotan, maskulinitate berrien atzean «errugabetasun putzura» salto egiteko nahia ikusi du Jokin Azpiazu soziologoak. Moduez gain, erroak aldatu behar direla ohartarazi du.

Gizontasun berrien eremua du aztergai Azpiazuk (Ermua, 1981), gizonak feminismoaren alorrean egin beharrekoa egiten ari ote diren. Erosotasun eta justifikazio gehiegi ikusten du, bere burua feministatzat dutenen artean ere.

Konferentzia iragartzeko kartelek diote gizontasun ereduak dantzan jarriko dituzula.

Segur aski alderantziz da; gizontasun ereduek dantzan jarri nautela ni. Badira urte batzuk ari naizela gizontasunaren inguruan hausnarketak egiten, eta azken garaietan bereziki interesatzen nauen gaia da gizonok feminismoarekin dugun harremana; zergatik gertatzen diren erresistentziak eta zein harreman daukagun feminismoarekin.

Zein erresistentzia nabarmenduko zenituzke?

Erresistentzia bat aipatzekotan, aipatuko nuke gizonok eduki dugula feminismoa sinplifikatzeko joera. Sinplifikatze horrek eraman gaitu pentsatu nahi izatera ulertu ahal genuela feminismoaren kontua egun batetik bestera, hiru liburu irakurrita edo bi elkarrizketa izanda, eta gure feminista agiria emango zigutela berehala; teorikoa egin, eta praktikotik pasatu gabe, ia-ia. Eta azken hamarkadetako jardun feministak zerbait adierazten badu, genero politiken konplexutasuna adierazten du. Bereziki gizonen kasuan, gure pribilegio posiziotik hitz egin eta gai honen aurrean jarrera ez-konplexu bat hartu ahal dugula pentsatzea inozentea da. Pentsatu behar dugu tokatuko zaigula jarrera konplexu horri eustea, deserosoa izango dela, ez dela gustagarria izango, ez dela erraza izango. Jakin behar dugu feminismoaren gaia serio hartu behar dugula eta ez geure burua ahalik eta azkarren errugabeen multzoan sartzeko modu gisa.

Jarrera batzuk aldatu dira, baina uste duzu bere burua feministatzat dutenak praktikan ez direla uste duten bezain feministak?

Garrantzitsuena da guk, nahi eta nahi ez, eztabaida horri eutsi egin behar diogula, ezin dugula beste alde batera begiratu. Nik esango nuke oro har feminismoaren gaia Euskal Herrian, ezkerrean, ez dagoela zentroan. Oraindik gizonezkook dominatzen ditugu Euskal Herrian mugimendu gehienen jardunak, eta ez dugu, normalean, feminismoaren gaia zentrora eraman nahi, hain zuzen deserosoa delako eta gure lehentasunak, oro har, beste batzuk direlako oraindik. Baina gaia mahai gainean dago, eta goitik behera eragiten digu gure bizitza sozial eta pertsonalean. Beraz, presazkoa da heltzea.

Maskulinitate berriak daude eztabaidaren mahai gainean azkenaldian. Zer dira?

Maskulinitate berriez hitz egiten dugu gizonezkook gure genero identitate eta portaerak berrikuste aldera beste eredu batzuk sortzen ditugunean. Eta, beste eredu batzuk sortze hori ezinbestekoa den bezala, oso kritikoak izan behar dugu eredu horiek sortzeko dauzkagun motibazioekin. Batzuetan zalantza daukat ez ote dugun azkar batean errugabeen putzura salto egin nahi, eta feminismoaren interpelazioen aurrean pentsatzen dugun: “Bueno, ez, ni maskulinitate berria naiz”. Baina, batzuetan, maskulinitate berri gisa ulertzen dugun horretan maskulinitate zaharraren zantzu handiak daude. Begiratu behar dugu benetan botere harremanak orekatzen ari diren, eta ikerketa askok ezetz diote. Maskulinitate ereduak aldatzen ari dira, baina horrek ez du derrigor esan nahi hobera aldatzen ari direla. Askotan estrategikoki aldatzen dira, badakigulako duela hamarkada batzuk erabiltzen ziren forma batzuk egun onartezinak direla. Eta askotan gizonok egiten duguna da beste estrategia bat bilatu leku berera heltzeko: lehen oihuka lortzen genuena agian orain ahapeka lortuko dugu, baina ondorioak antzekoak dira.

Parte hartzaileak hitzalditik zein ideiarekin ateratzea nahi duzu?

Gehienbat, gizonezkoei hitz egitea egokitzen zaidala uste dut, eta gustatuko litzaidake deserosotasun bat sortzea. Gure posizioa ez da biktimarena, eta, hortaz, honi eustea guretzat deserosoa izan behar da; aldaketak sortzeko deserosotasun bat sentitu beharko dugu. Bila ditzagun deserosotasun horretatik lan egiteko formak, eta ez gaitezen atera halako eztabaida batetik sartu garen baino lasaiago.