Konfesategia

Nerea Ibarzabal

Ez dakit baden gaitz txarragorik, heste-zizare —bizio— mingarriagorik, soka lodiagorik lepoaren bueltan erruduntasuna baino. Gauza jakina dela esango duzue, baina, aizue, benetan uste dut hala dela. Begi zuloetako poltsetan sartzen zaizkigu erruduntasun gramoak eta gramoak bizitzan zehar —solidoa da, ala likidoa?— eta pilatuz doaz, loa ukatzeko goizaldeko ordutan. Eta damua hain exijitua den garaiotan, argitu behar da erruduntasunak ez duela errurik zertan izan, ezta erruak erruduntasunik ere, badaezpada.

Nolakoak dira gure erruduntasunak, gure emozio anulatzaile eta anikilatzaileenak? Gureak al dira benetan, edo gure gurasoenak, edo aitona-amonenak? Erruduntasun heredatuak agian, edo erlijioren batek lepora botatakoak, akaso?

Gutxitan aitortuak, maiz mututuak, besterik gabe, kode penalik ez dutelako urratzen —edo, hain zuzen, urratzen dutelako—; konponketarik ez dutelako, barkatu eskatuta ezer ezingo litzatekeelako aldatu, —edo hain zuzen, dena hankaz gora jarriko litzatekeelako— edo, tamalez, jada ez dagoelako nori eskatu barkatzeko. Momentu horretan gure erruduntasunaren berunezko trajea janztea besterik ez zaigu geratzen, pinu negarrez egina dagoela dirudiena aldi berean, itsaskorra delako, eta garbiezina. Horregatik gure hitzak ez ditu inoiz haizeak eramango.

Eta gehiegizkoa dirudi gaitz okerrena dela esateak, baina erruduntasunarekin bizitzen ikastea hiltzen hastea dela esango nuke. Nago ez ote den benetako gaitz bihurtzen, nolabait kanporatu ezean, airean filtratu ezean. Konfesatokiak gutxitu direnetik, geroz eta pertsona gehiago joaten dira medikuaren kontsultara, hitz egitera askotan, eta beraien erruduntasun kisteak edo esanezinen ultzerak sendatzeko eskatzera gehienetan.

Zer iruditzen, psikologoa ordaindu ezin dugunontzat, eta medikuei lana arintze aldera, konfesategi zibil eta sozial bat sortuko bagenu? Aldamenekoari edo aireari esan nahi diogun hori esateko leku goxo bat, geure buruaren barkamena ziurtatuta daukaguna. Erruduntasunen jatorria aztertzeko tailerrak eskainiko genituzke, apurka dogmak deseraikitzen ikasteko, jolas lasaiak, bazkari begetarianoak… Erruduntasuna baretzen duten edo hanka sartzeen gorazarre diren kantu eta liburuz osatutako biblioteka erraldoi bat ere sor genezake! Imajinatu gure hanka sartzeak poetikoak irudituko zaizkigun nekazaritza turismo bat, erruduntasuna disekzionatzeko barnetegi bat, lo lasai egingo duguna beti.