Iñigo Gaztelu: “Ueman sartzearekin batera, erronka berri bat jarri diogu geure buruari”

Natalia Salazar Orbe

Beste bost herri batuko zaizkio bihar Uemari. Horietatik bi Bizkaikoak dira: Larrabetzu eta Areatza. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bihar egingo du batzar nagusia, Larrabetzun; besteak beste, udalon eskaerak aztertzeko. Iñigo Gaztelu alkatearentzat (Larrabetzu, 1968), ohorea da agerraldirako euren herria aukeratu izana.

Zergatik egin zenuten Ueman sartzeko eskaera?

Aspalditik datorren kontua da. Aurreko agintaldiko alkate Mariasun Gaztelurekin mahai gainean jarri zen Ueman sartzeko nahia. Eztabaidatu zen, eta herriarentzat aurrerapauso bat izango zela erabaki zen. Iaz, buru-belarri sartu ginen eztabaidan, eta pentsatu genuen Ueman sartzeak lagundu egingo zuela Larrabetzun euskararen erabilera bultzatzen. Ueman egonda, mankomunitatean sartuta dauden beste herriekin batera euskararen alde zerbait gehiago egin daitekeela iritzi genion.

Zeintzuk ekarpen eta onura ekarriko dizkio herriari?

Alde batetik, laguntza teknikoa izango dugu. Hori lagungarria izango da udalaren barne funtzionamenduari begira. Gaur egun, udaletxean denok euskaldunak garen arren, funtzionamendua ez da erabat euskalduna. Hori lortzeko laguntza emango digu. Beste alde batetik, euskararen arnasgune sare batean sartzen garen aldetik, laguntasuna izango dugu kontzientziazioa landu eta euskara kalean bultzatzeko.

Larrabetzun euskararen ezagutza %70etik gorakoa da. Erabilerak ere bide bera darama ala behera egin du?

Azken urteetan, beste leku batzuen antzera, erabilerak behera egin du kalean; nahikoa nabarmen, gainera. Hori ikusita, aurrerapauso bat eman behar dugu, eta saiakera egin hori eteteko eta egoera horri buelta emateko. Ueman egonda, antzeko egoera duten beste udalerri batzuekin batera landu ahalko dugu honi buelta emateko bidea.

Euskara “hizkuntza erabilia eta bizia izatea” jarri duzue helburu. Horretarako, zeintzuk konpromiso hartu beharko dituzue?

Udalaren barne funtzionamenduari dagozkionak daude, batetik. Osoko bilkurak, batzordeak, talde politikoen arteko harremanak eta aktak euskaraz egin eta jasotzen dira. Hala ere, txosten batzuk oraindik ez dira euskaraz egiten. Gure konpromisoa da hori guztia euskaraz egitea. Eta, kanpora begira, kanpaina jakinak egin behar ditugu sentsibilizazioa lantzeko kalean.

Zuen esku dagoen guztia eginda, gaur egun posible al da udal moduan erabat euskaraz funtzionatzea?

Barne funtzionamendua erabat euskaraz egitea, bai, berma daiteke. Beste administrazio batzuekin harremanetan jartzen garenean, ordea, arazoak sortzen dira, solaskide guztiak ez direlako euskaldunak. Gureari dagokionez ere, autokritika egin behar dugu, denok euskaldunak izanik ez dugulako den-dena euskaraz egiten. Hori posible egiteak helburua izan behar du guretzat.

Udalaz gain, elkarte eta norbanakoei ere konpromisoak eta ahalegina eskatu dizkiezue. Zein lan dagokie haiei?

Denok batera egin behar dugu lan. Elkarte guztiei eskatu nahi diegun konpromisoa da lehentasun moduan jar dezatela euskara kalean erabiltzea, eta euskara bultza dezatela. Gure asmoa da herriko elkarte guztiekin dauzkagun harremanetan lehentasunen artean euskara jartzea. Bai kirol eta bai kultur taldeekin elkartzen garenean. Herriko foro guztietan euskararen alde beste pauso bat ematea eskatuko diegu elkarte guztiei.

Eurekin lantzen hasi zarete hori?

Izan ditugu harreman batzuk. Herrian badaukagu Euskara Sustatzeko Erabilera Plana. Urtero izan dugu elkarteekin euskararen alde lan egin eta hau bultzatzeko helburua. Ez da gauza berria. Baina, Ueman sartzearekin batera, erronka berri bat jarri diogu geure buruari. Lehentasun moduan jarri behar dugu gure gai ordenan euskarari bultzada bat ematea.

Elkarteen aldetik zein jarrera sumatu duzue?

Oso jarrera ona dago aspalditik. Euskara bultzatzeko helburuan eskutik goaz denok. Elkarteak bat datoz. Horretan, zoriondu egin behar ditugu.

Biharko batzarra Larrabetzun egitea garrantzitsua da zuentzat?

Ohore bat da. Aurten sartuko gara Ueman, eta biharkoa gurean egitea ohorea da. Herriko elkarteek omenaldi txiki bat egingo diote mankomunitateari, hainbat urtean euskararen alde egin duen lana aitortzeko. 12:00etan hasita izango da, herriko plazan. Gauza txikia izango da: bertso saioa eta topa bat.

Eta, bihartik aurrera, zer?

Ez da, bereziki, ezer aldatuko. Egiten ari garen lanari eutsi behar diogu. Baina orain ardura bat gehiago daukagu: Ueman sartu gara, ez besterik gabe, talde batean gaudela esateko, etiketa bat jartzeko. Ez. Sinetsita gaude Ueman egotea Larrabetzun euskara bultzatzeko lagungarria izango dela. Baina ardura bat ere bada. Helburu batzuk bete behar ditugu, eta orain artekoa baino lan gogorragoa egin beharko dugu. Euskararen alde borrokan jarraitu behar dugu.