Bilboko kaleetako TAO aparkaleku sistema berritu egingo dute

Bilboko kaleetako TAO aparkaleku sistema berritu egingo dute

Aitziber Laskibar Lizarribar

Auto bidezko kontrola, sakelako telefonoei begiratuta libre dauden aparkalekuen berri izatea, parkimetroetara joan behar izanik gabe ordaindu ahal izatea. Hori dator Bilboko aparkaleku sistemara. Ez egun batetik bestera, halere. Apurka helduko dira aldaketak, baina funtzionamendua erabat berritzeko asmoa du Bilboko Udalak. Zerbitzua kudeatzen duen enpresaren aldaketarekin etorriko da lehen urratsa, eta, 2018an, Bilboko garraio zerbitzu guztiak bilduko dituen aplikazioa kaleratzea izango da azken pausoa. Zirkulazio eta Garraio Sailak modernizatu egin nahi du sistema, eta teknologia berriak erabiliko ditu horretarako.

Eysa-Cycasa Aldi Baterako Enpresa Elkarteak hartuko du bere gain kaleko ordainpeko aparkalekuak kudeatzeko ardura astelehenean. 2020. urtera arte izango du eskumena, orain arte izan duenak erabaki horren aurka aurkeztu duen inpugnazioak ez badu aurrera egiten. 2002tik, Gertek y Acciona enpresa elkarteak zuen eskumena, baina, lizitazio liskartsu baten ondoren, Eysa Cycasak kendu dio postua. 55,7 milioi euro inguruko balioa estimatzen zaio adjudikatutako lanari.

Enpresa kudeatzailearen aldaketa astelehenean gauzatuko da, baina ez dio erabiltzaileari aldaketa handirik eragingo, egoitzaren lekualdaketatik harago. Kristo kaleko 1. zenbakian egongo da erabiltzaileentzako arreta zerbitzua hemendik aurrera.

Otsailaren bigarren astean, TAO zerbitzuaren kontrola autoen bidez ere egingo da. Matrikulak automatikoki irakurtzeko gaituta egongo diren hogei auto elektriko kaleratuko ditu udalak. Bilboko kale guztiak ibiliko dituztela ziurtatu du, eta TAO zerbitzutik haragoko lanak ere hartuko dituztela. Esate baterako, zamalanetarako gordetako guneen kontrola zein elbarrien autoentzako gordetako lekuena ere sendotuko da ibilgailu horien bidez.

“Erabateko kontrola”

Argi azaldu du proiektuaren helburua Alfonso Gil Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen zinegotziak: kaleko aparkaleku guztia kontrolatu nahi du udalak. “Bide publikoan aparkatuta dauden matrikulen erabateko kontrola izango du udalak; kontrola bikoiztu egingo da”.

Izan ere, aparkatutako autoen zaintza oinez egiten duten langile kopurua ez da gutxituko. Egun hiriburuan dauden 16.600 aparkalekuak 120 langilek zaintzen dituzte, eta hala jarraituko dute aurrerantzean ere. Lehengo langileak enpresa elkarte berriak bere gain hartuko ditu. Eta langile horien ohiko jarraipenari autoek automatikoki egingo dutena gehituko zaio.

Hogei auto berriek jasotako informazioa unean-unean igortzeko aukera izango dute gainera. Horri esker, udazkenetik aurrera herritarrei beste baliabide bat eskaintzeko asmoa du udalak: sakelako telefonoetarako aplikazio bat sortuko du, eta horrek Bilboko kaleetan libre dauden aparkalekuen berri emango die erabiltzaileei. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, ordu laurdenean behin berrituko du informazioa. Gainera, app hori erabilita, sakelakotik bertatik ordaindu ahal izango da TAO zerbitzua, parkimetroetara joan behar izan gabe. Ordaindutako denbora tartea amaitu baino lehen autoa aparkalekutik kentzekotan, denbora soberakin hori beste aldi batean erabiltzeko aukera izango du gidariak.

Aurrerago ere joan nahi du udalak, eta Bilboko mugikortasunerako azpiegitura guztiak bilduko dituen aplikazio bat ezartzea jarri du programaren azken pauso gisa. Autobus zerbitzuen, lur azpiko aparkalekuen eta alokairuzko bizikleten egoeraren berri eman nahi du zerbitzuak, besteak beste, unean-unean. Udalaren esanetan, 2018an izango da zerbitzu hori eskuragarri.