Mundua, eder eta gordin

Natalia Salazar Orbe

Azeri baten itzalaren babesean ezkutatzen dira hegaztiak, landareak, itsaspeko mundua, ugaztunak, bestelako animaliak eta paisaiak. Natura bizia, basatia, gordina zein gizakiaren esku hartzeak sortutakoa jasotzen du Izadiaren argazkilariak 2016 erakusketak, Bilboko Ondarearen Aretoan. Aurtengo Wildlife Photographer of The Year lehiaketan parte hartu eta saritu dituzten edo aipamenak jaso dituzten lanak daude ikusgai bertan: 85, denera.

Itzal eta silueta ikusgarriak islatu dituzte egileetako askok. Erresuma Batuko Richard Peters egilearen Ibiltaria itzalen artean argazkiak egiten dio harrera bisitariari aretoaren sarreran. Hura da lehiaketako argazki irabazlea. Azeri bat janari eta abentura bila hirian murgildu den antzera abiatzen da erakusketaren bidaia ere.

Begiak aretoko argiztapenera egokitu bezain laster jakin-minaren gosea pizten da. Hula ibaiean arrantzan arratsean Juan Carlos Muñozen lanean, zankaluze bat janari bila ari da arrain haztegi batean, sakonera gutxiko uretan. Zer dago ur azpian? Zer ezkutatzen du ilunabarrak? Hegaztiaren ikusmiraren inbidia sortzen da naturak ezkutatzen duena sumatu nahiez.

Itzalek kolore biziei eman diete lekukoa barnealdean. Harrituta begiratzen duen zingira hontzak areto zabalerako bidea zabaltzen du, bere begi sakonen bidez, barrenera sartzeko gonbita eginez. Matteo Lonati italiarraren Argituta izeneko lan horrek ematen dio bukaera hegaztien atalari.

Natura hila

Natura bizia gailentzen da erakusketan, baina natura hilak ere leku garrantzitsua hartzen du. François Nowickiren Zutik lana da horren adierazle nagusietako bat. Hontza bati atera zion argazkia, zuhaitz hil baten barrenean. Hontzek habiak egiteko zuhaitz hilek urte luzez izan duten garrantzi handia azpimarratu nahi zuen artistak berak: “Espero dut aurrerantzean ere horrela izatea, eta zuhaitza ez botatzea”, adierazi du.

Gauez ibiltzea maite duen hegaztiak ortzadarraren koloreak lumetan zabaltzen dituen basoilarra du atzetik. Eguzkiaren izpiek basoilarraren lumetan islatuta sortutako dirdirak jaso ditu Bernt Ostus norvegiarrak. Barrurago, lehoien arteko Maitasuna euripean argazkiak xehetasun osoz irudikatzen ditu abereon keinuak, eta baita burua astintzean askatzen diren euri tantak ere.

Mundua iruditan, eta, aldi berean, hura deskubritzeko bidea. Horixe bera azaltzen du argazki lagin horrek. Bizitzaren zikloa dakar gogora Alemaniako Dirk Funhoffek Lehen begirada munduari lanarekin. Itsas txakur gris bat erditzen ageri da. Irudia ez da nolanahikoa, ordea: zaku bitelinoaren barruan dagoen arren, kumeak begiak zabalik ditu. Mundua ezagutzeko irrikaz dago, datorrenaren jakin-minez. Hala sentiarazten du bisitaria bera ere.

Ekosistemen garrantzia eta iraupena ezin era horretako lagin batetik kanpo geratu. Kamtxatka penintsulako Kurika aintziran (Siberia, Errusia) hartz arre bat ageri da, izokinak harrapatu nahian. Uda guztietan hartz mordoa elkartzen dira han, urtaro horretan milioi eta erdi izokin baino gehiago joaten baitira arrautzak errutera. Hartzek ondo elikatu behar dute hibernatzeko nahikoa baliabide izateko. Hori dela eta, 25 arrain baino gehiago hartu behar dituzte egunean. Argazkiko hartz gazteak ez dauka behar besteko trebetasunik oraindik, ordea. Izokinek alde egiten dioten unea harrapatu du argazkilariak.

Beraz, argazki aproposa, profesionalak hausnartu ostean lortu nahi zuen perfektua, ez da bat-bateko klik batekin ateratzen. Lan ordu asko eta esfortzu handia dituzte atzean erakusgai dauden argazkiek. Laurent Geslin frantziarrak milaka ordu eman zituen Suitzan katamotz herabe bat kamerarekin harrapatu nahian.

Gizakiaren esku hartzea

Hegaztiak eta ugaztunak ez dira protagonista bakarrak. Armiarmak, barraskiloak, Komodoko dragoiak, dortoka gazteak itsasorako bidean hondar beroa zeharkatzen… Denetariko espezieak biltzen ditu erakusketak, euren habitatean. Eta gizakiaren esku hartzea ere ezin zen kanpoan gelditu. Batzuetan, naturaren isla magikoa itzali eta gizakiaren zakarkeria geratzen da agerian. Murtzian, izkirak harrapatzeko sare batean harrapatuta geratu den itsas zaldia da horren eredu.

Bestalde, kontzentrazio esparruak gogorarazten ditu foka batek. 2001. urtera arte, Errusiako Medni uharteko itsas lehoiak zenbaki batzuekin markatzen zituzten, haien jokabidea kontrolatu eta migrazio ibilbideak aztertzeko. Argazkikoak M352 hizkia eta letrak dauzka; Sergei Xaninena da obra.

Argazkien edertasuna eta zabaldu gura duten mezuari buruzko informazioa emateaz gain, azalpen tekniko eta artistikoak ere jaso ditu Ondarearen Aretoak lan bakoitzaren ondoan. Hala, trebakuntzarako funtzioa ere betetzen du erakusketak, argazkilaritza zaleei teknika askotarikoak erabilita lor ditzaketen emaitzak ikasteko aukera ere emanez. Gero eta gehiago baitira munduaren irudiak jasotzeko argazkilaritzara jotzen duten zaleak.

Ozeanoak izar koloretsuak zelan besarkatzen dituen; marrazki bizidunetakoa dirudien inurri bat goroldio baten zurtoinetik ur tantak edaten; eta ekinodermo izeneko itsasoko izaki bizidunaren egitura bitxia, batetik. Aurrez aurre, zaborrez betetako eremu batean janari bila ari diren zikoina zuriak ageri dira. Mundua bera da: eder eta gordin.