Kalezulotik ziegetara

A. Larrabe Arnaiz

Itsasontziak heltzen ez badira, arratoiak bezala harrapatuko gaituzte”. Halaxe zioen Juan Ajuriagerra EAJko buruzagiak 1937ko abuztuan Kantabriatik bidalitako irrati telegramak. Bilboko erorketaren ondoren, Benito Mussoliniren menpeko gobernu italiarrarekin euskal tropen errendizioa negoziatzen aritu zen Ajuriagerra. Santoñako Ituna izenarekin ezagutzen den hitzarmena adostu zuten alde biek. Horren ondorioz, 15.000 gudarik eta 3.000 ofizial inguruk entregatu zituzten armak Santoñan, hilaren 26an hasi eta lau egunez. Portuan pilatu ziren tropak eta zibilak, Frantziara ihes egiten lagunduko zieten ontzien zain. Ez zen ebakuaziorik egon. Ez zen bete italiarrekin adostutakorik. Kontrara: irteerarik gabeko kale itsua bihurtu zen Santoñako portua. Bete egin zen Ajuriagerrak egun batzuk lehenago irrati telegraman iragarritako sagu zuloa. Erbestean beharrean, Santoñako Duesoko espetxean eta Laredon egokitutako kontzentrazio esparruetan preso bukatu zuten milaka euskal herritarrek. Presoen aurkako jazarpenaren hasiera izan zen errendizioa.

1937ko maiatzaren 11n abiatu ziren italiarren eta jeltzaleen arteko negoziazioak, faxistek Bilbo inguratzen zuen Burdinazko Hesia hautsi baino hilabete lehenago —borroka frontea Bizkargi mendian zegoen maiatz hasiera hartan, Larrabetzu, Muxika, Morga eta Zornotza artean—. Hiru italiar —Francesco Cavalletti Donostiako kontsula, Galeazzo Ciano nazioarteko ministroa eta Manzini goitizenez ezaguna den Mario Roatta jenerala— izan ziren solasaldietan. Abuztuaren 22an sinatu zuten ituna, Bizkaiko hiriburua galdu eta bi hilabetera.

Akordioaren arabera, euskal armadako kideek hiru baldintza bete behar zituzten: Italiako armadari armak entregatzea, ordena publikoa mantentzea, eta, azkenik, Bilboko espetxeetatik ateratako presoen bizitza babestea. Bere aldetik, Italiako armadak euskal gudari eta milizianoen bizitzak errespetatu behar zituzten, atxilotuak Francoren armadako soldaduei entregatu gabe. Santoña eta Laredotik euskal buruzagi politikoen irteera erraztea ere adostu zuten italiarrekin. Zibilei dagokienez, herritarrak errespetatzeko eta ez zigortzeko konpromisoa hartu zuten.

Traizioaren traizioa

Ez zen adostutakoa bete. Bestelako asmoak zituzten Mussolini faxistaren agintepean ziren italiarrek Kantabrian bildutako euskal tropentzat. Santoñako portuan pilatutako gudariak eta agintariak ez zituzten erbesteratu, lehorrean geratu ziren. Frantziara mugitzeko Eusko Jaurlaritzak alokatutako hamabi itsasontzietatik bi baino ez ziren iritsi kaira: Bobby eta Seven Seas Spree. Jendea bi ontzietan sartu zen arren, berehala jaitsi zituzten denak, italiarrek emandako aginduei men eginez. Ez aurrera eta ez atzera geratu ziren milaka euskal herritar. Etsialdi horretan euren buruaz beste egin zuen herritar batek baino gehiagok. Edonola ere, Duesoko kartzelan eta Laredoko kontzentrazio esparruan bildu ziren errenditutako gehienak. Italiako soldaduen kontrolpean zeuden espetxeetan, alegia.

Egun gutxira, irailaren 4an, egin zuten faxisten azken urratsa: italiarrek zaintzen zituzten kartzeletan zaindariak aldatu eta soldadu frankistak azaldu zirenean. Adostutakotik urrun, frankisten esku utzi zituzten presoak. Francoren aldekoek Dueson abiatutako errepresioak urte luzez iraungo zuen. Bilboko Manuel Egidazu, Perezagua batailoiko komandantea, izan zen Santoñan fusilatu zuten lehena. Guztira, 510 baino gehiago hil zituzten; eta fusilatutako gehienak, jeltzaleak ez ziren alderdietako kideak ziren: CNT, ANV, PSOE, UGT eta PCEkoak, alegia. Hasiera batetik, ez zuten EAJk italiarrekin adostutako ituna begi onez ikusi ezkerreko alderdi horiek. Hainbat iturriren arabera, Jose Antonio Agirre lehendakariak ere ez zuen izan italiarren eta jeltzaleen arteko negoziazioen xehetasunen berri. Eta Santander eta Asturiasen borrokatzearen alde ere agertu omen zen.

Errepublikaren aldeko alderdi politiko eta sindikatuek EAJko zuzendaritzari leporatu zioten sinatutakoa. Ez zetozen bat jeltzaleek italiarrekin adostutako amore emate horrekin, eta errepublikarekiko traizio gisa hartu zuten askok. Alderdi eta sindikatuetako ordezkari ezkertiar horiek izan ziren, gerora, frankistek gehien zigortu zituztenak. Dueso eta Laredoko espetxeetan bete zuten zigorra euskal herritar askok; beste asko frankistek antolatutako langile batailoietan izan ziren bortxazko lanak egiten. Eta Bilboko espetxeetara bidali zituzten hainbat preso ere; Larrinagako espetxera, adibidez, heriotza zigorrera zigortutakoak bidali zituzten.

Edonola ere, Euskal Herriko tropa guztiek ez zuten errenditzearekin bat egin. Eta buruzagi jeltzaleek adostutakoaren kontra, Bizkaitik Asturiasera egin zuten hainbatek. Euskal armadako hainbat kide Ebroko armadan eta Ekialdekoan sartu ziren. Madrilgo defentsa lerroan ere borrokatu ziren hainbat euskal herritar; hura erori zen arte, 1939ko martxora arte.