Duintasunaren transkripzioa

Igor Elordui Etxebarria

Euskadi Irratiko Faktoria saioa. 2016. urteko abenduaren 28a.

– Datozen minutuetan laguntza eskaera baten bozgorailu izango gara. Larraitz Chamorro alegiarraren historia jasoko dugu. Zalantzarik gabe, Igotz Alkorta, historia oso gogorra, ezta?

– Bai. Larraitz Chamorrok 40 urte baino ez izan arren hamabi urte daramatza ELAren (Esklerosi Lateral Amiotrofikoa) aurkako borrokan. Azken fasean du gaitza. Dagoeneko ezin du gorputz atalik mugitu, tragatzeko eta hitz egiteko arazoak ditu eta epe laburrera badaki okerrera egin eta heriotza duela zain. Sufrimendua amaitzea eskatzen du berak. Duela hilabete batzuk hartu zuen kito esateko erabakia. Baina mediku eta osasun arduradunen aldetik erantzun baikorrik jaso ez duenez, komunikabideetara jotzea erabaki du.

Esti Chamorro, arratsalde on!

– Arratsalde on!

– Noiz hasi zen Larraitz gaixotasunaren zantzuak sumatzen, edo familian noiz ikusi zenuten?

– Orain dela hamabi urte eta erdi gutxi gorabehera, berak 27 bat urte zituenean. Hasi zen eskuineko hankarekin arazo txikiak izaten. Gutxinaka-gutxinaka orain dagoen egoerara iritsi arte: burua oso gutxi mugitzen du, irensteko arazoak ditu, hitz egiteko arazoak, arnasteko arazoak eta, denaren gainetik, mina dauka gorputz guztian.

[…]

– Irratian ikusi ez da egiten, kontatzen ahalegintzen gara. Aipatu behar duguna da Larraitzek gaur egun denerako behar duela laguntza, ezta?

– Bai, denerako. Pertsona guztiz mendekoa da, ehuneko ehunean. Hori da zailena, zeren bera kontzientea da; psikikoki ni bezalaxe dago, eta horrek asko sufriarazten du.

– Noiz esan zuen lehenengo aldiz, honaino? Zainketa aringarri horiek zertzeko garaia iritsi da, niri sufrimendua kentzekoa, ez dut hau gehiago luzatu nahi…

– Ez orain dela asko. Nik uste dut berak buruan eduki duela, baina inoiz ez digu ezer esan. Behin, ez dakit zer kasuri buruz hitz egiten ari ginen; berak begiratu ninduen, eta esan zidan: “Esti, ezin dut gehiago, lagundu egidazu, faborez, hau bukatzen”. Nire bizitzan entzun ditudan hitzik gogorrenak. Baina nik uste dut pertsona bat benetan maite duzunean bere azalean jartzen zarela eta badakizula lagundu behar diozula. Pixka bat kontraesanezkoa da, zeren ni laguntzen ari naizen modu honetan badakit ondoren nire ahizpa ez dudala edukiko.

[…]

– Gure mikrofonoak baliatuz zer eskaera egin nahiko zenukete?

– Egunero daude halako kasu mordo bat. Gure aitak, hain zuzen ere, minbizia zuen, eta egun batean esan zuten asko sufritzen ari zela jada, min handia zeukala eta sedatuko zutela sufritzeari uzteko. Bada, zer desberdintasun dago minbizi kasu horien bukaerako txanpako sufrimenduaren eta nire ahizpak daukan gaitzaren sufrimenduaren artean?

[…]

Larraitzen beraren ahotsa entzuten da, azkenik. Sufrimendu fisiko eta psikologikoa amaitu nahi duela dio, urte asko direla eta nekatua dagoela. Heriotza- zigorra duela gainean eta azkenera iritsita heriotza duina izan nahi duela.