“Besteen besteko aukera edukitzea gustatuko litzaiguke”

“Besteen besteko aukera edukitzea gustatuko litzaiguke”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaileak (Ondarroa, 1972) 11 urte daramatza tiro olinpiarrean, horietatik bederatzi lehia garrantzitsuenetan parte hartzen. Lehiari dagokionez, aurten urte borobila izan du ondarroarrak.

Zer dela-eta hasi zinen tiro olinpiarrean?

Bizitza osoan eduki dut tiro zaletasuna. 9 urtegaz, esate baterako, balatxozko karabinagaz nenbilen mendian. Gerora, ONCEn informatika ikastaro batean nenbilela eduki nuen kirol horren berri. Markina-Xemeingo beste ikasle bat zebilen tiroan, eta, umetatik zaletasuna izanda, bertan izena ematea erabaki nuen.

Tiroa ikusmenagaz lotzen dute askok. Ikusi barik, zelan lortzen duzue tiro egitea?

Guk erabiltzen ditugun karabinak egokituta daude; sistema infragorridun berezia erabiltzen dute. Jomugaren aurrean apeua deitzen diogun estalki bat ipintzen da, eta apeu horrek gris tonalitate desberdinekin osatutako jomuga txiki bat izaten du. Kanpoan kolore ilunagoak ditu, eta erdian, ostera, kolorerik argiena. Horren gainean argi proiektore bat ipintzen da, eta, karabinak duen egokitasunari esker, argi hori irakurtzen du, eta hori soinu bihurtzen du.

Zelan?

Entzungailuak jantzita edukitzen ditugu, eta horri esker jakiten dugu jomugara hurbiltzen ari garen edo ez. Gris ilunetik gris argira doan heinean, fintzen joaten da soinua, eta soinurik finena jomugari dagokio. Orain, berriz, sistema berri batekin hasiko naiz.

Nolatan?

Ikusmen urrikook egiten dugun tiroa kirol paralinpiar bihurtu nahi du Nazioarteko Batzorde Paralinpiarrak, eta, oraintxe ezartzen ari garen sistema berriari esker, besteengana hurreratuko gara.

Zer desberdintasun dakar aldaketa horrek?

Oraindik ez naiz mira berriagaz entrenatzen hasi, eta mira berrira egokitzea kostatu egingo zaidala uste badut ere, gerokoan abantaila gehiago izango ditudala uste dut. Sistema bera zehatzagoa da, eta, kasu honetan, argiak ez du hainbesteko eraginik. Infragorriak erabiltzen dira, baina, foku baten ordez, led txiki bat erabiltzen da. Mirak, gainera, zuzenean detektatzen du argi hori, era zehatzago batean.

Mira berria aldatzea derrigorrezkoa al da?

Europa mailan bota nahi duenak bai, behintzat, baina bestelakoan ez dago zertan aldatu.

Tiro olinpiarra egiteko hainbat era daude, ezta?

Bai, hori da. Hasiberria zarenean, karabinari eusteko euskarri bategaz egiten da tiro. Ni, esaterako, 2008tik aurrera, euskarririk gabe ari naiz.

Zer aldaketa dago diziplina batetik bestera?

Egia esan, alde handia dago. Batean euskarria daukazu, eta bestean ez. Horrez gain, zailtasuna ere nabarmen gehitzen da. Batean, 40 tiro botatzen dira, eta, bestean, 60.

Euskarririk ezean, zelan egiten duzue tiro?

Jantzi berezi bategaz aritzen gara. Jantzia nahikoa gogorra da, eta horrek sekulako egonkortasuna ematen dio gorputzari tiro egiteko orduan.

Aurten, diziplina batean bakarrik ez, bitan parte hartzeko aukera ere egon da.

Europa mailan zutik eta etzanda egiten da tiro txapelketan, eta aurten, hemen ere, hainbat txapelketatan etzanda botatzeko aukera ere egon da.

Zer desberdintasun du diziplina batek eta besteak?

Diziplinarik zailena, beti eta beti, zutikakoa da. Bertan lortzen da puntuaziorik baxuena. Etzandako diziplina, ostera, askoz zehatzagoa da, euskarri gehiago duzulako; ukondo biak eta paparra eutsita dauzkazu, eta, horrez gain, karabinari uhal bat ipintzen zaio egonkortasun handiagoa lortzeko. Hala, tiro egiteko era ere askoz zehatzagoa da, eta emaitzak ere hobeak izaten dira.

Karabina ondo menperatzea ere garrantzitsua izango da. Iaz karabina aldatu zenuen, eta ez zinen fin ibili.

Karabina berrira ohitzea asko kostatu zitzaidan; gehiegi, beharbada. Entrenatzaileak esan bazidan ere sei-zortzi hilabete beharko nituela, ia urtebete behar izan nuen.

Zergatik erabaki zenuen karabina aldatzea?

Oso pozik nengoen aurreko karabinagaz; duela bi urte txapelketa nagusi guztiak irabazi nituen beragaz, baina utzitakoa zen, eta nirea erostea erabaki nuen.

Emaitzei dagokienez, iazkoa oso urte txarra izan zen. Sekula burutik pasatu al zitzaizun uztea?

Iaz, egia esan, entrenamenduetan ere ez nuen asmatzen. Ez zen urte samurra izan, baina oso burugogorra eta lehiakorra naiz, eta aurrera beti. Emazteak ere [bere laguntzaileak] asko motibatu nau, baita entrenatzaileak ere, eta eurek emandako laguntza eskertzekoa da benetan.

Aurtengoa, aldiz, urte borobila izan da.

Oso balorazio positiboa egin dezaket. Espainiako txapelketan lehen postuak lortu ditut etzandako eta zutikako diziplinetan, eta Euskal Herriko txapelketan, ostera, etzandako diziplinan lortu dut txapela. Zutikakoan, ez nintzen oso fin ibili; hirugarren geratu naiz. Horrez gainera, Nafarroako Irekia ere irabazi dut, zutik.

Baduzu Europa mailan ere parte hartzeko asmoa?

Aurten, egia esan, diru faltagatik ez naiz parte hartzera ailegatu. Ekipamendu berria ere eskuratu dut, eta ez da denerako ailegatzen. Bestelakoan, pozik joango nintzateke. Babesleren bat izango banu, joan ahalko nintzateke, baina, kasu honetan, nire kontura dena ezin dudanez egin, ezinezkoa da. Iaz, esaterako, Ondarroako Udalaren laguntza ekonomikoari esker, Europako txapelketara joateko bidaia ordaindu ahal izan nuen.

Tiro zuek bakarrik egiten duzue, baina laguntzaile bat izaten duzue, ezta?

Txapelketan gaudela ezin digute berbarik egin, eta, hori dela eta, laguntzailearekin elkar ulertzea ezinbestekoa da. Nire kasuan, gure keinu propioak ditugu, eta horiekin ondo konpontzen gara. Entrenamendu batzuetan laguntzailea ere etortzen da, eta keinu horiek lantzen ditugu.

Kirol egokituko txapelketetan ez eze, bestelako lehiaketa irekietan ere parte hartzen ari zarete.

Tiro olinpiarraren mailan gure kirola zabaldu nahian gabiltza.

Bide beretik, Paralinpiar Jokoetan parte hartzea garrantzitsua izango da zuentzat, ezta?

Dibertsitate funtzional fisikoa dutenek parte hartzen dute Paralinpiar Jokoetan, baina dibertsitate funtzional sentsoriala dugunok ez gaituzte aintzat hartu oraindik. Horretarako gogor ari gara beharrean. Izan ere, besteen besteko aukera edukitzea gustatuko litzaiguke; horixe nahi dugu, ez gehiago ez gutxiago.