Bederatzi eguneko greba iragarri dute Down Sindromearen fundazioan

Bederatzi eguneko greba iragarri dute Down Sindromearen fundazioan

Natalia Salazar Orbe

Down Sindromearen fundazioko beharginek greba egingo dute urtarrilaren 13tik 19ra bitartean. Lankide bat “bidegabe” kaleratzeko zuzendaritzak hartutako erabakia du ardatz protestak. Hala ere, bestelako arrazoiak ere badaude ELA eta LAB sindikatuek egin duten deialdirako: jarduera protokolo baten falta eta zerbitzuaren kalitatea bermatu beharra aldarrikatu dituzte.

Olaitz Laparra bertako behargina da. “Gure lankidearen kaleratze bidegabeaz gain, badaude lantaldea gainezka duten hainbat gauza: ez daukagu hitzarmen propiorik, estatukoa baizik. Berritu gabe dago, eta ez dakigu zer gertatuko den”.

Egoera zehatzen aurrean zelan jardun behar duten adierazten duen protokolorik ez izateak egunerokoa zailtzen die. Arazo horixe bera dago bertako langilearen kaleratzearen atzean. “Zuzendaritzak ulertu du ez zuela ondo jokatu. Baina erabakia oso subjektiboa da. Izan ere, funtzionatzeko era zehazten duen protokolorik ez badago, guk ere ez dakigu zelan jokatu behar dugun”. Egoera horiek saihesteko protokoloak eskatu dituzte.

Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko baliabideak nahi dituzte. “Gure lan baldintzak prekarioak baldin badira, guk ematen dugun zerbitzuaren kalitatea murriztu egiten da”. Prekaritateak, egutegi faltak eta behin-behinekotasunak gora egin duela salatu dute langileek.

Bizkaiko 400 familia eta erabiltzaileri baino gehiagori ematen die zerbitzu Down Sindromearen fundazioak. Denetarik eskaintzen dute: eguneko zentroak, lan mundura bideratutako zerbitzuak, norbere autonomia bultzatzeko programak, etxebizitza programak, fisioterapia zein logopedia.

1990ean sortu zen fundazioa. 25 urtetik gorako ibilbide horretan lehenengoz egingo dute greba bertako langileek. Protestek, oraingoz, bederatzi egun iraungo dute, baina ez dute baztertu luzatzea. Helburua argia da: “Gure lankidea bere lanpostura berehala itzultzea eskatzen dugu. Eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko baldintzak nahi ditugu”.

Mobilizazioak Gorabiden

Aniztasun funtzionala duten pertsonei arreta ematen die Gorabide elkarteak, eta bertako beharginek ere mobilizazioak iragarri dituzte. Hitzarmen kolektiboaren akordioa aldarrikatu dute. Izan ere, sinatu gabe dago 2013az geroztik.

Enpresaren jarrera “zurrun eta pasiboa” salatu dute beharginek. Haien esanetan, “bere irudia eta sariak jasotzea lehenesten du, zerbitzuen kalitatearen eta bere profesionalen lan baldintzen gainetik”. Aldundiari eskatu diote ez dezala beste alde batera begiratu eta esku har dezala “erantzukizun zuzenez berea den borroka horretan”.

Somera sarraila denda

Bi horiez gain, badira urtearen hasierarekin batera abiatu diren beste hainbat lan gatazka ere. Bilbon, Somera sarraila dendan greba egin zuten atzo eta herenegun, eta hiru orduko lanuzteak egingo dituzte, gaurtik hasita. Hain zuzen, urtarrileko ostiral guztietan aterako dira kalera. Denbora tarte horren barruan elkarretaratzeak egingo dituzte, 12:00etatik 13:00era bitartean, dendaren egoitzaren aurrean.

Familia arteko liskarrak dira arazoaren sorburu, CCOO sindikatuak salatu duenez. Kudeaketa lanetan diharduten bi anaien arteko gatazka, hain zuzen ere. Bi urtetik gora iraun duen egoera horren ondorioz, enpresa likidazio arriskuan jarri du zuzendaritzak, barne gatazkari eutsita eta kudeaketan duen erantzukizuna bertan behera utzita. Langileek soldatak ez dituztela jaso eta bost behargin kaleratu dituztela salatu dute.