“Txapelketa osoan zehar neska bakarreko saio ugari izan dira”

“Txapelketa osoan zehar neska bakarreko saio ugari izan dira”

Natalia Salazar Orbe

Ezustekoa eman du Nerea Ibarzabal Salegik (Markina-Xemein, 1994) Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Zapore gozoa utzi zuen oholtza gainean aritu zen bertsolari gazteenak. Epaimahaiak sari hori eman zion: bertsolari gazteenarena, alegia. Finala handi geratzen zitzaiola iritzi zion hasieran. Lehen uneak pasatuta saioa gozatu egin zuen, ordea.

Puntuazio aldetik bertsolari gehiago aurretik izan dituzun arren, oso saio ona egin zenuela aitortu dizute kritikariek. Zer-nola sentitzen zara?

Oso ondo pasatu nuen. Hasieran, urduri samar nengoen. Sintoniak jo eta pasagunea egin behar genuen unean, hala pentsatu nuen: “Non sartu naiz? Zertan ari naiz hemen?”. Kantatu ahala, askoz hobeto sentitzen hasi nintzen. Eta ikusi nuen nahi nuen hori eskaini ahalko nuela. Ikusleak ere oso motibatuta sumatzen nituen. Atzera begira, jakinda esperientzia hura edonork ezin duela bizi, pribilegiatu sentitzen naiz.

Belaunaldi aldaketa gauzatzen ari da. Freskotasuna emango die horrek saioei, edo zein ekarpen iragartzen duzu?

Denek esaten dute belaunaldi aldaketa gertatzen ari dela. Baliteke hala izatea, finalean hori ikustea. Hala balitz, pozgarria litzateke. Txapelketan zehar ere gazte asko egon da, baina baita beste urte batzuetan ere. Sarri asko, ez diegu erreparatzen finalera heldu arteko saioei. Nire belaunaldiko bertsolari mordoa aritu dira, nahiz eta finalera ez iritsi.

Berdin gertatzen da emakumeekin. Finala parekidetzat jo da. Txapelketa osoan zehar, ordea, neska bakarreko saio ugari izan dira.

Emakume gazteei deia egin zenien txapelketara gerturatzeko.

Bai. Kopuruei dagokienez, txapelketa ez da izan parekidea. Nahiko nuke honek balio izatea beste neska gazte batzuei erakusteko posible dela hona iristea, eta gu prest gaudela laguntzeko.

Zein ikuspegi eman dizu oholtza gainean egin duzun lehen finalak?

Izugarrizko poza sentitu nuen. Ez nuen bistaratu horrelakorik txapelketa hasi zenean. Opari bikoitza izan da, beraz. Helburu hori izan banu, ez dakit berdin sentitu izango nukeen. Pribilegioa izan zen. Aretoa hain beteta ikustea, eta, batez ere, Miren Amurizak adierazi zuen bezala, maitatua sentitze hori. Badakizu maitatua zarela, baina era honetako berrespen batek erakusten dizu jende mordoak sinesten duela zuregan. Negarra ateratzen zitzaidan ni babesteko pankartak ikusita. Nire bizitzako pertsona guztiak sentitzen nituen une hartan niri begira, nik ondo egiteko desioarekin. Nire ingurukoez harro nengoen.

Dena den, bertsolaritzan, ingurukoek ez ezik, besteek ere babesa erakusten dute. Lehiatik baino, festa handi batetik du gehiago finalak. Babes hori eskertuko da oholtza gainean…

Bai. Argi geratzen da bertsolaritza ez dela futbola. Batek gaizki egiten badu, denok sufritzen dugu: bai ikusleek eta baita alboko bertsolari kideek ere. Saio bat ona izateko, ezin zaitezke elkar izorratzera joan. Norbaiti zangarte egiten badiozu, azkenean zuri etorriko zaizu bueltan. Elkarri laguntzeko eta gauzak errazteko asmoz aritzen gara denok, ahalik eta elkarrizketa politena egiteko saiakeran. Bertsoak badauka horrekin harrotzerik.

Etxahun Lekuek jantzi zuen txapela azkenean. Berak aitortu zuen lehen atalean ez zela aritu gustura. Zuri zer iruditu zitzaizun txapela berak eskuratzea?

Asko poztu ninduen. Txapelketa osoan zehar bageneukan susmoa eta ilusioa berak lortuko zuela aurten. Egia da beste final eta saio askotan hobeto aritu dela lehen pase hartan baino. Baina ez ginen harritu buruz burukora sartu zela ikusita. Oso saio ona egin zuen, orokorrean. Jone Uria ere baneukan buruan. Ez nintzatekeen harrituko Jone pasa izan balitz. Eta Mirenek potoa egin izan ez balu, bera ere sartuko nukeen. Bigarren zatian Etxahunek erakutsi zuen baduela txapeldun izateko erabateko merezimendua.

Emakume batek txapela janzteko gogoa ere bazegoen, ordea.

Bai. Beti izaten da Bizkaiko txapelketan. Etorriko da. Finala egun bateko kontua da, gainera, eta ez du esan nahi bata bestea baino hobea denik.

Aurten aldatu egin da udaberriko faseko kanporaketetan aritzeko sistema. Ondoriorik izan al du horrek?

Lehenago, eskualdeko bertsolariek eskualdean bertan egiten zuten lehen saioa. Orain, edonon egoki dakizuke kantatzea. Niri pena eman zidan. Lea Artibaiko eskualdeko txapelketa izugarria izaten zen: oso gustura kantatzeko eremua. Dena den, ulertzen dut gurea oso eskualde indartsua dela bertsolaritzari dagokionez. Eta baliteke aurreko sistemak Bizkaiko beste eskualde batzuei horrenbeste on ez egitea. Esaterako, Meatzaldekoa bezalako eremuekin ez zegoen parekatzerik. Pena ematen dit guk daukagun pribilegio horri uko egin behar izan diogulako, eta beste saio ez horren motibatzailean kantatu behar izan dugulako. Hala ere, Bizkaira osotasunean begiratuta, on egin dakiokeela iruditzen zait. Lehenago jende gutxi ibili den saioetara jende gehiago joango zen agian aurten. Dena den, ez dakit era horretako ondoriorik atera duen elkarteak.

Bestalde, aurreko txapelketan baino hamar neska gutxiagok eman dute izena. Lotura izan dezake aldaketa horrekin. Izan ere, neska gazte bat konbentzi dezakezu parte hartzeko esanez lehen saioa eskualdean abestuko dugula, ezagunak garenok, bertso eskolakook, geuk bakarrik. Orain, hasieratik egoki dakizuke Algortan kantatzea zuretzako oso bertsolari ona den baten ondoan. Horrek beldurrak sor ditzake hasiberriengan. Ez dakit horrek lotura zuzena izan duen aurrekoan aritu ziren hamar neskak kanpoan geratzeko. Baina alde horretatik zer hausnartu badagoela iruditzen zait.

Aurten hartu duzun eskarmentuaren ostean, zeintzuk irakaspen edo asmo atera dituzu?

Benetan oso emozio polita izan da finalean egotea. Hurrengoan joango naiz egoera hori errepikatzeko asmoz. Finalerdietan hasi beharko dut, ordea. Beraz, dena saio batean jokatu beharko dut. Ondo egiteko gogoz nago. Baina argi dut hau batzuetan erruleta bat dela, eta dena ez dela irabaztea. Euskal Herriko txapelketa ere izango dugu datorren urtean. Beraz, bertsotan buru-belarri aritzeko bi urte izango dira. Eta aprobetxatu egin nahi dut. Hau guztiau benetan gustuko dudan ikusi nahi dut. Ea prest nagoen asko edo gutxi emateko bertsoari. Probatzeko gogoz. Irakatsi eta ikasi egin gura dut. Ikusiko dugu zer datorren.

Aurten txapelketa zabu batekin irudikatu da, bertsolariek bertsotan salto egiteko helburua islatuz. Lortu al duzue?

Nik, nire aldetik, bai. Salto handia eman dut. Urte osoa izan da txapelketa bat niretzat. Eta uste dut beste batzuek ere baietz. Jendeak asko lagundu du. Oso bertsoaldi eta maila onak eskaini dira. Eta finalean islatu da hori. Finalera zortzi besterik ezin da iritsi; baina egon dira beste batzuk merezi izan dutenak. Bertsotan oso ondo egiten duen jende asko dago Bizkaian, eta ezin gara mugatu zortzira bakarrik. Hori aztertu egin beharko litzateke.