Kortako behien txapelak

Kortako behien txapelak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Enbor zatiak, lantzen ari diren egurrak, baserriko lan tresnak. Mahai luzea, mantel koadroduna duena. Bi aldeetan banku bana, otordu jendetsuak hartzeko modukoak. Harrizko horma sendoak. Ez du abererik, ez da korta. Ez da lantegia ere. Baina Txirri eta Garbiñeren korta da, azken urteetan hainbat txapel ehuntzen ikusi duen elkargunea. Bizkaiko azken lau bertsolari txapelketetako txapeldunak bertatik atera dira. Han batzen dira, duela dozena bat urte ingurutik, hiru abere horiek: Etxahun Lekue, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes. “Gu Txirri eta Garbiñeren kortako behiak gara”. Harro errepikatzen dute hirurek nolakotasun hori; nabarmentzen dute, aldarrikatzen. “Anaiari esan diodanean hona gentozela, bera ere Txirri eta Garbiñeren kortako behia dela esan dit”, dio Fredi Paiak Xabi anaiari buruz. Asteon egindako hitzordura joateko gogoz geratu dela hura ere. Egun ez da behien bilkuretara joaten, baina bai hasierako urteetan. 2006an Bizkaiko txapela irabazi zuenean, Larrabetzuko korta bereziko parte zen.

Etxahun Lekueren gurasoak dira Txirri eta Garbiñe. Larrabetzuko etxean duten behealdeari esaten diote korta, lehen hala zelako. Bertso txapelketak dituzten garaietan, han batzen dira Lekue, Paia eta Estiballes entrenatzeko, eta azken lau edizioetako Bizkaiko txapeldun bihurtu dira. Aurten, Lekuek jantzi du txapela; duela bi urte Paiak; eta 2012an eta 2010ean, Estiballesek.

Hirukoteak ez du gogoan zehazki noiz hasi ziren Larrabetzun batzen; “2004 edo 2005ean izango zen”. Orduko hartan Xabi Paya ere aritzen zen haiekin —eta txapela lortu zuen—, eta, gerora, “urteren batean”, Ibon Ajuriagojeaskoa ere izan dute kide. Azken hiru urteetan, Beñat Ugartetxea dute bidaide. “Aurreko finalean sartu zenean geugaz zebilen”. Aurten ere finalean sartu izana saritzat dute, eta gustura daude laurak lortutakoaz.

Konfiantzaren uzta

“Giroa” dute gakotzat. “Elkartzea bera ez da arraroa”, dio Paiak, entrenamenduetarako erabiltzen duten mahai handiaren bueltan: “Beste hainbat bertsolari ere batzen dira entrenatzeko, bertso eskoletakoak eta, baina hemen sortzen den giroa berezia da”. Urteetan ondutako konfiantzaz gain, lekuak berak ere zerikusia duela seguru daude hiru txapeldunak. “Gu geu Larrabetzuko eskoletan geratuko bagina, adibidez, gela batean, gain behera egingo luke honek”. Tabernan izaten dute hitzordua, eta kortara joaten dira jarraian: mahaiaren bueltan egiten dituzte batak besteari proposatutako ariketak, elkarrekin egiten dute kantuan, argitzen dituzte zalantzak eta aztertzen ikuspegi desberdinak, eta bakoitzaren lanak emandako onenei zein txarrenei buruz hausnartzen dute. Saioaren aurretik, entrenamenduan bertan, eta ondoren. “Asko laguntzen du geroko afariak ere”.

Txirrik eta Garbiñek prestatzen diete saioaren ondorengo afaria, asteazkenero; “tira, Garbiñek gehiago”, aitortu du Paiak. Elkarrekin afaltzen dute guztiek, “eta hor sortzen da elkarrizketa beste era batera, lasai…”.

Euren arteko konplizitateak ematen dien aberastasuna eztabaidaezina da. “Etxahun Larrabetzuko bertso eskolan dabil, eta hor ere kantatzen du; Fredi Algortako bertso eskolako kidea da; eta ni, Santutxuko eskolakoa”, dio Estiballesek. “Baina gero hirurok gauza komun asko ditugu, eta elkarregaz konfiantzan eta gustura sentitzen gara”.

Aspalditik dute laguntasun hori, Jon Lopategiri esker bertsotan elkar topatu zuten garaietatik. Ez dute ahazteko Lopategik Bizkaiko bertsolari gazteak nola hartu eta batu zituen. Nola eramaten zituen hara eta hona bere autoko maletategian, eta nola entrenatzen zituen etenik gabeko kantu saioetan. “Errendimendu Handiko Zentroa zen hura!”, dio barre artean Paiak. “Orduan ez ziren haurrentzako aulkitxoak behar, eta maletategian joaten ginen”, oroitu du Estiballesek. “Orain, umeak barnetegira eramateko aseguruak ere egin behar dira!”. Barre artean gogoratzen dituzte haurtzaro eta nerabezaroko garai haiek, Lopategirekiko miresmena dariela. “Giltzarria izan zen nire bertsolaritza bidean, beragatik izan ez balitz ez nukeelako jarraituko bertsotan. Bakarrik geratu nintzen herriko bertso eskolan, eta berak hartu ninduen”, azaldu du Lekuek.

Aspalditik dute, beraz, hiru txapeldunek laguntasun eta talde sentimendua. “Hemen ibili aurretik ere elkarregaz asko kantatu dugu. Gauza asko bizi izan ditugu, elkarregaz bertso afari askoren ostean geratu gara, elkarri konfidentzia asko egin diogu”.

Berezitasunetatik edaten

Batzen diren bertsolari bakoitzaren berezitasunak ere badira guztiek jasotzen duten aberastasunaren giltzarri, haien hitzetan. “Oso bertsolari diferenteak gara, eta, era berean, nahiko maila pareko bertsolariak”, zehaztu du Lekuek. Bakoitzak baditu bere indarguneak eta bere ahulguneak, eta bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu: “Arlo oso desberdinetako ekarpenak egiten ditugu”, azaldu du aurtengo txapeldunak. “Nik agian gehiago lantzen dut errima edo puntuak zelan lotu; Fredik gehiago egiten du orokorrean gaiari nondik oratu; Arkaitzek ideietan egiten du indar; eta Beñatek umorerako daukan gaitasun hori besteok ez daukagu. Denok gara oso diferenteak”.

Bakoitzak duen onena ematen dio hurkoari, eta, txapeldunen esanetan, nabaritzen dute kortako entrenamenduen ondoren norberak “koska bat” egiten duela gora.

Gustura egoten dira txapelketa sasoietako asteazkenero. “Aurreko txapelketan esaten genuen txapelketako onena eguaztenetako entrenamendua zela: hemen egon, kantatu, gero afaldu, berba egin… Brometan esaten genuen, baina bromen artean egia gordetzen da”, aitortu du Paiak. “Broma da, baina egiatik dezente dauka, bai”, erantsi du Lekuek.

Aurtengoa da horren guztiaren adierazle. Txapelketan aurkezteari uko egin arren, asteazkeneroko entrenamenduetan egon dira Paia eta Estiballes. Sekula baino finago, gainera. Eskertuta agertu da aurtengo txapelduna. Eta harrituta ere bai: “Beñat eta biok izan gara formalenak arlo horretan. Ni bertan bizi naizenez errazago dudalako, eta Beñat gutxi huts egitekoa delako. Hauek biek beti dauzkate beste kontu batzuk. Ba, esango nuke aurten izan dela gutxien huts egin duten urtea. Inoiz baino formalago ibili dira! Eguaztenero-eguaztenero etorri dira, eta etorri gaiegaz, aholkuegaz gainera”. Eurek ez diote ezetz: “Aurreko urteetan desberdina zen”, Paiaren hitzetan: “Etortzen ez bazinen, ez zinen entrenatzen, eta zeure buruaren kalte izango zen. Aurten, etortzen ez bazinen, arazoa zen agian ez zirela hauek entrenatzen, eta orduan pisua handiagoa zen”.

Botilero sentsaziorik ez dutela diote, hala ere, Paiak eta Estiballesek. “Lagun sentsazioa” dela dutena. Eta, lehenago ere, gainontzekoak laguntzen aritu zaizkiela. Berezi sentitu dute aurtengo txapelketa. “Ahots berriei leku uzteko” eta “neke puntu bategatik” lehian ez aritzeko erabakita, entzuleen eserlekuetatik jarraitu zuten larunbatean finala, elkarren ondoan. Oholtza gainean ziren guztiak lagunak dituzten arren Lekuerekin “talde sentimendua” dutela eta, berak irabaztea nahi zutela aitortu dute; “baina ez beste norbaitek irabazterik ez dugulako nahi”.

Eta pozarren daude emaitzarekin: “Guretzat, Etxahunek irabaztea bada ziklo bat borobiltzea”, azaldu du Estiballesek. Ziklo bat amaitu den galdetuta, argi erantzun du: “Orain, Etxahunena hasten da”.

Lekuek txapela irabazi eta “merezimenduz irabazi” duelako oso pozik dagoela adierazita, “zapatuko poztasuna” oraindik mantentzeko arrazoi gehiago ere badituela azaldu du Paiak: “Ikusi genuen gazte asko datozela, eta onak”. Estiballesek eta biek lehian parte ez hartzeko hartutako erabakiak horiei leku egiten utzi ahal izan diela pentsatzeak ere asebetetzen du. Eta taula gaineko irudiak utzi zion “Bizkaiko bertsolaritzaren ikuspegiak”. Etorkizuna ikusi du. Estiballesek ere ez aurkezteko erabakia hartuta “erreleboaren ardura” ondo betetzen lagundu duen sentsazioa du, eta gustura dago.

“Aurtengoak badauka 2006ko txapelketaren antz apur bat”, hausnartu du Lekuek. “Hori izan zen lehen txapelketa Igorrek [Elortza] eta Unaik [Iturriaga] parte hartu ez zutena. Ordura arte bagenekien Unai eta Igor egongo zirela, buruz burukora pasatuko zirela eta oso saio ona egingo zutela. Maila bat ziurtatuta zegoen. Baina, horiek kendu zirenean, finalean sartu ginen zortziek genuen ardura zen ahalegindu behar genuela hori igar ez zedin; guk ere maila bat ziurtatu behar genuen. Aurten ere eduki dugu horretatik: lortu behar genuen Arkaitz eta Fredi egon barik ere final on bat egiten”.

Alor horretan aldaketak etorriko diren esperantza du Paiak: “Azken hogei urtean bi figura zentral izan ditugu Bizkaiko bertsolaritzan. Unai eta Igor egon ziren, eta gero gu ginen gazteak. Agian, hemendik aurrera ez dira egongo bi figura zentral buruz burukoak egiten hamar urtez”.

Irailean hasi zituzten kortako entrenamenduak amaitu dituzte oraingoz. Hurrengo hitzordua urtarril erdialderako dute, Lekueren gurasoekin. Ohitura dutenez, asteazkenero afaltzen eman dietenak afaltzera gonbidatzen dituzte txapelketa amaitu ondoren. Gerora Larrabetzun batuko dira, berriro, irailetik aurrera, Euskal Herriko txapelketa baitu Lekuek. Beraz, entrenamenduei ekingo diete, berriro, Txirri eta Garbiñeren kortako behiek. Hortik aurrera Bizkaiko aurtengo txapeldunak egingo duen bideari buruz, “ikusiko dugu”, dio.