Pantailaren tronua eskuratuta

Pantailaren tronua eskuratuta

Iñigo Astiz

Aurten heldu dira ezpatak eta dragoiak Euskal Herriko kostara. Besteak beste, Gaztelugatxe eta Barrikako Muriola hondartza hautatu ditu aurten Erdi Aroan girotutako AEBetako fantasiazko Game of Thrones telesail entzutetsuak bere zazpigarren denboraldiko kapitulu batzuk grabatzeko, eta garai bateko zinema produkzio erraldoiek besteko arreta erakarri du gune horietara. Hantxe izan dira lanean telesaileko aktore nagusietariko batzuk, eta Euskal Herriko ehunka pertsonak hartu du parte estra modura grabazioetan, baina kontu handiz gorde dituzte tramaren detaile guztiak HBO ekoizpen etxeko arduradunek. Bestela ere bazuten bi kokapen horiek bisitariari deigarri iruditzeko nahikoa meritu, baina pantailaren tronua ere eskuratu dute orain.

Barrika izan zuten lehen geltokia azaroan, eta grabazioek piztutako jakin-mina azpimarratu zuen Roberto Muñoz alkateak. “1.569 biztanle dituen herri honetan ikusmin handia piztu du muntaketarako etorri den jende uholdeak”. Aktore, teknikari eta bestelako langileak ere kontuan hartuta, 300 langile inguru batu zituen grabazioak herrian, alkatearen hitzetan. Herria telesailean agertzeak turismoa erakartzen lagunduko duen esperantza agertu zuen, gainera.

Barrikatik Bermeora. Hiru egun eman zituen telesaileko aktore taldeak Gaztelugatxe ermita inguruan grabaketak egiten, baina denbora gehiago pasatu zuten langileek ingurua telesailerako prestatu eta egokitzen. Jende mugimendu horrek herrian eta inguruan utzitako diru kopurua azpimarratu zuten egun haietan lurraldeko eta herrietako ordezkari politikoek. Aktoreak lanean ari zirenean balizatu eta itxi egin zituen poliziak grabazio gunearen inguruak eta errepideak. Oso urrundik baino ezin izan ziren ikusi grabaketak horregatik, baina jendetza bildu zen, halere, prismatikoekin zer edo zer ikusterik zuten probatzera, eta irudi gutxi batzuk ere lortu zituzten teleobjektibo handia baliatu zuten argazkilariek. Nahikoa, halere, sailaren zaleenen irudimena martxan jartzeko.

Herritarren kexak

Iaz, Nafarroan izan ziren telesailekoak. Bardean grabatu zituzten ordukoan sekuentzia batzuk, eta, Bizkaian egindako grabazioez gain, Zumaiako Itzurun hondartzan ere (Gipuzkoa) izan dira aurten. Telesaileko lantaldeak plaian egindako aldaketek eragin dute polemika han. Hondarretan zegoen petrila kendu zuten hondeamakinekin langileek, eta protesta gisa pankartak eta jarri zituen herriko surf elkarteak, lelo bakarrarekin: “Itzurun errespetatu”.