Lan gatazkak, ohiko bihurtuta

Lan gatazkak, ohiko bihurtuta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Lan gatazkekin abiatu zuen urtea Bizkaiak, eta lan gatazkekin bukatuko du. Urtarrilaren lehen asteetatik langileen protestak izan dira nagusi lurraldeko kaleetan. Kalera atera dira, besteak beste, Bizkaibuseko langileak, zahar etxeetakoak, hondakinak kudeatzeko plantakoak, museoetako beharginak eta azken hamarkadetan Bizkaiko industriaren motorra izan diren altzairutegietako langileak. Hitz bera izan dute behargin gehienek pankartaren atzean: “prekarizazioa”. Hasi bezala bukatuko du urtea lurraldeak. Izan ere, Basauriko Sidenor enpresak iragarri berri du aldi baterako lan erregulazioa ezarriko duela datozen bi urteetarako.

Beharginen protestak pilatu zaizkio Bizkaiko Foru Aldundiari aurten; ia hilero, mobilizazioak izan ditu egoitzaren aurrean. Ezbairik gabe, diputazioaren esku dauden zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresetako beharginen protestak izan dira, azken urtean, esanguratsuenak. Diputazioak enpresen esku uzten ditu administrazioak eman beharreko hainbat zerbitzu publiko, eta horiek eskaintzeagatik diru publikoa jasotzen dute enpresek. Kate horren azken katebegia dira langileak. Eta etengabeko estualdian izan dira zerbitzu publikoetako beharginak, sindikatuen arabera. Aldundiaren esku dauden zahar etxeetako langileek urtarrilean hasi zituzten mobilizazioak, eta, oraindik ere, konpondu gabe dago gatazka. Greban daude beharginak hilabete honetan.

Guztira, 10.700 ohe daude Bizkaiko zahar etxeetan, eta horietako 5.200 dira itunpekoak. Hau da, erdia baino gehiago finantzatzen du aldundiak, eta, zerbitzua kudeatzen duten enpresek lan hitzarmena berritu behar duten aldiro, protestak egiten dituzte beharginek. Erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua eta langileen lan baldintzak “gizagabeak” direla salatzen ari dira urte hasieratik. Azken urteetako atzeraldiaren ardura diputazioarena dela diote langileek, baina erakundeak ez duela gatazka konpontzeko borondaterik. Guztira, 6.000 behargin dituzte adinekoen egoitzek; eta emakumeak dira horietako %98. Zerbitzua 9.000 bizkaitarri ematen diete.

Aldundiari deika

ELA sindikatuaren arabera, 200 erabiltzaile dituen egoitza publiko batean goizeko txandan 32 zaintzaile egoten dira; 24 arratsaldekoan; eta zortzi gauekoan. Itunpekoetan, ostera, hamasei egoten dira goizez, 11 arratsaldez, eta bost zaintzaile eta hiru laguntzaile gauez. Beharginentzat ez ezik, erabiltzaileentzat jasangaitza da egoera hori. Ratioak eta soldatak hobetu bitartean eutsiko diote protestari, horregatik.

Adineko egoitzetako protestekin batera atera ziren protesta egitera Bizkaibuseko langileak ere. Hiru urtean hiru aldiz atera dira kalera autobus zerbitzuetako langileak; aurtengoan izan da azken saioa. 2013tik dator gatazkaren soka: zerbitzu berria martxan jarri eta lineak egokitu zituen orduan aldundiak. Bien bitartean, lan itunik gabe zirela salatu zuten langileak eta, ondorioz, “prekarizatzen” ari zela beren egoera. Diputazioak berak kontratatzen ditu Bizkaibus kudeatzeko enpresak, eta gatazkaren hasieratik zuzenean interpelatu zuten, horregatik. Lanuzteen ondorioz enpresekin lan hitzarmenak adostea lortu zuten arren, enpresa bakoitzean ezberdinak dira langileekin adostu dituzten lan baldintzak; eta enpresa bakarrak jaso du enplegua ez amortizatzeko konpromisoa: Arratiako, Durangaldeko eta Hego Uribeko lineak kudeatzen dituenak, alegia. Bost enpresa, bost eskualde eta langileekin bost hitzarmen ezberdin ditu orain Bizkaibusek.

Autobus zerbitzuetako protestak Arraizko TMB plantako 127 beharginen mobilizazioekin elkartu ziren hiriburuan. Urrian utzi zuten bertako beharginek sei hilabete arinago abiatutako greba. Auzi horretan ere, aldundia interpelatu zuten langileek zuzenean. Garbiker foru elkartearen menpe dago Arraizko TMB, eta zaborren tratamendu mekaniko-biologikoak egiten dituzte bertan. Diputazioarena da planta, eta lan hitzarmenean bi konpromiso zehatz hartzea eskatzen zuten langileek: soldata prekarioak bukatzea eta gehiegizko lanaldiak etetea. Protesten ondorioz, bi neurri horiek jasotzen dituen itun bat adostu zuten langileek eta enpresak.

Hiriburuko museoetan ere gatazkak izan ditu administrazioak. Bilboko Arte Ederren Museoan greba mugagabea abiatu zuten langileek ekainean. Museoaren Patronatuak kontratatutako enpresa da Manpower Group Solution SLU —Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak osatzen dute patronatu hori—. Eta Manpower-ek kontratatzen zituen bisitariei harrera egiten dieten langileak. 880 eurokoa zen lanaldi osoko kontratua zuen langile bakarraren soldata, asteburu, jaiegun eta estra guztiak aintzat hartuta. Lan baldintza “prekarioak” salatzeko, 41 egunez izan ziren protestan. Eta eskaera bi egin zituzten langileek: enpresak lan baldintzak hobetzea, batetik, eta museoaren jabe diren erakundeek hurrengo lehiaketa publikoan egungo langileak kontratatzeko baldintzak ezartzea, bestetik. Uztailean lortu zuten aurreakordioa. Eta, lortutakoaren arabera, 2019. urtera bitartean soldata progresiboki igotzea adostu dute bi aldeek; protestak abiatzean beharginek zuten 10.500 euroko soldata gordinetik, 20.500 eurokora igotzea, alegia.

Arte Ederren Museoko beharginen testigua Guggenheim museoko hezitzaileek hartu zuten uztailean. Manpower enpresarekin hitzarmena zuen Guggenheimek ere, eta irailaren 30ean bukatzen zen enpresarekin zuen kontratua; eten horren ondorioz hamazortzi hezitzaile kaleratzeko zegoen arriskuagatik egin zuten protesta. Manpower enpresarekin kontratua bukatu ondoren, hurrengo hitzarmena lortuko zuen enpresak subrogatzeko eskatu zuten langileek horregatik; eta baita lansari duinak izatea ere. Oso bestelako neurria hartu zuen museoak, hala ere: Manpower enpresarekin zuen hitzarmena bukatuta, ez du hezitzaile zerbitzurik kontratatu, eta, ondorioz, ez du langilerik azpikontratatuko. Datorren ikasturterako hiru langile hartuko dituzte, aurreko hamazortzi hezitzaileen ordez.

Ez dira zerbitzuetako langileak izan 2016an kalera atera diren bakarrak. Euskal altzairugintzak azken urteetan izan duen beheraldiak ere arrastoa utzi du Bizkaian aurten. Trapagarango Galindo kalean dagoen Productos Tubulares enpresak aldi baterako erregulazio dosierra aurkeztu zien beharginei urte hasieran. Inportazio merkeei eta energia kostuei ezin eutsita, plantako 430 langileetatik 398ri ezarri zieten neurria; langile zerrendan dauden %92ri alegia. Lanaldiaren murrizketa aldi baterako izango dela azaldu du enpresak; eta, egoera hobetu ahala, alboratuko dituztela beharginei ezarritako murrizketak.

Altzairuaren beherakada

Arcelor Mittalek Sestaon duen plantak ere zeresana eman du urte honetan. Urte hasieran azaldu zuen enpresak Txinako ekoizpenarekin ezin lehiatu zebilela, hura %30 merkeago delako. Argudio hori hartuta, aldi baterako enplegu erregulazioa aurkeztu zien langileei, eta otsailean enpresaren ateak itxi zituzten; 335 langile utzi zituzten lanik gabe. Lantegia utzi zutenetik etengabekoak izan ziren ACBko langileen protestak, eta euskal altzairugintzaren beheraldia areagotu ez dadin neurriak hartzeko eskatu diete behin eta berriz Eusko Jaurlaritzari eta diputazioari. Irailean ireki zuten berriz enpresa; ez nahi bezala, ordea. Asteburuetan bakarrik lan egingo dute Sestaoko ACB enpresan, hamabi orduko txandatan, eta 140 langilerekin. Zazpi hilabeteko geldialdia egin aurretik zeuden langileen erdiak dira horiek.

Bizkaiko altzairugintzaren beheraldiaren beste kasu batekin bukatu da urtea. Izan ere, abenduaren hasieran, lana erregulatzeko txostena aurkeztu dute Basauriko Sidenor lantegian. Onartu egin dute UGT, CCOO, USO eta CSI-F sindikatuek —ordezkaritza sindikalaren %76 dute—. ELA, LAB eta ESK sindikatuak, aldiz, neurrien kontra azaldu dira.