Kaleko artearen xarma

Kaleko artearen xarma

Natalia Salazar Orbe

Hiriaren erdian, itsaso zabalaren gainean kokatutako eskailerak, goitik behera; auto mordoa elkarren gainean pilatuta; baita eraikinez eraikin, teilatuak patinez zeharkatu behar dituela dirudien mutikoaren abileziak ere. Eraikinetan eta kaleko hormetan hainbat artistak egindako hogei irudi inguru daude Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako fatxadetan. Eremuotan denen eskura dagoen kaleko artea ezagutarazteko katalogo bat argitaratu du Bilboko Udalak: hiriko nazioarteko horma-arte publikoaren lehen katalogoa da. Eta, astelehenaz geroztik, artelanon historia eta egileen asmoak azaltzeko bisita gidatuak daude martxan.

Era askotako estilo eta gaiak lantzen dituzten obrak aukeratu dituzte hiriaren erdialdeko gunearen garrantzia nabarmentzeko. Europako arte urbanoaren bilduma publikorik esanguratsuenetako bat dago bertan. Berlin, Londres eta Brusela jotzen dira nazioarteko arte urbanoaren meka handitzat. Hala ere, katalogoaren sustatzaileak eta ibilbidearen xehetasunak emateko ardura dutenak sinetsita daude Bilbokook ez direla hiri horietako gune batzuk baino gutxiago artearen diziplina horri dagokionez. SC Gallery + Art Management galeriarekin eta BAUT Bilbao Arte Urbano Tours-ekin batera argitaratu du lana udalak.

Obren bitxikeriak

Miribillan aparkalekuen arazoarentzako irtenbidea proposa lezakeen irudi batek harrituko ditu bisitariak. Zoer eta Velvet artistek Spindle eraman dute bertara. Historia bitxia du atzean artelan horrek. Dustin Shulerren eskultura bati egindako tributua da. Artista estatubatuarrak 1989an egin zuen lan hura, Berwin hirian. Zortzi auto jarri zituen puntadun makila batean iltzatuta. Eztabaida ugari sortu zuen lan hark. Ondoan zegoen merkataritza gune baten babesa izan zuen pop art generoko instalazioak; bertako erosketak %30 hazi omen ziren eskultura ikusgarria han jarri zutenez geroztik. Berwingo herritarren presioen ondorioz, 2008an kendu egin zuten, ordea, txatar mordo bat besterik ez zela iruditzen zitzaien-eta. “Gure asmoa da Spindle eskultura hari bigarren aukera bat ematea”, azaldu dute Zoer eta Velvet artistek.

Autoen lanak duen beste kolorerik ez daukate SUSO33ren Margo Beltzak obrek. Denboraren joanak eraikinetan utzi dituen arrastoekin egiten du lan artistak. Hala, pintura naturalen edertasuna nabarmentzen du. Beraz, denboraren joanak ere eraldatu egiten du artistaren obraren eszenografia. Likenek, hezetasunek eta hondatzeek hormetan sortzen dituzten orbanen gainean osatzen ditu lanak.

Hiriaren erritmoak sarri sortzen duen zurrunbilotik aldenduta, lasaitasun giroan murgildu nahi dutenentzako oasia sortu du, bestalde, Michael Grudzieckik. Sea Forts du izena bere lanak: Itsasoko gotorlekua. Itsasoaren erdigunean kokatzen den metalezko egitura bat margotu du artistak, eskailerekin. Irudi surrealista hori, tarte batez hala behar duenak gizartetik isolatzeko baliatzea proposatzen du egileak.

Mena kalean etxebizitzen teilatu gainetatik doaz patinean neska-mutikoak, zoru gaineko errepide edo espaloietatik ibili beharrean. Hala irudikatu du DK Muralismok, kale horretako hirugarren zenbakiko etxebizitzaren goialdean.

Irudi bakoitzak mezu bat edo historia edo pasadizo bitxiren bat du atzean. Urteetan utzita, zaindu gabe, egon den eremuak Bilbo berriaren abangoardian leku bat lortu nahi du, kulturaren eta talentuaren eskutik. Arte gordina kalean bertan ikusi eta sormenezko lan horien atzean dauden sekretuak ezagutu nahi dituztenek badute horretarako aukera: ordu eta erdiko bisita gidatuak herritar guztientzako daude zabalik. Urtarrilaren 28ra arte eskainiko dituzte. Parte hartzeko, beharrezkoa da aurretik izena ematea udalaren informazio telefonoan: 010 edo 944-010 010.

Katalogoan sartu dituzten horma-irudirik garrantzitsuenetako batzuk ikusi ahalko dira. Ibilbidea oinez egingo da, horma-irudiez gain auzoon egunerokoa, giroa eta bertako bizilagunen joan etorrien artean txertatuta dauden lanen mezua ulertzeko baliabide ororekin. Lanei buruz informazio zehatza jasoko dute; egileak, erabilitako teknikak, lekuetako idiosinkrasia eta horma-irudiak egitean gertatutako pasadizoak azalduko dituzte.