Eskubideak luxu izateari utz diezaion

Eskubideak luxu izateari utz diezaion

Natalia Salazar Orbe

Herritar orok du etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea. Legeak hala dio. Eta logikak ere hala agintzen du. Hala ere, utopia izan beharko ez lukeenak bide hori hartu zuen aspaldi. Hirurehun lagunetik gora bizi dira etxerik gabe Bilbon. Eta 8.400 herritar etxebizitza bat alokatzeko zain daude. Arazoa ez da etxe falta gutxien jota 5.453 etxebizitza huts dauden hirian. Datu hori eman du Bilboko Udalak. Kopuru horri, erabilera gutxiko beste 3.269 gehitu dizkiote. Beste elkarte eta talde batzuek bestelako zenbakiak eman dituzte. Eskubide sozialen aldeko Elkartzen elkarteak 15.000 direla azaldu du, Gaindegia elkartearen datuak baliatuta. 2014koak dira datuok. Antzeko kopuruak utzi zituen agerian Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak 2010ean egindako azterketak: 15.170 etxe huts zeudela ondorioztatu zuen; etxebizitza guztien %10.

Zer dela eta gorabehera horiek kopuruetan? Legeak ez du aurre-ikusten etxebizitza hutsen definiziorik. Elkartzen elkarteak uste du Euskal Herri osoarentzako etxebizitza lege batek gauzak erraztuko lituzkeela. Eta, batez ere, etxebizitzak eskubide bat izan beharko lukeela azpimarratu dute.

Udalak etxebizitza bat hustzat jotzeko bete behar dituen baldintzak zeintzuk diren azaldu du Goyo Zurro Bilboko Etxebizitza zinegotziak. Oinarrian, herritarrik erroldatuta ez duten etxebizitzak hartu zituzten ikerketa abiatzeko. 16.000 baino gehiago ziren. Eta horiek beste erregistro batzuekin erkatuta, lau etxebizitza mota bereizi dituzte. Hustzat jotzeko, hiru aldaeratako bat betetzea hartu dute irizpide: “Erroldarik ez duten eta ur kontsumorik ere ez duten etxebizitzak. Erroldarik ez dutenak eta ur hornidurarako kontraturik ere ez dutenak. Edota norbait erroldatuta egon arren ur kontsumorik ez duten etxebizitzak”.

Beste bereizketa bat egin dute, eta erabilera gutxikotzat jo dituzte laugarren batzuk: ez dago inor erroldatuta eta ur kontsumoa edozein pertsonak bataz beste kontsumituko lukeenaren herena da. “Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bost minutuko dutxa batean 95 litro ur inguru kontsumitzen ditugu. Beraz, oso erabilera baxukotzat jo ditugu egunean 57 litroko ur kontsumoa izan ditzaketenak”. Hala ere, kasuan kasu aztertzeko asmoa iragarri du. Hori dela eta, urtarrilean ikerketarekin jarraituko dute, etxe hutsen eremuetara gerturatu, eta galdetegiak eginaz.

Elkartzen elkarteak bestelako irakurketa egin du. Uste dute beste aldagai batzuk hartu beharko liratekeela kontuan. Eztabaidarako zabalik daude, eta definizio bat ere proposatzen dute: etxebizitza hutsa urtean 295 egun baino gehiagoz eta justifikaziorik gabe bizilagunik hartzen ez duen etxea da. Halaxe dio Regina Maiztegik ere: “Ditugun jai edo atsedenerako egunen %50etan etxea ez badago okupatuta, hutsik dagoela deritzogu. Alegia, urtean gutxienez 70 egunetan ez badago inor etxean, hustzat jotzen dugu”.

Iruzurrerako tartea

Udalak uraren gutxienezko kontsumoari erreparatuta egin dituen sailkapenak ez dituzte jotzen oso fidagarritzat, “iruzurra egin daitekeelako. Posible dut hutsik dudan etxera joan eta iturria zabalik uztea egun batez. Hala, beharrezkotzat jotzen den besteko kontsumoa egingo nuke”.

Legeak etxe hutsen definizioa egin egin behar duela azpimarratu du. “Zer dago definizio hori ez egitearen atzean? Benetan etxebizitza hutsen arazoa ez bukatzeko nahia”.

Etxe hutsen kopurua zehazteko irizpideak irizpide, arazoari irtenbidea emateko proposamenetan ere iritzi desberdinak dituzte batzuek eta besteek. Elkartzen elkarteak, hasteko, sakoneko aferari heldu behar zaiola uste du. “Guretzako arazo nagusia da etxebizitza ez dela ulertzen eskubide bat bezala. Merkatuan dago, espekulaziorako bide bat bihurtu da, eta horrek eragiten du prezioak asko igotzea, eta jende askok etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatuta ez izatea”. Etxebizitza “gaur egungo pobretze dinamikaren barruan” faktore oso garrantzitsu bihurtu da. Beraz, lehen eginbeharra horixe da: “Ulertzea etxebizitza eskubide bat bezala”.

Etxebizitza huts horiei erabilera emateko lanean jarraitzeko asmoa dauka Bilboko Udalak. Erabilera gutxiko etxebizitzen benetako egoera zein den ebatzi, bestelako etxeak eta eraikinak zelan dauden ikusi eta jabeek etxeok hutsik izateko arrazoiak zeintzuk diren argitzeaz gain, bestelako neurri batzuk ere jarriko dituzte martxan. Otsailaren erdi alderako alokairurako bitartekaritza bulego bat zabalduko dute. Zehaztu gabe dute zer nolako eredua izango duen.

Era horretako baliabide batek alokairua susta dezakeela sinetsita dago Bilboko Etxebizitza zinegotzia. “Baliteke balizko maizterrik aurkitzen ez duten etxe-jabeak egotea; edota balizko maizter horrek kontratuan jasotako betebehar guztiak beteko dituen bermerik ez izatea. Eta, maizterrei dagokienez, alokairuaren prezioa izan daiteke traba. Edo egoera onean dagoen etxebizitzarik edo kontratuak jasotako betebeharrak beteko dituen jaberik aurkitu ezin izatea. Sinetsita gaude alde batek eta besteak euren arteko akordioak eta kontratuak betetzeko bermeak eskain ditzakegula”. Europako beste herrialde batzuetan darabiltzaten formulak aztertzen ari dira udalean euren bulegoa eratu ahal izateko.

Alokairuaren prezioa zein etxebizitza eskatzaileen baliabideak eta bestelakoak ere aztertu beharko dituzte, noski. “Kalkuluak egin, eta arrazoizko proposamena egin beharko dugu. Hala ere, helburua argia da: etxebizitza hutsak alokairurako mugiaraztea”.

Oraingoz, hori da abian jarriko duten neurria. Hala ere, ez dute baztertu bestelakoak ere martxan jartzea. Etxebizitzek funtzio soziala betetzeari uko egiten dioten jabeei ondasun higiezinen gaineko zerga igotzea da aukeretako bat. Hala ere, Zurrok azaldu du erabakita dagoen bakarra, bitartekaritza bulegoa irekitzea dela.

Erabileraren desjabetzeak

Elkartzenek formula magikorik ez duela aitortu arren, baliagarritzat jo ditu hiru neurri etxebizitza hutsen kopurua murrizteko: “Okupazioa zigortzeari utzi behar zaio. Etxebizitza hutsen gaineko zerga serio bat jarri behar da. Jabegoaren funtzio sozialaren urraketa ematen bada, jabego horren desjabetze bat bultzatu behar da. Ez jabetza bera desjabetu, erabilera baizik. Eta etxebizitza horiek guztiak alokairu publikoaren parkera bideratu”.

Hori da-eta bultzatu beharreko lehen gauza: etxebizitzen alokairu sozialerako parke bat. “Lan horretan herritarrengandik gertuen dagoen erakundeak hasi beharko lirateke; udaletxeak, alegia. Udaletxeek ere etxebizitza hutsak dituzte eta”. Erakunde publiko gisa eredu ere izan beharko lukete. Eta alokairuzko parke publiko horretara etxebizitza huts guztiak bideratu beharko lirateke.

Dena den, etxebizitzaren arazoa bukatzeko, nahitaezkotzat jo du Elkartzenek jendarte osoaren inplikazioa. Eragile sozialek eta herritarrek ere parte hartu beharko lukete etxebizitzen kudeaketarako proposatzen den erakunde publikoan. Hori nola egin zehazterik ez dute izan oraingoz. “Tamalez, oraindik urrun gaude egoera horretatik. Hasteko, etxebizitzaren inguruan lan egiten dugun eragile guztiok ados jarri beharko ginateke, presio soziala handitzeko. Hala, instituzioak behartu egingo genituzke era horretako erakunde bat egitera”.

Etxebizitza eskubidea eskuratzeko bidea zabaltzeko neurriak baino ez dira horiek, ordea. Arazoaren iturburua etxebizitzari aitortzen zaion funtzioan baitatza: “Zer da etxebizitza? Luxuzko produktu bat? Merkatura atera behar den produktu bat? Edo eskubide bat da? Eskubidea bada, merkatuaren logikatik atera behar dugu, gainerakoan, pobretze faktore ikaragarri bat bihurtzen da eta”.

Alokairuen prezioak

Hala, alokairua lehenesten den kasuetan ere, kontuan izan beharko dira maizterrak dituen baliabideak. Bilboko Udalak hala egiten duela azaldu du Zurrok. “0 eurotik hasi eta urtean 39.000 eurora arteko diru sarrerak dituzten pertsona edo familiek dute alokairu soziala eskatzeko eskubidea”. 8.400 elkarbizitza unitate daude egun era horretako etxe baten zain.

Irabazi jakin batzuk dituzten elkarbizitza unitateak eta unitate horrentzako egokiak diren metro koadroak dituzten etxebizitzak ditu udalak. “Gehienez, irabazi ponderatuen %30eko alokairua ezartzen dugu”. Eusko Legebiltzarrak ezarritako muga da hori. “Arrazoizkoa iruditzen zaigu”. Hala ere, aitortu du etxe askotan, kopuru hori ordainduta, zailtasun ugari izan behar dituztela hil bukaerara iristeko.

Prezioari oso garrantzitsu deritzo Elkartzen elkarteak ere. Baina bestelako faktoreekin batera kontuan hartu beharrekoa da. Etxebizitzarena modu isolatuan bidera ezin daitekeen afera da. “Etxebizitza eskubide sozial gisa hartuta, eskubide sozial guztiak elkar lotuta daudela ulertzen dugu”. Hala, diru sarrera duinik ez daukanak nekez ordaindu ahalko du alokairua. “Nire diru sarrerak 300 euro badira, %15eko muga gehiegizkoa da. Baina arazoa ez da %15eko muga, diru sarrera urriak baizik”. Udalarenak bezalako neurriek alde onak izan arren, elkarteak deritzo ez doazela bide onetik; eskubidea beharko lukeenak luxu izateko bideari jarraipena ematen diolako.