Gabarra ere, erasoen aurka konkistatzera

Gabarra ere, erasoen aurka konkistatzera

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bizkaiko industrializazio prozesuari lotuta daude gabarrak. XIX. mende amaieran, meatze guneetako mendietatik ateratako burdina Labe Garaietara eta Bilbo inguruko zein Ezkerraldeko lantegietara eramateko sortu ziren motor gabeko ontziak. Itsasadarraren ezaugarriengatik motordun itsasontzi handiek ezin zuten Ibaizabal zeharkatu, eta tiraka eramaten zuten minerala Abratik Bilboko Areatzaraino. Gogorra zen lana oso. Zirgekin tira eginda, arrastaka mugiarazten zituzten gabarra pisutsuak. Emakumeek. Zirga gorputzaren inguruan uhal batekin lotu, eta tiraka eramaten zituzten Bilbora emakume zirgalariek. Olabeagara mineralez betetako gabarrak, eta Zorrotzara dinamita zeramatenak. Azken horiek bandera gorriarekin ohartarazten zuten kargaren arriskuaz.

Industrializazio garaiko aberastasuna emakume zirgalariei ere zor zaie, beraz. Baina ez zuten sekula aitortzarik jaso. Lan hura launaka antolatzen ziren andreek egiten zutela jakin ere ez dakite gaurko bizkaitar gehienek.

Sinbolo bihurtuta dago gabarra egun. Lanaren, ahaleginaren eta fruituaren aitorpen gisa erabiltzen da. Athleticen garaipenak ospatzeko ikur gisa. Baina Athleticeko batzuen garaipenak soilik ospatzen ditu. Emakumeen taldeak 2003tik lau liga titulu irabazi dituen arren, ez du gabarrarekin ospatzeko aukerarik izan. Ez txapeldunek berek, ez jarraitzaile eta herritarrek. A Plataformaren ustez, emakumeen aurkako indarkeria estrukturala da hori ere. Emakumeen bazterketaren, zapalketaren, diskriminazioaren, errekonozimendurik ezaren adierazle. Ondorioz, horrek guztiorrek sustatutako indarkeria matxistaren eragile ere bai.

Hori dela eta, gabarra hartzea erabaki du artearen eta kulturaren sektorean diharduten emakumeek osatutako A Plataformak. Artistaz, kultura kudeatzailez, historiagilez eta bestelakoz beteko du gabarra sinbolikoaren antzeko Txinbito ontzia. “Emakume arrakastatsuz”. Gaur izango da ekintza, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean. Futbolari arrakastatsuak ere izango dira gabarra hartu dutela irudikatzeko ekintza horretan; txapelketa entzutetsuak irabazi arren, garaipenak gizonezkoentzat gordeta dagoen gabarran ospatzerik izan ez duten Athleticeko jokalari batzuk. Besteak beste. Guztira, “garaile” diren emakumeen 140 andreko lagin bat.

Portugaletetik Bilborako bidea egingo dute, 17:30etik aurrera. Dinamita zeramaten gabarrek zapi gorriekin arriskuaz ohartarazten zuten bezala, futbolean baztertu beharreko jokaerak txartela erakutsita zigortzen dituzten bezala, txartel gorriak aterako dizkiete andreek jarrera matxistei. 19:00etan Bilboko Itsas Museora heldu, eta, hainbat talderen animazioak lagunduta, manifestaziora abiatuko dira, gaurko egunaren harira mugimendu feministak deituta hiriburuan egingo den manifestaziora, hain justu. 20:00etan abiatuko da protesta nagusia, Arriaga plazatik.

Protesta ugari, herriz herri

Herrietan ere, denetariko ekitaldiak egiten ari dira emakumeen aurkako indarkeriaren kontra. Berangon, esaterako, 11:30ean elkarretaratzea egingo dute gaur metro geltokiaren aurrean. Bihar arratsaldean, Beldur Barik programako lanik onenak sarituko dituzte. Antzerkia ere izango da herrian. Etzi, ipuin kontalaria.

Bermeon, gaur eguerdirako antolatu du elkarretaratzea Goiko Plazan udalak, emakume taldeen, Urdaibai arraun elkartearen eta herriko ikastetxeen laguntzarekin. 19:00etan, Lameran egingo dute protesta.

Getxon, San Nikolas plazatik abiatuko da Bilgune Feminista, Haziak eta Mujeres con Voz elkarteek antolatutako manifestazioa, 19:30ean. Ordu berean, Gizatiar elkarteak elkarretaratzea egingo du Bizkaia Zubia plazan.

Zubiondo parkea “gogoeta gune” bihurtuko dute zornotzarrek 16:00etatik 19:00etara. Bihar eguerdian ipuin kontalaria egongo da udal liburutegian, eta, etzi, Mustang filma proiektatuko dute 18:00etan, Gaztetxokoan.

Arrigorriagan, indarkeriaren aurkako murala egingo dute herritarrek udaletxe atarian gaur, egun osoan zehar. 18:00etan, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako herri martxa egingo da udaletxetik abiatuta. Ondoren, Beldur Barik lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Bihar, etzi eta etzidamu, autodefentsa ikastaroak eskainiko dituzte, goizean.

Bakion, indarkeria matxistaren kontrako protokoloa egin du udalak, eta gaur aurkeztuko du, 19:00etan, Kultur Etxean.

Askoz herri gehiagotan antolatu dira eraso matxisten aurkako mobilizazio eta ekintzak. Adierazpen instituzionalak ere ugari izango dira gaur, eta erasoak arbuiatzeko puntu lilak ere bai.