Zuloak

Nerea Ibarzabal

Haurra amaren sabelean dagoenean, zilborra irekita du, baina gainerako zulo denak itxita: begiak, belarriak, sudurzuloak, ahoa, uzkia, genitaletako zuloak. Jaiotzen denean, ostera, zulo horiek denak zabalduko zaizkio, eta zilborra itxi”. Craig Thompsonen Habibi komikia gainbegiratzen dabilela, gure amaren arreta deitu du esaldi horrek. Eta, egia esan, polita da pentsatzea nola une batean gure bizi iturri garrantzitsuena zena funtziorik gabeko orbain bilakatu den; nola zulo denak itxita geneuzkan garai hori gure bizitzetako baketsuena izan zen, eta orain zeinen jasangaitza egiten zaigun, adibidez, belarri bat taponatuta izatea; nola zabaldu behar izan garen mundura, gure jatorria, nitxo bat bailitzan, betirako zigilatuz.

Gure bizitzaren parte dira zuloak, eta hala ere, modu ilun batean deskribatzera ohituta gaude. Zulora erori, zuloan egon, zulotik atera behar. Inork ez du zuloan egon nahi, noizbait bizitzara zulo batetik salto egin genuen arren. Zulagarriak garenez, zuloan amaitu dezakegu labana txiki baten eraginez. Jaiotzean ireki zitzaizkigun zuloak itxiko lirateke berriro, zizareek zulatzen gaituzten bitartean.

Zulo sentsualak dauzkagu, eta baita zikintzat jotzen ditugunak —batzuetan zenbat eta zikinago, sentsualago—. Plazer iturri ere izan daitezke, beraz —ez derrigor norberaren zuloak, baita besteenak ere—. Zuloak betetzen ikuste hutsa izan daiteke gozagarri, edo husten ikustea —azaleko poroen kasuan—. Eta jaiotzatik ez dakarzkigun zuloak ere egiten dizkiogu geure buruari, eta metalezko barraz edo uztaiz betetzen, hauek ere onartuak edo ez-onartuak, sentsualak edo arruntak, zulatu duten zuloaren arabera —belarria edo zilborra—.

Bost minutuko gogoetan ohartu naiz zuloetan hasten eta amaitzen dela dena, dikotomia perfektua irudikatzen dutela, salbazioa eta hondamendia, eta zuloak ixtea bezain ona den gauza bakarra, zuloak zabaltzea dela. Eta Oteizarekin obsesionatu naizela dirudiela, baita ere. Agian gogoetak hamar minutu iraun izan balitu, pentsatuko nuke ez dela horrenbesterako.

Baina pentsa, zer da txalupan zulo bat itsaso erdian dagoen arrantzalearentzat, eta zer da zulo bera arrantzatu berri duen eta txalupan itotzen ari den arrainarentzat? Edo zer da zulo bat ezkutalekua behar duenarentzat, eta zer da zulo hori bertan gogoz kontra sartu dutenarentzat? Zer da norbait zulotik zelatatzea, eta zein emozio pizten du horrek gugan, eta zer da zulo batetik zu zelatatzen ari direla ohartzean sentitzen dena? Zulo baten erruz odol-hustea eta zulo bati esker odola sartu ahal izatea? Mundu erdia begi-zulo beteekin lotarako beldurrez bizitzea, eta zu lo?