Musika, alde guztietatik

Musika, alde guztietatik

Natalia Salazar Orbe

Musikarekiko lotura estua dauka Urduña herriak. Datuek hala uzten dute agerian: 4.000 biztanle pasatxo ditu, eta musika talde ugari; denetarikoak: Santa Zezilia musika banda, abesbatza bat, Getxa Goi txistulari taldea, Kolektibo Liborio musika taldeen elkartea, hainbat musikari profesional eta euskal musika tresnen Fita Fik eskola. Era horretako herri bat izanik, aspalditik ospatzen dute musikarien eguna. Azken urteetan, denek elkarrekin antolatu dute. Hala, hilaren 22a Santa Zezilia eguna dela eta, Urduñako Musika Astea egingo dute.

Gaur hasita, bi asteburutarako hogei kontzertutik gora prestatu dituzte, eta hainbat jarduera. Betiere, “musika bizitzara ekartzeko asmoz. Nahiz eta berez Urduña herri musikala izan, eta musikarekin harreman zuzena duen”. Hala azaldu du Eriz Perezek. Santa Zezilia bandarekin batera Musika Astea antolatzen duen Kolektibo Liborio elkarteko kidea da, eta Kultura zinegotzia.

Denetariko musika estiloez gozatzeko aukera emango du jaialdiak: rock, blues, pop, jazz, runba… Aurten berritasunak ere izango dira, gainera: “Bolero talde bi izango dira, rockabilly taldeak, flamenkoa, kubatar musika eta funkya. Denetarik dago entzuteko. Edozein gunetan edozein kontzertu” aurkituko dute bertakoek eta bisitariek.

V. Poteo Musikalaren barruan egingo dira kontzertu gehienak, Kolektibo Liborio elkarteak antolatuta. Bospasei tabernatan egiten dira saioak, aldi berean. Eguerdi edo gau aldera antolatzen dituzte kontzertuok. “Urduñan, jende ugari elkartzen duten lekuak dira tabernak”. Hala, musika eramaten dute gune horietara. Virginia Alonso eta The Pushermen ariko dira gaur, lehen saioan.

Bihar eta etzi egingo dituzte aldi berean talde gehien elkartuko duten bi saioak. Arrakasta handiko ekitaldia izan ohi da. “Jendeak eskuko egitaraua hartzen du, eta tabernaz taberna joaten da leku bakoitzean zer dagoen entzutera”.

Jarduera berezia

Urteekin kontzertu saioak antolatzen eta egokitzen asmatu dute. “Lehen aldian hamar kontzertu egin genituen aldi berean. Baina jendea kexatu egin zen, ezin zituztelako talde guztiak ikusi. Beraz, moldatu egin ditugu”. Jarduera “bitxia” da. Eta, aurten, taberna gehiagok bat egin dute proiektuarekin.

Herriko musikari askoren lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du jaialdiak. Beti izaten dute lekua Musika Astean. The Pushermen, Versen, Peri & Gros, Siroka… Harrobi handia eta kalitatezkoa eta profesional mordoa dituzte Urduñan.

Agertokiei dagokienez, hainbat izango dira: Romulo, Mugalde eta Amnesia Inn tabernak, besteak beste. Foru plaza, gaztetxea, Alondegia, Andra Mari eliza eta herriko kaleak ere astinduko dituzte batzuen eta besteen soinuek.

Izan ere, musika modernoaz gain, klasikoak eta herrikoiak ere izango dute lekua. Urduñako musika taldeen kontzertuak emango die hasiera ospakizunei, gaur. Hainbat taldek parte hartuko dute: Fita Fik musika eskolak, Biguri eta Barcina jota abeslariek, herri kantak abesten dituen taldeak, Fernando Egiluzek, Urduñako Oilarrak taldeak, Getxa Goi Txistu taldeak, Urduñako Abesbatza elkarteak eta Santa Zezilia bandak.

Bestelako jarduera bitxi bat ere prestatu du bandak berak: Kontzertua familian. Datorren asteko ostiralean egingo dute, Alondegian. Zinemako, telebistako eta telesailetako soinu banden abestien kontzertua emango dute. Jarduera horrek ez daukala berritasunik aitortu du bandak berak. Baina, musikaz gain, bideo zatiak eta mozorroak ere baliatuko dituzte.

Familia osoarentzako ikuskizuna izango da. Hala iragarria zuen Jesus Urrutia Graciak. Santa Zezilia bandaren zuzendari gonbidatua da bera: “Denek gozatuko dute, adina gorabehera. Oso melodia ezagunak ditugu esku artean: Game of Thrones telesailarena eta The Magnificent Seven filmarena, kasurako. Haurrentzako filmen doinuak ere izango dira. Musikaren festa handi bat izan dadin saiatuko gara”.

Berritasunak eta emozioak ematen diote xarma musikari, haren esanetan. “Jendeak gustuko izaten du musika klasikoa, eta ez da galdu behar; beti egongo da hor. Esperimentatzeko aprobetxatu behar dugu, ordea, eta gauza berriak egin behar ditugu”.

Urteetan musika talde edo eragile bakoitzak bere kabuz antolatzen zituen musika emanaldiak bateratu egin ditu Musika Asteak. Santa Zezilia bandak lan handia egin du hainbat urtetan. Hala sinetsita dago Eriz Perez. “Oso garrantzitsua da musika banda bat izatea Urduña bezalako herri txiki batean. Tradizio handiko elkartea da”. Taldeak egitarau propioa du jaialdiaren barruan.

Musika Astearen sustraiek heldu diote Urduñari; urteekin finkatu egin da jaialdia. “Jendea zain izaten da, euren agendetan sartua izaten dute”. Etorkizunean ere bide horretatik jarraitzeko modua izan nahiko lukete. Eta berritasunak ere ez dituzte baztertu. “Ondo legoke pauso bat aurrera ematea”. Hori lortzeko bidea egiten lagunduko dieten bidelagunen bila jarraitzen dute. “Bisitariei bertaratzeko deia egin nahi diegu. Asteburu bakar batean hogei kontzertutik gora ikusi ahal izango dituzte gurea bezalako herri txiki batean”.