Malenkonia doinuak kulunkan

Malenkonia doinuak kulunkan

Natalia Salazar Orbe

Begiak itxi, eta New Yorkeko jazz klub bat irudika dezake entzuleak. Tronpeta, saxofoi zein gitarra jolearen mugimenduak, haren keinuak eta arnasa hartu eta botatzeko prozesua sumatzen dira. Kontzertuak gertu-gertutik jarraituta, agertokiak berak eskaintzen duen giroaz gozatzeko aukera paregabea da. Iritsi da Arriolako Jazz eta Blues Jaialdia Elorriora. Azaroko bi hamabostalditan eutsi egingo dio hasierako helburuari: musika estilo hori Durangaldera eramatea, merezi duen kalitatea eta baldintzak bermatuta. Atzo hasita, hilaren 20an amaituko da.

27. jaialdia du Arriola kultur elkarteak. Elorriokoa ez da azkenaldian nagusitzen ari diren jaialdi erraldoi horietako bat. Hala azaldu du Aitor Iriarte elkarteko kide eta jaialdiaren antolatzaileak: “Formatu txikiko kontua da. Jazz eta blues estiloetako saioak gutxitan programatzen dira. Ikusle kopurua ez da handia izaten, baina, lokalak ere txikiak direnez, gure formaturako aproposa da”.

Giro intimoan gauzatuko dituzte saio guztiak. Arriolakoa jende andana erakartzeko asmorik ez duen jaialdia izanik, jazz edo blues zale horiek hartzeko leku aproposa da antzokiko Ateneoa: “Jazza entzuteko 60 lagun inguru elkartzen badira, mahaitxoak jarriz gero, bata bestearen gainean, oso erosoa izaten da. Eta, blues saioak direnean, jendea zutik eta artistarekiko aurrez aurre egoten da. Musikariak bi metrora dituzte, bertan. Xarma bereziko lekua da”.

Blues edo jazz klubak aurkituko dituzte jaialdira joan ohi diren zale fidelek. Blues kontzertuetan, 180 lagun elkartuz gero, gainezka egoten da aretoa. “Beraz, pentsa ezazu zer-nolako formatua eta asmoak ditugun. Blues egunetan ehundik gora lagun badaude, eta jazzekoetan, 50etik gora, arrakastatsutzat jotzen dugu”. Hala, Arriolako jaialdiari eustea dute xede. “27 urtean era horretako formatuari eta musika estiloari eutsi diogu”.

Bertako ordezkariak

Kulunka aritzea ahalbidetzen duten erritmoek eta malenkonia doinuek bustiko dituzte Arriola antzokiko Ateneoa eta Portalekua taberna. Atzo, Pettik eman zion hasiera jaialdiari, Etxeko Uzta taldearekin batera. Euskal Herriko zein atzerriko beste sei ordezkari ariko dira beste horrenbeste saiotan.

Egitarauari erreparatuta, Chicagon sortutako Boney Fields Banden saioak irudi dezake erakargarriena. “Beltzek aura moduko bat ematen diote topaketari. Hala ere, The Allnighters gasteiztarrek emango duten kontzertua aparta izango dela uste dut”. Zazpi lagunek osatutako taldearekin igoko dira agertokira. Amerikar izaerak beste ospe bat ematen dio, baina, Boney Fieldsi. Bluesaren doinuak haren sorterritik zuzenean eramango ditu Elorrioko txokora. Eta zalantzarik ez du: “Hark ere kontzertu aparta eskainiko du”.

Bertako musikariei lekua egiten saiatzen dira antolatzaileak. “Musikene [Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia] gertu dugu. Handik hainbat musikari ateratzen dira. Gero horiek jotzeko aukerarik ez badute, alferrik ari gara”.

Askotariko formatuak

Egitaraua askotariko formatuak uztartuta osatzen dute. Horretarako, hainbat elementu hartzen dituzte kontuan. Sonoritateari erreparatzen diote, batetik. “Juan de Diegok [gaur, 22:30ean] tronpeta, gitarra eta bateriarekin emango du saioa. Eta datorren asteko ostiralerako saio estandarragoa antolatu dugu: The Machetazo boskotea”.

Musikari dagokionez, berdin jardun dute. Petti izan zuten atzo. “Datorren ostegunean, erabat proposamen desberdina izango dugu: afrobeat banda bat. Izan ere, erritmo eta soinu askotarikoak entzuteko aukera ematen saiatzen gara”.

Maila oneko musikariak aurkitzen dituzte Euskal Herrian. “Getxo, Donostia zein Gasteizko jaialdietan beste irudi batzuk izaten dituzte. Baina herri mailan egiten dugun gure formaturako, maila oneko eta kalitatezko musikariak ditugu”.

Hainbat lekutako artisten proposamenak iristen zaizkie urtero euren jaialdian parte hartzeko: Madril, Andaluzia zein Galiziakoenak, kasurako. “Baina ez daukagu aurrekontu handirik kanpoko jendea ekartzeko”. Diru aldetik eskas ibili arren, musikariak duintasunez tratatzen saiatzen dira Elorrion. “Gure formatuaren bidez kulturaren normalizazio prozesuan aukerak hedatzen ditugu”.

Ezerezetik eraikitako jaialdia da Arriolakoa. Hastapenak zailak izan ziren. “Sasoi hartan inguruan ez zegoen inongo aretorik”. Era horretako formatuak eskaini eta hedatzeko asmoz, zikloak egiteari ekin zioten. Tartean, Jazz Blues Jaialdia. Era horretan hasi ostean, jaialdia finkatu egin da urteekin. “Programazioa normalizatu egin da”.