Haur eskola duina nahi dute Galdakaon

Haur eskola duina nahi dute Galdakaon

Natalia Salazar Orbe

Galdakaok beste haur eskola bat behar duen zalantzarik ez du inork. Hala ere, udalak proposatutako kokapena ez dute egokitzat jo hainbat gurasok, gaur egungo haur eskolako hezitzaileek eta oposizioko alderdiek. Desadostasun hori adierazteko prentsaurrekoa egin dute. Eta kokapenerako alternatiba bat ere proposatu dute: Lapurdi kalea.

Agirre Lehendakariaren kalean du kokaleku gaur egun lizitazio fasean dagoen udalaren proiektuak. Lapurdi kalean kokatzeak zeintzuk onura izango lituzkeen zehaztu dute gurasoen ordezkariek: zoruaren altueran kokatuta egongo litzateke. Ondorioz, “askoz seguruagoa” izango litzateke larrialdiren bat gertatuz gero hura hutsaraztea. Modu naturalean argiztatu eta haizeztatzeko aukera emango luke, eta hori “askoz onuragarriagoa” da umeentzat: leihoek kanpo aldera emango bailukete.

Hezitzaileak dira haur eskolaren egunerokoa bertatik bertara ezagutzen duten profesionalak. Zentro berriaren kokapenarekiko “desadostasuna” agertu dute. Bizkai kalean dagoen haur eskolan hezetasun arazoak izan dituzte berau 2005ean zabaldu zutenez geroztik. Atzealdeko hormaren aldetik igarotzen diren lur azpiko errekek zein geletako batzuen gainean dagoen terrazak eragin dituzte horiek. Azken hori birritan bihurtu dute irazgaitz. Hala ere, euri garaietan arazoak sortzen ditu.

“Jakin badakigu haizeztatze sistema naturalik gabe egotea zer den, 2010-2011ko ikasturtera arte leihorik ez baitugu izan. Eta jakin badakigu zer den gela txikiak izatea eta jolastokira atera ezin izatea, egokituta ez dagoelako”. Egoera hori alderatu dute Agirre Lehendakariaren kaleko haur eskolak ekarriko lukeenarekin: “0,70 metrora lurperatuta egongo da. Argizulo batzuk zabalduko dituzte sabaian. Zoruaren mailan egongo dira horiek, haur eskolak gainean izango duen begiralekuan. Beraz, ezin izango dira zabaldu”.

Sarreratik geletaraino doan korridorea erabilera anitzeko gela gisa erabiltzeko proposamena egin du udalak. “Sartu eta ateratzeko gunea izanik, ezin izango dugu erabili gaur egun erabilera anitzeko gela erabiltzen dugun bezala”.

Bestelako arrazoiak ere plazaratu dituzte haur eskola berria Lapurdi kalean egiteko. 600.000 eurotik gorako aurrekontua aurreikusi du udalak horretarako. Proiektua Agirre Lehendakariaren kalean egitea garestiago aterako dela sinetsita daude gurasoak eta oposizioko alderdiak: “Dagoen plazaren zati bat apurtu behar da zentroa eraikitzeko; hezetasunen eremua egokitu behar da, eta, lanak egin artean, bertako merkatariek kalteak jasango dituzte. Horrez gain, metroa Galdakaora iristeko lanek eragozpenak eragingo dizkiete gure txikiei”.

Oposizioko alderdiek salatu dute udalak inongo parte hartzerik gabe gauzatu duela proiektua. Aldarrikapen bateratua egin zuten agerraldian izandako eragile guztiek: “Haur eskola berri bat nahi dugu, bai, baina kokaleku aproposean; Galdakaoko umeek merezi dutena nahi dugu”.