Eredu herrikoia amets

Eredu herrikoia amets

Aitziber Laskibar Lizarribar

Konpartsak, jai batzordeak, eragileak, herritarrak. Horiek izaten dira Bizkaiko herri eta auzo gehienetako jaien antolatzaile eta sustatzaileak. Jai eredu herrikoia defendatzen dutela esan ohi da, eta parte hartzaileak direla; jai eredu propioa sustatzen dutela. Baina herrikoiak dira benetan festa horiek? Esaten den bezain parte hartzaile eta alternatiboak? Zeintzuk dira horien oinarriak praktikan? Zer gordetzen dute atzean?

Azken urteetan galdera horiek sarritan eta jende askoren artean errepikatzen ari direla eta, gaiari buruz hausnartzeko premia ikusi du Zirikatzen Deustuko kolektiboak. Pentsatu, eta egin: jai ereduari buruzko jardunaldiak egin berri ditu. Erantzun “magikorik” ez dutela aurkitu aitortu du Iker Aroztegi kolektiboko kideak. Espero ere ez zutela espero. Baina kezkak mahai gainean jarri, egoeraren jakitun izan eta hausnartzea bera baikortzat du taldeak. Errealitatearen kontzientzia hartu nahi du, bide onean ari ote den konturatzeko.

Drogak, jaien sostengu

Drogak eta musika. Jaietan huts egiten ez duten bi elementu dira. Horietako bakoitzari hausnarketa egun bat eskaini die Zirikatzenek, egoera bere gordinean aztertzeko: “Kontziente izan behar dugu; droga sustatzen dute herrietako zein hirietako jaiek; jai batzordeek berek droga saltzen dute, eta finantzaketa tresna nagusia dira gainera”. Alkoholaz ari da. Zeren, taldeak argi du drogei buruz aritu nahi bada gehien kontsumitzen dena ezin dela baztertu. “Kontuan izan behar da jaien erdigunea txosnaguneak izaten direla gurean”. Alegia, alkohola. Alegia, drogak. “Hori ona den edo ez hausnartu behar litzateke; hori nahi dugun edo ez”. Baina gai korapilatsua dela badaki kolektiboko kideak. “Zaila da zintzo hausnartzea, diru iturri bakarra direlako txosnak”.

Gauzak horrela, txosnaguneak “epizentroan” jartzen direla ohartarazi du Aroztegik. Beraz, jendea “edatera bultzatzen” dela; kasik behartu ere bai, “presio sozialaren” bidez. Zer egin, ordea, horren inguruan? Alkohola saltzeari utzi? “Ez da hori kontua”, kolektiboak antolatutako jardunaldietan parte hartu dutenen ustez. Egiten denari buruz hausnartzeko deia egin du Aroztegik. “Pentsatzen dugu benetan zer egiten ari garen?”.

Musika: balioen eroale

“Zein gutxi zaintzen dugun musika, bere presentzia erabatekoa den arren”, dio Zirikatzen taldeko kideak. Musikarik gabeko jairik ez dago. Etengabea izan ohi da festaguneetan. “Baina konturatzen gara zer transmititzen dugun?”.

Jardunaldietan parte hartu dutenen ustez, “erakartzea” izaten da musika aukeratzeko irizpide nagusia. “Erakartzea, kontsumitzeko”. “Beraz, zein eredu bultzatzen ari gara? Kontsumismo eredua bultzatu nahi dugu?”. Etengabe jartzen diren abestien mezu, balio eta kultura oinarriei erreparatzeari ere garrantzia eman diote eztabaidan parte hartu dutenek. “Zeren, oso garrantzitsuak diren gaiei ez diegu asko begiratzen”.

Hainbat hausnarketa eta eztabaidaren ondoren, ondorio batera heldu dira Deustuan bildutakoak: “Irizpide batzuk jarri behar lirateke zein musika jarri erabakitzeko”. Kontzertuetako eta txosnetako musikek “logika bati” jarraitu behar lioketela iruditzen zaie, eta gaiari buruz pentsatu behar dela: zein musika mota, zein mezu, zein balio, zein kultura bultzatzen dira, gaur egun? Horiek bultzatu nahi ditugu?

Zer dira jai herrikoiak?

Jai herrikoiak herriak herriarentzat egiten dituenak direla bat etorri ziren hirugarren jardunaldi eguneko kideak. Balio ezkertiarrekin lotu ohi dira jai herrikoiak, ekologismoarekin, feminismoarekin, eta abar. “Baina herritarrek hala nahi dutelako eskuinekoak egiten badituzte, ez dira jai herrikoiak?”. Horra argitu gabe geratu zen korapiloa.

Herri eta auzoetako jaietan parte hartzea gutxitzen ari dela da beste errealitate bat. Gero eta jende gutxiago mugitzen dela antolaketan, eta, ondorioz, txosna kopurua ere gutxitu egin dela leku gehienetan. “Jendartearen isla dira jaiak”, dio Aroztegik. Eta, gizartea aldatu den arren, oraindik beste garai bateko militantzia ereduari eutsi nahi zaiola. Jende gutxiagoren artean lan bera banatu beharrak lan handiagoa eskatzen dio antolatzaile bakoitzari.

Inertziari jarraitzea da horrek dakarren ondorioetako bat. “Ez dago denborarik jai ereduari buruz pentsatzeko ere; inertziak eta finantzaketa beharrak baldintzatzen dute eredua sarri”. Salbuespenik baden arren, hori da leku gehienetako errealitatea, eztabaidan parte hartu dutenen ustez.

Baina ez da erraza zurrunbilo horretatik ateratzea. Eta berriro dio Aroztegik: “Gizartearen isla dira jaiak”. Kontraesanak nonahi agertzen dira, beraz: “Pentsa dezagun sortzen ditugun guneetan, txosnaguneetan; drogak oinarri diren eremu horiek erraztu egiten dituzte emakumeen kontrako eraso jarrerak, adibidez”. Kontraesanak, zalantzak eta kezkak mahai gainean jarrita, hausnartzeko deia egin du Zirikatzen-ek. “Zer egiten ari garen kontziente izan behar dugu behintzat, hori nahi dugun erabakitzeko”.