“Jendeak uste baino arkeologia aztarnategi gehiago daude”

“Jendeak uste baino arkeologia aztarnategi gehiago daude”

Lore Bengoetxea

Armintxeko aurkikuntzaren berri eman zenetik hilabete baino gutxiago igaro dela, espeleologoen lan isilaz dihardu Xabier Gezuragak (Lekeitio, 1969), eta nabarmendu du aurrera begira arkeologoekin batera lan egiteko premia dagoela.

Maiatzaren 1ean egin zenuten aurkikuntza. Nola gogoratzen duzu eguna?

Sarrera eskola alboan dagoenez, onena jaiegun batean sartzea izango zela pentsatu genuen. Sarrera estu-estua zen, zulotxo bat, eta zabaldu egin genuen sartzeko, baina udala jakinaren gainean ipini genuen, eta esplorazioaren ostean harriekin estaltzeko berba eman genion.

Ez zen Armintxen sartzen zineten lehenengo aldia…

Txikitan haitzulo horretan ibilitakoa naizen arren, sartu ginenean desberdin topatu nuen, urte hauetan guztietan etxebizitzak egin dituzte eta. Halako batean, leku estu batetik erdi etzanda eta alboka pasatu ostean, bigarren galeria bat aurkitu genuen. Egin kontu haitzulo batean sartzen zarela eta beste batekin topo egiten duzula.

Eta zer zegoen han?

Leku horretara ailegatu ginenean, beste pasabide estu bat topatu genuen, eta, hura pasatu ostean, orduantxe joan ginen jabetzen han zer zegoen. Irudiak gero eta argiago ikusiz joan ginen. Eta denok urduritzen hasi ginen.

Zerbait berezia aurkitzeko susmoa bazeneukaten, ezta?

Egia esan, horrelako mila zulotan egoten gara, eta ez dugu topatzen ezer. Hala ere, susmoa bai bageneukan, zeren Lekeition bertan Lumentza eta Santa Katalinako haitzuloak ere hor daude… Susmoa genuen hemen zer edo zer egon ahal zela.

Eta, arrazoi horregatik, oraingo honetan arkeologoa eraman zenuten zeuekin…

Hala da. Zerbait aurkitzeko susmoa geneukanez, Agiri arkeologo elkarteari abisua eman genion, eta elkarteko bat gurekin etorri zen. Kanpoan egon zen, aurkikuntzaren berri eman eta barrura sartu zen arte.

Eta hark baieztatu egin zuen aurkikuntzaren garrantzia…

Arkeologoa ere haluzinatzen geratu zen ikusi zuena ikusita. Ostean, udalak atea ipini zuen, aldundiaren eskariz. Ez dakigu zein funtzio edukiko dugun aurrera begirako lanetan.

Aurkikuntzatik hona aldundiak informatuta eduki zaituzte?

Harrezkero gu beste zortzi bider sartu gara, beste pare bat hilean, zeren aldundiari esan genion guk sartzen jarraituko genuela.

Esateko moduan zaudete urte hauetan guztietan inor ez dela ibili hor?

Hor inor egon barik egonda zegoen. Bueno bai, orain dela 12.000 urte sartuko ziren batzuk! Ez dakit nondik sartuko ziren. Beste sarreraren bat egongo da hortik. Posible bazen sartzea, baina sarrera gaitza zeukan. Ez dut uste hortik pasatuko zirenik. Beste toki bat erabiliko zuten. Eta urte hauetan pertsonaren bat joan izan balitz, arrastoa utziko zuen.

Han egondako azken pertsona duela 12.000 urte egon zela jakiteak inpresioa egiten du?

Ez dizu emango, ba! Hala eta ere, orduan ez zaude horretan pentsatzen. Ardura izaten da ezer ez hondatzea, dena zegoen modura lagatzea…

Urrian eman zen aurkikuntzaren berri. Nola lortzen da horrelako gauza bat horrenbeste denboran sekretuan mantentzea?

Lekeition, kostata! Bestalde, ez da lehenengo bider horrelako zer edo zer gertatzen zaiguna. Atxurra ere geure taldeak aurkitu zuen. Eta Morgota ere bai. Eta beste asko ez direnak esaten…. Jendeak uste baino arkeologia aztarnategi gehiago daude.

Zerk batzen zaituzte ADES espeleologia taldean zaudetenok?

Espeleologiarenganako zaletasunak. Urdaibai eta Lea-Artibai aldean ibiltzen gara, eta eskualde bietako jendea gaude, sentsibilitate desberdineko jendea. Batzuei geologia gustatzen zaie, besteei kirola, niri neuri argazkiak ateratzea… Niretzat, gauzarik onena gure taldean horixe da, sentsibilitate desberdinak daudenez, denetik lantzen dugula, eta horrela esplorazioak osoagoak izaten dira.

Zelakoa da arkeologoen eta espeleologoen arteko harremana?

Aurkikuntza baten aurrean, interpretazio desberdinak edukitzen ditugu. Alde batetik, mundu profesionala dago, arkeologoena; eta bestetik, zaletasuna, espeleologoena. Nik uste dut elkar ulertuko dugula. Bestalde, guretzat, denbora-pasa itzela da, baina hor gaude laguntzeko.

Konturatzen al zarete zeuen zaletasunari esker ondarea berreskuratzen ari zaretela?

Ez bazabiltza bila, ez duzu topatuko. Eta hemen geu gabiltza bila. Geu eta beste talde batzuk ere bai. Gure taldean pila bat aurkikuntza egin da, eta pila bat lan egin dugu arkeologoekin, nahikoa emaitza onekin.

Zure ustez, espeleologoak ez zaudete behar beste baloratuta?

Baloratuta sentitzen garen arren, batzuetan arkeologoen artean pertsonalizazioak egoten dira, eta guk, ostera, nahiago izaten dugu azaldu atzean talde lana dagoela. Bakoitzak banan-banan zer edo zer balio du; eta taldean, dena. Denon artean osatzen ditugu besteon hutsak. Talde guztia lanean ipinita, nahikoa lehiakorrak gara. Nik bizitzan egin dudan gauzarik onena da talde honetan sartzea; aurkikuntzei baino garrantzi handiagoa ematen diot taldean topatu dudanari.