Hogei urtean musika garaikidea hedatzen

Hogei urtean musika garaikidea hedatzen

Natalia Salazar Orbe

Ohiko abestietatik aldenduta kantatzeko asmoz sortu zen Bogoroditsie abesbatza. Hogei urte igaro dira Durangoko Orfeoian ari ziren lagun batzuek proiektu berri hari ekiteko erabakia hartu zutenetik. “Abesbatza berri bat egiteko gogoa sartu zitzaien. Beste musika mota bat landu gura zuten. Musika garaikidera gerturatu gura zuten”. Hala oroitu ditu Amaia Gorrotxategi sopranoak abesbatzaren hastapenak. Urteurren borobila ospatzeko, kontzertua emango dute, bihar, 20:00etan, Uribarriko Andre Mariaren basilikan, Durangon.

Ibilbide oparoa egin du abesbatzak urte horietan guztietan. Hainbat lehiaketa irabazi dituzte, Euskal Herrian zein handik kanpo. Eta zenbait operatan eta Kriskitin dantza taldearen Amillanpetik ikuskizunean ere parte hartu dute.

Egun, 22 kidek osatzen dute taldea. Kantatzeko zaletasuna partekatzeaz gain, Bogoroditsie ezagutzera ematea eta abesbatzen munduan leku nabarmen bat aurkitzea dute helburu. Horretarako, banaka zein talde gisa kantuaren teknikak hobetzeko eskolak hartu dituzte.

Biharko kontzertuko abestiak “gustuko izango dituzte entzuleek. Musika garaikidea egiten dugunez, askotan arraro samarrak izaten dira kantuak batzuentzat; pixka bat gogorrak egiten dira. Baina biharkoan ez da gertatuko horrelakorik”. Ion Ugarriza taldeko zuzendariaren bost lan kantatuko dituzte estreinakoz. Horietako bi, iaz Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak Federico Garcia Lorcaren heriotzaren 80. urteurrenaren harira antolatu zuen sormen programari esker konposatutakoak dira. Obra herrikoiak ere aurkituko dituzte zitara gerturatzen direnek. Gehiago ezin du aurreratu. Eurentzako ere ezusteak izango dira, zuzendariak ahalik eta gutxiena jakinarazi nahi baitie urteurreneko errezitaldiari buruz. Hala ere, kantaldi “polita” iragarri du.

Emanaldi horrez gain, Bogoroditsiek beste zenbait kontzertu ere eskainiko ditu datozen asteetan. Musikastek Ez Dok Amairuren omenez antolatutako ekitaldien barruan, Iruñean ariko dira hilaren 26an.

Heldutasunera iritsi da gazte talde batek sortu zuen abesbatza. Eta, esperientziaren eskarmentuarekin, lanean jarraitzeko gogotsu daude.