Hiria goldatzeko kimua

Hiria goldatzeko kimua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Inork iraultza egin nahi badu, egunero hiru aukera ditu: gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan”. Vandana Shiva ekofeminista indiarrak esandakoa izan du ahotan Hibai Castro Bilboko Laboreko kideak elkartearen jardueraz aritzeko. Oraindik ere ezezaguna da Labore, ez baitu hiriburuan bere burua aurkeztu. Baina bota du lehen harria. Zer jan eta zer erosi? Elikadura burujabetza helburu jardunaldiak antolatu ditu Bilbon, Gite-Ipes elkartearekin batera, urriaren 24tik 27ra bitarte. Elikadura burujabetzaren eztabaida hirigunera eramango dute jardunaldietan elkarte biek. Burujabetzari buruzko hausnarketak praktikara eramateko proposamenak aurkeztuko ditu Bilboko Labore elkarteak bertan.

Hausnarketa eta kezka berak elkartu ditu hiriburuko hainbat ekoizle, kontsumitzaile eta norbanako. Eta elikadura burujabetza bultzatzeko lanabes berria eratu dute Bilbon: Labore. Ekoizleak eta kontsumitzaileak modu zuzenean lotzeko espazio fisiko bat lortzea da, tartean, sortu berri den elkartearen helburua. Eta egitasmoari bultzada emateko bazkideak aurkitzea izango da, besteak beste, lehen lanetako bat, Castroren arabera. “Tokiko elikagaien salerosketa bermatuko duen espazio fisiko bat behar dugu hiriburuan, bertako nekazarien lanean oinarritu eta tokiko ekonomia mugituko duena. Kontsumitzaile eta ekoizleen arteko konfiantzazko harremanean aritu nahi dugu”.

Ekoizpenari dagokionez, Euskal Herriko lurraldeen kohesioa bultzatu nahi du egitasmoak. “Hirigunean ala Bilbo inguruan ekoizten ez diren elikagaiak Euskal Herriko beste tokietatik ekartzea da asmoa. Euskal Herriko produkzioari lehentasuna ematea, alegia”.

Ez dira hutsetik abiatzen Laboreko kideak. Hamaika dira Euskal Herrian azken bi hamarkadetan abiarazitako ekimenak. Eta Bilboko hainbat auzotan ere badaude tokiko produkzioa bultzatzen duten hainbat elkarte. Horiekin guztiekin elkarlanean aritu nahi du Laborek. Argi azaldu du hori Castrok. “Gu ez gatoz inor ordezkatzera. Asko dira gai honetan lanean ari direnak, eta guk gure alea jarri nahi dugu norabide horretan. Dauden elkarteekin hitz egin eta elkarlanean aritzea gakoa da guretzat”. Harremanak egin dituzte dauden elkarteekin, eta oro har oso harrera ona jaso dutela azaldu du Castrok.

Edonola ere, Iruñeko Landare kooperatiba hartu dute Laboreko kideek eredu gisa. Duela hogei urte inguru sortu zen Nafarroako hiriburuko produktu ekologikoen kontsumitzaileen elkartea, eta 2.000 bazkide baino gehiago ditu gaur egun: 2.500 produktu baino gehiago dituzte hiriburuko Arrotxapean eta Atarrabian dituzten bi dendetan. Tokiko salerosketa bultzatzen du Landarek, eta elkartearen salmentako prezioaren %80 ekoizleek eramaten dute. Kudeaketa gastuak eta lokalekoak ordaintzeko erabiltzen da gainerako irabazia. Bukaerako prezioa ekoizle zein kontsumitzaileentzat “bidezkoa” izatea lortzen dute horrela.

Herritarren babes bila

Antzeko egitasmoa egin nahi du Laborek Bilbon. Eta bide horretan eman beharreko lau pauso aurreikusi dituzte jada. Bazkideak eta fundatzaileak aurkitzea izango da hasierako aldian elkartearen egiteko nagusia. Behin fundatzaileak lortuta, espazio fisikoaren eraikuntzan murgilduko da Labore. Eta lokalaren funtzionamendua bermatuko duen bazkidetza minimoa lortzea izango da eman beharreko hurrengo pausoa. Dendaren ateak behin betiko irekitzea izango litzateke laugarren eta azken urratsa. “Oraindik ere zenbakiak egiten ari gara. Pixkanaka haziko den egitasmoa izango da hau. Hasiera batean, sinesmenetik eta kontzientziatik proiektuan sinesten dutenak izango dira egitasmoari bultzada emango diotenak. Baina apurka-apurka zabaldu, eta herritar gehiagorengana iritsiko gara. Pixkanaka egingo dugu aurrera”.

Bere buruaren aurkezpena egin behar du lehenik Laborek. Eta esku artean duten proposamenari forma emateko prozesu parte hartzailea jarri dute martxan, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko. “Proposamena mahai gainera ekarri nahi dugu, eta herritarrekin eztabaidatu”. Gite-Ipes elkartearen laguntza izango dute zabalpen horretan.

Nazioarteko Elikaduraren Eguna izan zen joan den igandean. Eta testuinguru hori baliatu dute hiriburuan elikadura burujabetzari buruzko hausnarketak eta kezkak mahai gainean jartzeko. Gaur egungo nekazaritza industriala iraunkorra da? Elikadura negozio bihurtzeak nora garamatza? Alternatibarik badago? Halako galderei erantzun praktikoak ematen saiatuko dira astelehenean hasiko diren jardunaldietan. Besteak beste, Iruñeko Labore kooperatibako kideak eta Juan Manuel Sanchez Gordillo Marinaledako alkatea (Andaluzia, Espainia) izango dira mahai inguruetan. Sarrera librea izango da.

Eguneroko jarduera

Bilbon gaia lantzen duen eragile eta norbanako asko dago. Eta, horien parte hartzea bultzatzeko, hiriburuko hainbat tokitan egingo dituzte mahai inguruak. Hala azaldu du Ibon Meñika Gite-Ipes elkarteko kideak. “Ekitaldiak deszentralizatu egin ditugu. Herritar eta elkarte gehiagorengana iristea erraztuko du horrek”. Kafe Antzokian, Santutxu auzoko Karmelo ikastolan, Deustuko gazte lokalean eta Ekologistak Martxan plataformaren Ekoetxea egoitzan egingo dituzte solasaldiak.

Jardunaldien edukien garrantziaz aritu da Meñika. “Bilbo handian, hirigunean, eraldaketa klabeetan aritzea eta alternatibak ezagutaraztea oso interesgarria da. Elikatzea eguneroko jarduera da, eta kontzientziak astintzeko oso baliagarria: zer jaten dugun, nondik datorren, non ekoizten den, ekoizpen horrek zein helburu duen, non erosten dugun… hori guztia aztertu eta ondorioak konpartitzea oso garrantzitsua da”. Hiriguneak ematen dituen aukerak ere aipatu ditu Castrok. “Hirigunean kokatzen dira supermerkatu eta denda handiak. Eredu horren alternatiba aurkitu nahi duenarentzat arnasgunea izan daiteke Laborek garatuko duen egitasmoa. Gune fisiko bat izatea oso garrantzitsua da bide horretan urratsak egiteko”.

Txikitik handira, norbere eguneroko ekintzetatik abiatuta gogoetatzea beharrezkotzat jo du Gite-Ipeseko kideak. “Egunero era naturalean egiten duguna kontzienteki egiten dugun ala ez aztertzea oinarrizkoa da. Eguneroko erabakia da elikadurarena. Eta kontzientzia hartzen badugu, eraldaketarako aktibo bihur gaitezke”.

Abiapuntua dira astelehenean hasiko diren jardunaldiak. Hiriburuko ekoizle, kontsumitzaile eta norbanakoak biltzeko eta hausnarketak partekatzeko beste urrats bat. Hiritarren kontzientziak goldatu nahi ditu Laborek. Kimatu dute lehen hazia. Ongarria behar du orain.