Beranduegi?

Nerea Ibarzabal

Ikasgelak gizartearen maketatxo behinena direla esatea ez da kontu berria, baina, ai ama, zenbat duen egiatik. Estreinakoz jarri nau egoerak 9 eta 11 urte bitarteko umeen eta arbelaren artean —orain denak digitalak—, eta genero estereotipo guztiak begiztatu ditut aurrez aurre, haurrez haur.

Espero nuen, baina ez dakit ba; bataiatu kopurua murriztu den bezala, beste zentzu batzuetan ere aldaketa nabarmenagoak aurkituko nituela uste nuen. Nire umetako ikasgelaren hain antzerakoa ez zen zerbait, behintzat. Baina kontu zaila da, guk beraien adinean baino erreferente kutsagarri gehiago —eta batez ere eskuragarriago— dituztenean.

Nork hitz egiten du ozenen, nork gutxiesten du nor. Nork ematen du erantzun zuzena bakarrik oso-oso ziur dagoenean, eta nork ematen dio bere buruari hanka sartzeko lizentzia, barre egitekoa eta barre eragitekoa. Nortzuek erabiltzen dute biolentzia, nortzuk egiten dute negar lasai jendaurrean. Salbuespenak daude, noski —eta eskerrak—, baina, oro har, irudikatu duzuen generoari dagokio deskribapen bakoitza.

Beraien adinean jaso ez nituen azalpenak ematen saiatzen naiz horregatik, eta estereotipoak zalantzan jartzen dituzten bertso-sortak erakusten dizkiet, eta nire hitzak neurtzen ditut ezer esan aurretik, inertziak saldu ez nazan, eta XV. mendean kalean bertsotan egiten zuten emakumeei —profazadorei— kantatzea debekatu zitzaiela kontatzen diet.

Eta “zergatik debekatu zitzaiela uste duzue?” galdetzerakoan, ia beti dago norbait “emakumeak bertsotan txarrak direlako”, “gizonak hobeak direlako” edo “gizonak indartsuagoak direlako” erantzuten duena. Eta beti dago bere generokoen partetik irritxoren bat, edo isiltasuna, onarpen bilakatua. Batzuen interesa eta besteen jarrera defentsiboa. Beti pitilinari kantatu nahia —baita neskek ere—, eta aluari inoiz ez.

Kontu basikoak eta esperotakoak dira agian umeekin esperientzia gehiago dutenentzat. Ni larritu egin naiz, keinu txiki horien ondorio handiak ikusten baitira nagusiongan, eta belaunaldi berriengan daukadalako itxaropena jarrita. Baina 10 urterekin beranduegi ote da jada ume bat kontzientziatzeko? Edo goizegi da, eta kutsatuago daudenean jasoko dute feminismoa beste iturriren batetik, besteok egin behar izan dugun bezala?

Haziko dira, eta agian haziko zaie noizbait entzundakoaren hazia, edo agian ez. Sekula entzun gabe haziko direnena baino egoera hobea iruditzen zait, hala ere.