Nabarmentzekoak

‘Alborada’
Dokumentala. Josefa gerrillako buruzagi ohia da. Salvadorren bizi da. Paula Heredia haren alaba errealizadorea da, eta ahotsa emango die hari eta gerraostean babesa eman zieten Suchitoto komunitateko kideei. 54 minutuko dokumental hau gazteleraz eginda dago.

‘Chatarra’
Elkarrizketarik gabe. Mundu apokaliptiko bat erakutsiko du pantailetan Chatarra animaziozko filmak. Bost minutuko emanaldi mutu hau Uruguain ekoitzi dute. Hainbat aretotan ikusteko aukera izango da.

‘Él nunca me pegó’
Hiru andre protagonista. Maitasun erromantiko heterosexualaren barneko indarkeria psikologikoari buruzko dokumentala eratu du Irantzu Varelak. Hiru emakumek indarkeria ardatz zuten harremanak zelan bizi zituzten kontatu dute. Maitasunarekiko beste begirada bat islatu dute hiru andre protagonista dituen dokumental honetan.

‘El taekwondo de la resistencia’
Siriako errefuxiatuak.
Mohamed al-Barakat du protagonista dokumentalak, Siriatik ihesi familiarekin batera errefuxiatuen kanpamendu batera iristen den gaztea. Helburu bat du orain: indarkeriaren ondorioak betiko eramango dituen haurren belaunaldiari taekwondo irakastea erabaki du.

‘Emakume baserritarrak, bestelako etorkizuna ereiten’
Zama bikoitza. Emakume eta baserritar izatea zama bikoitza dela uste dute dokumentaleko protagonistek, zapalduta dauden bi taldetako partaide direlako. Hori horrela izanik, ezinbestekotzat jo dute emakumeen antolaketa eta borroka lantzea. Miren Saiz, Maritxu Arroyo eta Santiago Ronek osatu dute bederatzi minutuko lan hau.

‘Io sto con la sposa’
Benetan gertatua. Gezurrezko ezkontza eta segizioa antolatzen dituzte 23 lagunek. 3.000 kilometroko bidaia egiten dute protagonistek, lau egunetan, Palestina eta Siriako bost errefuxiaturi Europako mugak zeharkatzen laguntzeko.

‘K2 and The Invisible Footmen’
Zama eramaileen lana. Lara Lee zuzendariak aitortza egiten dio Pakistango Gilgit eta Baltistango zama eramaileen lanari. K2 munduko gailurrik garaienetarikora iritsi ahal izateko egiten dituzten sakrifizioak eta haien ausardia utziko ditu agerian dokumentalak.

‘Sepideh’
Ametsei jarraikiz. Sepidehk astronauta izan nahi du. Irango emakume bat da, ordea, eta familiak bestelako planak ditu harentzat. Jakin badaki guda hurbiltzen ari dela eta ezinezkoa izango dela irabaztea ezusteko pertsona baten laguntza lortu ezean.