Euskara ikasteko aukera emango die Bilboko merkatariei Biribilkok

Euskara ikasteko aukera emango die Bilboko merkatariei Biribilkok

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Euskaraz kasu egin zaiona berriro bueltatzen da dendara”. “Zuk euskaraz hitz egiten badiezu, zabaldu egiten dira, konfiantza handiagoa hartzen dute zurekin, eta hori nabaritu egiten da”. “Euskaraz entzunez gero, uste dut etxean bezala sentitzen direla; eskertu egiten dute”. “Euskara bereizgarria da, eta euskaraz kasu egiten duen jendeak plus bat du besteekin”. Biribilko programan parte hartu duten dendarien hitzak dira. Eta guztiek egiten dute bat: euskararen ezagutzak eta erabilerak euren negozioei onurak besterik ez dizkie ekartzen. Negozio ikuspegitik ere, aberastasun iturri da euskara.

Argudio horrekin egin dute euskararen gurdira igotzeko deia Biribilko egitasmoaren sustatzaileek. Bilboko Udalak Bilbao Dendak elkartearen, HABEren eta Bilboko euskaltegi homologatuen laguntzarekin antolatutako ekimena da Biribilko; Bilboko merkataritzan hizkuntza normalizazioa sustatzeko proiektua. 2009. urtetik dago martxan, eta, besteak beste, euskara ikasteko ikastaro berezituak antolatzen ditu merkatarientzat. Orain arte, 1.100 ikastaro eman dizkie dendariei, euskara ikasi edo euren maila hobetzeko.

90 euroren truke

2016-2017ko ikasturtean parte hartu nahi dutenek orain dute izena emateko aukera, datorren asteko osteguna arte. Euskara komertzialari buruzko oinarrizko ikastaroak eta hobetzekoak eskaintzen dizkie euskara ez dakitenei edo oso gutxi dakitenei Biribilkok, 90 euroren truke. 90 ordukoa izango da ikastaro bakoitza. Eta, ikastaroetan parte hartzeko baldintza bakarra, Bilboko merkataritzako lokal batean lan egitea da. Ikastorduak ere langile horiengan pentsatuta prestatu dituzte: goizeko txandan 08:00etatik 09:30era izango dira klaseak, eta eguerdikoak, 14:15etik 15:45era. Biribilkoren web orrian —www.biribilko.com— eman daiteke izena osteguna arte, Heziketa atalean dagoen inprimakia beteta.

Bestelako baliabideak ere eskaintzen ditu hizkuntza normalizazioaren aldeko proiektuak web orri berean: Hizkuntza baliabideak atalean itzultzaile automatikoa doan erabiltzeko aukera dago, merkataritzako errotuluen zerrenda, hiztegia, euskarazko oinarrizko esamoldeak, eta merkataritzan ohikoak diren dokumentu zein lan-euskarriak.

Durangon, erabilera eskas

Salerosketak be euskaraz proiektuaren barruan, hizkuntzaren ezagutzari eta erabilerari buruzko azterketa egin du Durangon ITG taldeak. Argia da ondorioa: euskararen erabilera urruti dago ezagutzatik; eta, salerosketetan, are gehiago murrizten da euskaren erabilera.

Ikerketaren arabera, durangarren %60-70ek badakite euskaraz. Erabili, %40k erabili ohi dute etxean, eta %20k kalean.  Bezero eta merkatarien arteko harremanean, %10-30 bakarrik erabiltzen da euska. Hala ere, euskaldunek estimatzen dute dendariek euskaraz jardutea erosleekin.