Behartutako ihesaldiak

Behartutako ihesaldiak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Zapi zuri bat guda zelaiak zeharkatzeko. Bake seinale bat norbere burua salbatzeko. Maleta batean edo gurdi batean sar daitezkeen ondasunak, irauteko. Nahi gabe egiten den bidaia. Behartutakoa. Hil ala bizikoa. Babestekoa. Bizirik irautekoa. Milaka haur, emakume eta adineko gizonek utzi zuten etxea 36ko gerrako borroka fronteetatik ihesi. Horietako askoren aterpea izan zen Bizkaia 1936ko hartan. Armadak kolpe militarra eman eta jarraian hasi ziren erbestealdiak. Eta Bidasoko frontean matxinoek posizioak hartu ahala, prozesua azkartu eta milaka gipuzkoarrek utzi zuten etxea. Irungo Santiago zubia igaro zuten horietako askok, mugaz bestaldeko babes mila. Baina mendebaldera ere jo zuten beste askok; Bizkaira, alegia. Lurraldean jaso zuten etxean ez zuten babesa. Eta elkartasunez erantzun zioten bizkaitarrek etorrera horri.

Irla bat zen Bizkaia duela laurogei urte. Francoren aldeko indar militarren artean zegoen errepublikanoen uharte bat. Araba eta Gipuzkoa ia osoa Molaren soldaduen menpe ziren. Eta setiatuta zegoen Bizkaia. 1936ko urrian, argazki bi lurralde berean: tiro eta bonba hotsak Ondarroa eta Eibarko frontean. Eta borroka zelai horretatik kilometro gutxira, mundu bakartu baten hitzak, Gernikan. Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren mezua izan zen: “Jaungoikuaren aurrean apalik, Euzko lur gainian zutunik eta Gernikako areitz azpian asabaen gomutaz nire aginduba zintzuen betetzea zin dagit”.

Urriko lehen egunean onartu zuten Espainiako Gorteek 36ko Autonomia Estatutua, eta gaurko egunez eratu zen lehen Jaurlaritza. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak Espainiako Estatuaren barruan lurralde autonomoa osatzen zuela jasotzen zuen testuak. Hala dio lehen artikuluak. “Errepublikako Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera, Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak eskualde autonomoa osatzen dute espainiar estatuaren barruan eta Euzkadi izena hartu du. Bere lurraldea aipatutako probintziek gaur egun osatzen dutena izango da eta horiek, aldi berean, modu autonomoan gobernatuko dira […]. Euskara, gaztelania bezala, Euzkadiko hizkuntza ofiziala izango da […]”.

Baina paperekoa eta errealitatea ez zetozen bat. Irla bat zen Bizkaia. Hain zuzen, estatutua onartu zen aste berean, Jose Iruretagoiena militarraren soldadu nazionalek Gipuzkoako muga pasatu eta Bizkaian ezarri zuten guda frontea, Ondarroa eta Berriatua menpean hartuz. 1936ko urriaren 4tik 1937ko apirilera bitartekoan, kokagune berberetan mantendu ziren armada frankista eta errepublikazaleak. Metro gutxira, ia-ia, baserritik baserrirako distantziak bereizten zituen Francoren aldeko eta errepublikanoen aldekoen lerroak.

Bizkaira mugatu zen Jaurlaritzaren jarduna, halabeharrez. Eta herritarrak babestea zen gobernu berriak zuen lehentasunetako bat. Besteak beste, Bizkaira joandako errefuxiatuen oinarrizko beharrak asetzeko lanak izan zituen Juan Gracia sozialistak gidatutako Gizarte Laguntza Sailak.

Bizkaira aterpe bila

Zenbakiek ematen dute orduko ihesaldiaren berri. 1936ko udazkenean 105.000 gipuzkoar inguru mugitu ziren Bizkaira. Hiru gipuzkoarretik batek utzi zuen etxea. Urria eta abendua bitartean 70.000 erbesteratu zeuden Bizkaian. Hala jasotzen du Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntza Sailak egindako errefuxiatuen erroldak. Bizkaiko hiriburuan kokatu ziren horien erdiak; 35.000, alegia. Horietako 15.000 haurrak ziren, 12.000 emakumeak eta 6.500 adineko gizonak. Ikastetxeak eta kiroldegiak egokitu zituzten hiriburuan errefuxiatuei aterpea emateko. Bilboko Euskalduna frontoi zaharra, kasurako. Baina izan ziren etxeko ateak ireki eta inolako ordain asmorik gabe etxean gorde zituzten herritarrak ere.

Hiriburuan ez ezik, Bizkaiko gainontzeko herrietan ere hartu zuten babesa errefuxiatuek. Beste 35.000 herritarrek hartu zuten aterpe lurraldeko herrietan. Eta horien iraupenerako neurriak hartu zituzten tokian tokiko erakundeek, Jaurlaritzako Gizarte Laguntza Sailaren laguntzarekin.

Larrabetzu da horren adibideetako bat. 1936ko urriaren 9an egindako erroldan, 1.707 larrabetzuar eta Gipuzkoako 37 errefuxiatu ageri dira herrian. Hilabetez hilabete errefuxiatuen kopurua handituz doa. Eta zazpi hilabeteren ondoren, 1937ko maiatzean, 204 errefuxiatu zeuden Larrabetzun. Eibar, Arrasate, Bergara, Mutriku, Errezil eta Ondarroako herritarrak, besteak beste. Herrira joandako horientzat guztientzat oheak, izarak, janaria, arropa, zapatak biltzen zituzten herritarren artean.

Frankistek ere ihesaldi horiek areagotu zituzten Gipuzkoan. Etxera itzultzeko zortzi eguneko epea ema zieten frontean errepublikanoen alde senide bat zuten familia askori. Eta senidea bueltatu ezean kanporatu egingo zituztela agindu zuten faxistek. Mehatxu hori zela eta, herritar askok hartu zuten Bizkairako bidea. Gipuzkoarrek ez ezik, arabarrek, nafarrek eta Gaztelako herritarrek ere jo zuten lurraldera babes bila.

Haurren ebakuazioa

Bizkaian ez zen gerra fronte zuzenik egon 1937ko udaberrira arte. Aurrez aurreko guda agertokietatik salbu ziren herritarrak, hortaz. Baina airezko erasoaldiek ez zuten etenik izan Bizkaian, eta gizarte zibila ez zegoen euri tantak balira bezala erortzen ziren bonba horietatik salbu. Egoera horrek behartuta, haurren erbestealdiak antolatzen hasi zen Jaurlaritza. Bilbon 1937ko urtarrilean izandako aire erasoak dira erabaki horren mugarria. Hilabete luzez babesleku izandako lurraldeetatik ere beste herrialde batzuetara jo behar izan zuen babes bila.

Abiazioaren erasoek sortutako izu giroaren ondorioz, 5 eta 12 urte bitarteko haurrak ebakuatzeko asmoa iragarri zuen Gizarte Laguntza Sailaren kontseilariak irrati bidez urtarril hartan. Berehalako arrakasta izan zuen deialdiak. Zazpi eguneko epean, haurrak atzerrira bidaltzeko 1.600 eskaera baino gehiago jaso zituen Jaurlaritzak. Bermeotik irten ziren lehen ebakuazio ontziak, martxoaren 21ean. 450 haur igo ziren orduan Campbell eta Blanche ontzi britainiarretan. Donibane Lohizunerako bidea hartu zuten bi ontziek, eta Bordele aldera jo zuten handik.

Portutik haurrekin ateratzen zen lehen espedizioa izan zen hori. Baina inondik inora ez azkena. Hamar egunera bonbardatu zuten frankisten aliatu italiarrek Durango. Eta ia hilabetera gertatu zen Gernikako sarraskia. Eraso horiek haurrak lurraldetik ateratzeko prozesua azkartu zuten. Eta Bilbo erori arte etengabekoak izan ziren haurren ebakuazioak.

Habana izeneko transatlantikoa da gaur egun haurren ihesaldiaren sinbolo nagusia. Ontzi horrek eraman zituen erbesteratutako haurren erdiak. Maiatzaren 6an egin zuen lehen bidaia, Goizeko Izarra ontziarekin batera. Guztira, 2.500 errefuxiatu inguruk utzi zuten Bizkaia egun hartan. Baina bi hilabetean hamaika espedizio antolatu ziren. Jaurlaritzaren datuen arabera, maiatza eta ekaina bitartean 26.659 herritar atera ziren Santurtziko portutik, Frantzia, Britainia Handia eta SESBera. Horietatik 19.144 ziren haurrak.

Ihesaldia, zenbakitan

Francoren aldeko indarrek Bizkaia hartu ondoren ere jarraitu zuen euskal herritarren ihesaldiak. Kantabria, Santander ala Galiziako portuetatik 62.000 pertsona inguru atera ziren 37ko udan. Iñaki Egaña historialariak Iheslariak. Euskal erbestea (1936-2015) liburuan bildutako datuek ematen dute orduko tragediaren berri. 1936ko gerraren ondorioz, Hego Euskal Herriko 151.000 lagunek utzi behar izan zuten etxea, biztanleen %15ek alegia. 80.000 inguru bueltatu ziren etxera. Baina beste erdiak ez ziren sekula itzuliko. Jaurlaritzak berak ere erbestera jo zuen, Bartzelonara lehenik, eta Parisera gero.