Iritsi zaio agur esateko eguna

Iritsi zaio agur esateko eguna

Natalia Salazar Orbe

Bihar jokatuko du azken partida. Pablo Berasaluzeri iritsi zaio pilotari agur esateko eguna. Profesionaletan, bederen. Emozioz beteriko partida izango da. Ondoan, bere lagun min eta jarraitzaile sutsu Mikel Urrutikoetxea izango du. Aurrez aurre, Aimar Olaizola eta Mikel Larunbe izango dituzte. Bilboko Bizkaia frontoian egingo du gorengo mailari agur esateko saioa, lagun artean. Hala, berriztarrak zuen nahia bete da.

1998an egin zuen debuta, profesional gisa, Bergarako frontoian (Gipuzkoa). Karmelo Ariznabarreta Ibarrola gaur egun Bizkaiko Pilota Federazioko presidente denak ondo gogoratzen du garai hura. Biak ari ziren Asegarcen sasoi hartan. Eta elkarrekin ordu asko emandakoak dira: frontoian bertan, eta handik kanpo ere bai. “Elkarren kontrako partidak sarri antolatzen zituzten Asegarcekoek. Pablok ez zeukan gidabaimenik orduan. Eta, hala, nirekin joan zitekeen autoan”.

Gaitasuna bazuela nabari zitzaion. “Batez ere, errematerako”. Hala ere, teknika landu beharra zeukan. “Oraindik ez zen pilotari osatua. Indarra zuen, baina umea zen oraindik. Askoz gehiago gogortu behar zuen buru aldetik eta prestakuntza aldetik. Frontoian ordu asko sartutako pilotaria zen, baina fisikoki lan gutxi egindakoa”. Berasaluzek berak ere aitortua du hori; gaztetan agian ez zela entrenatu profesional batek entrenatu beharko lukeen bezala.

Orduz geroztik, ia hogei urteko ibilbidea egin du. Gorengo mailara iritsi da, baina ez du bide erraza izan. Bi fase bereizi behar dira haren ibilbidean. Aita hil aurrekoa, eta ondorena: Berasaluze VIII.a eta II.a, kirol goitizena ere aldatu baitzuen. 2003an hil zen Jose Antonio Berasaluze. Eta kolpe gogorra izan zen semearentzat. Lan handiak egin behar izan zituen zulotik ateratzeko, baina lortu zuen. “Egunero entrenatzen hasi zen berriz”.

Ibilbideko bigarren atalean lortu zuen Berasaluzek gorengo mailara iristea. Garai hori urrutiagotik jarraitu badu ere, hitz onak baino ez ditu Ariznabarretak Berrizkoarentzat. “Errematatzaile aparta da. Lau t’erdi barruan ere ondo aritu da. Beraz, eskuz binakako lanaz gain, banakakoan ere ikuskizun handia eman du. Azken urte hauetan ikusteko pilotaria izan da, eta punta-puntakoa”.

Arantza bat: txapelik ez

Oso lan ona egin badu ere, arantzatxo bat du sartua Berasaluzek: hiru final jokatu ostean, ezin izan du txapelik lortu. “Txapela eskuratzea ez da erraza”. Argi dauka federazioko presidenteak. Hainbat aldagai sartzen dira jokoan horrelako txapelketetan. “Hainbat pilotari daude punta-puntan, baina txapela eskuratzeko oso pilotari osatua izan behar duzu”.

Oso garrantzitsu deritzo Berasaluzeren lorpenari, hiru final nagusira iritsi izanagatik. Lehenengoa, 1999an: Ruben Beloki izan zuen bikotekide. Ezinezkoa izan zitzaien Nagore eta Errandonea garaitzea. “Garai hartan falta zuen pixka bat landuago egotea”.

2013an izan zuen bigarren aukera. Jon Ander Albisu zuen ondoan, atzelari lanetan. Zorte txarra izan zuen partida hartan: orpazurda hautsi zuen. “Hori izan zen aukera gehien izan zuen urtea. Eta, zoritxarrez, ezin izan zuen finala bukatu”.

Azkena iaz jokatu zuen, Aitor Zubieta ondoan zuela. Aurkari, Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria zituzten. Baina orduan ere ezinezkoa izan zen. “Hartara ez zen iritsi punta-puntan; ezta Zubieta ere. Aurkaria, aldiz, oso sasoi onean zegoen. Bengoetxea VI.ari garairik onenean egokitu zitzaion finala jokatzea”. Final bat irabazteko gauza bat baino gehiago atera behar direla ondo errepikatu du Ariznabarretak.

Errespetuz hartu du Berasaluzeren erretiroa hartzeko erabakia. Hala ere, Ariznabarreta sinetsita dago beste urtebete eusteko moduan egongo litzatekeela. Kanpotik begiratuta hala iruditzen zaio, behintzat. “Argi dago gorantz ez duela egingo. Poliki-poliki beherantz joango litzateke”. Hala ere, udako partidetan erakutsi duen jokoa ikusita, binakako jokoan beste urtebete behintzat egiteko moduan egongo litzatekeela deritzo. “Ikusten da tantoa erraz bukatzen duela. Oraindik ere maila goreneko partidak jokatzen aritu da”.

Onartu du, dena den, urte asko egin dituela profesionaletan. “Badaki gogorra dela urte askotan hor egotea. Gazte hasi zen; urte mordoa egin du profesionaletan, eta horrek psikologikoki nekatu egiten du. Berak erabakia hartu badu, garai ona izango da”.

Berasaluze VIII.etik, II.era

2013an eman zuen pausoa eta Berasaluze VIII.a zena Berasaluze II.a bilakatu zen. Aitari omenaldia egiteko hartu zuen erabaki hori. Eta hala jarraitu du gaur egunera arte. Berasaluze lasai asko doa, badakielako beti “bere onena” eman duela. 39 urterekin esango die agur frontoiei, bihar, 17:45etik aurrera, 18 urteko ibilbidearen ondoren; txapelik gabe, baina jendearen maitasunarekin.