Josu Erkoreka (EAJ): Eskarmentua, etorkizunari eusteko

Josu Erkoreka (EAJ): Eskarmentua, etorkizunari eusteko

A. Larrabe Arnaiz

Politikagintzan urteak daramatza Josu Erkorekak (Bermeo, 1960). Eta ondo ezagutzen du Eusko Jaurlaritzaren jarduna, gobernuko bozeramailea eta Herri Administrazio eta Justizia sailburu lanetan ari baita gaur egun, Iñigo Urkulluren gobernuan. Hain zuzen, azken lau urteetan jeltzaleek gobernuan egindako lana goraipatu du Erkorekak jendaurrean egindako adierazpen guztietan. “Emandako hitza bete eta konpromiso guztiak bete ditugu”. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera “duela lau urte baino hobea” dela azpimarratu du gobernuko bozeramaileak hauteskunde kanpainan. Eta ildo berean lan egin nahi du datozen urteetan ere. “Asko aurreratu dugu, baina asko geratzen zaigu egiteko, eta horregatik uste dut datozen lau urteetan Iñigo Urkulluk izan behar duela lehendakaria”.

Eusko Jaurlaritzaren agintean jeltzaleek pilatu duten “esperientzia eta lidergoa” etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezinbesteko osagaiak direla uste du Erkorekak. Lau ildotan jarri du EAJk lehentasuna: enplegua, gizarte zerbitzuak, industria eta autogobernua. 1.839 “eginkizun” zehaztu dituzte datozen lau urteetarako aurkeztutako programan. “Lan agenda trinkoa prestatu dugu hurrengo legealdirako, helburu zehatz eta egingarriekin”.

Enplegua da azken asteetan politikarien ahotan gehien entzun den hitzetako bat. Eta erronken zerrendan lehen tokian jarri dute jeltzaleek ere lanaren auzia. Langabezia %10etik jaisteko helburua jarri diote datorren legegintzaldiari. Ez dira hutsetik abiatuko, Erkorekaren iritziz: “Lehen, atzeraldian geunden, eta, orain, hazkundean; lehen, enpresak itxi egiten ziren, eta, orain, ireki; lehen, langabezia hazten ari zen, eta, orain, enplegua sortzen da”. Osakidetzan, hezkuntza sisteman, diru sarrerak bermatzeko errentan, berrikuntzan eta ekonomiaren garapenean orain arte egindako lana “hobetzeko” konpromisoa ere hartu dute jeltzaleek.

“Estatus berria”, Madrilekin

Espainiako Gobernuaren birzentralizazioa hainbatetan salatu du Bizkaiko zerrendaburuak. Eta Rajoyren gobernuak Eusko Legebiltzarraren zenbait erabakiri aurkeztu dizkien helegiteen aurrean, “EAJren gobernu sendoa” aldarrikatu du, autogobernuaren defentsa egiteko. Aldebikotasunean oinarritutako autogobernu zabalagoa da EAJk proposatzen duena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako “estatus berria” Madrilekin adosteko zazpi urratseko proposamena aurkeztu dute horretarako.