Lander Martinez (Elkarrekin-Podemos): Gizarte gaiak lehenik, lurraldea gero

Lander Martinez (Elkarrekin-Podemos): Gizarte gaiak lehenik, lurraldea gero

A. Larrabe Arnaiz

Lehen aldiz aurkeztuko da Elkarrekin-Podemos Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Eta parlamentuan izatearen garrantziaz jabetuta dago Lander Martinez Bizkaiko zerrendaburua (Gasteiz, 1989). Ahal Dugu-ko militantea izan da Martinez alderdiaren sorreratik, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako antolakuntza idazkari ere bada gaur egun. “Datorren legegintzaldian herri honen etorkizunari buruzko gai asko landuko dira legebiltzarrean, eta beharrezkoa da Ahal Dugu hor izatea, erakundera aire freskoa eramateko”. Lurralde eredua, ekonomia eta bake eta elkarbizitza ereduak jarri ditu Martinezek datorren legegintzaldian landu beharreko lehentasunen artean. “Ondorengo hamar edo hogei urteetan bizitzeko nahi duten herrialde eredua erabakiko dute herritarrek datorren legealdian”.

EAJren gobernuaren alternatiba gisa aurkeztu da Elkarrekin-Podemos koalizioa hauteskunde kanpainaren hasieratik. Martinezen iritziz, “inertziaz eta konformismoz” aritu izan dira jeltzaleak orain arte. “Herrialdea hobetu behar da. Gauza batzuk ondo daude, baina etorkizunean mugituko garen ontzia aldatu behar da”. Eskubide sozialak “blindatzeko” proposamena egin du koalizioak horretarako. Diru sarrerak bermatzeko errentaren bermea da, besteak beste, koalizioaren bandera nagusia. EAE krisi betean sartuta dagoela zehazten da koalizioaren programan, eta azken urteetan enpleguaren prekaritatea eta aukera falta areagotu egin direla. Eskubide sozialak lehenetsi dituzte horregatik.

Erabakitzeko eskubidea, adostua

Erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta, EAErako estatus berriaren alde azaldu da koalizioa. Baina Espainian jarraitzea lehenesten du Elkarrekin-Podemosek. Eta Madrilera Quebeceko gardentasun eredua eramatearen alde azaldu da azken asteetan. Espainiako Gobernuak Kanadak Quebecen kasurako egin zuen antzeko lege bat onartzea nahi du. Euskal Autonomia Erkidegoan galdeketa bat egin ahal izateko, etorkizuneko estatus politiko eta juridikoari buruzko alde biko akordioa lortuko litzakete era horretan.

Aldebakarreko prozesua abiatzea zilegia dela uste du Martinezek, “baina ez da aukerarik onena Euskadirentzat”. Horregatik, datozen lau urteetan Madrilera begira izango da Elkarrekin-Podemos estatusari dagokion aldaketak egiteko, gorteetan akordioa bultzatzeko aukerak daudelakoan. Edonola ere, lurraldeari buruzko eztabaida ez da lehentasuna koalizioarentzat.