Jasone Agirre (EH Bilbu): Herri akordioak, herriak gobernatzeko

Jasone Agirre (EH Bilbu): Herri akordioak, herriak gobernatzeko

A. Larrabe Arnaiz

Erakundeen jarduna kazetari gisa aztertu du orain arte Jasone Agirrek (Abadiño, 1968). ETBko albistegietan dihardu 1991. urtetik, eta EITBko Erredakzio Kontseiluaren sortzaileetako bat ere izan zen. Berdintasun batzordeko kidea ere izan da Agirre, eta sariak jaso ditu indarkeria matxistaren inguruan egindako lanengatik. Anboto Komunikabideetako presidentea ere bada. Kazetariaren prismatik aritu da orain arte Agirre Eusko Jaurlaritza aztertzen, eta orain arte Jaurlaritzaren jarduna urrun sentitu duela aitortu du koalizioko Bizkaiko zerrendaburuak. Herritarren eta erakundearen artean dagoen distantzia horren soka moztu nahi du: “Herritarrengandik urrun daude erakundeak. Eta bi mundu horiek gerturatu nahi ditut, erakundeetatik bizkaitarren bizitzak hobera aldatzeko”.

Hauteskunde kanpaina osoan egin du indar koalizioak ideia horretan. “Behetik eta jendearekin” gobernatu nahi du EH Bilduk, herritarren beharrei begira. Horretarako “bestelako eredu bat” behar da Eusko Legebiltzarrean, Agirreren arabera. Eta politika herritarrekin batera eta herritarrentzat egin nahi duela adierazi du Agirrek jendaurrean egin dituen adierazpenetan. “Herritarrei inolako errentagarritasunik eskaintzen ez dien azpiegitura handietan lehentasuna jarri beharrean, bertako jendeaz eta bere eguneroko arazoez kezkatzen dena”. Gobernuan sartzea baino gehiago, “gobernatzeak” duen garrantzia azpimarratu du Agirrek horregatik.

Alde bakarreko bidea

Hiru ardatz nagusi aurkeztu ditu EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako. Arlo soziala, nazionala eta bakegintza. Eta hiru eremuetan “herri akordioak” egiteko proposamena egin die kanpaina osoan EAJri, Elkarrekin Podemosi, gehiengo sindikalari eta gizarte eragileei. Bi aukera ikusten ditu koalizio abertzaleak: Madrilen ala Bruselan hartzen diren erabakien menpe jarraitzea, ala Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagozkion erabakiak bertan hartzea. Norabide horretan, EAEko estatutua berritzeko prest azaldu da EH Bildu, erabakitzeko eskubidea bertan jasotzen baldin bada. Baina Madrilek proposamenari ezezkoa emanez gero, Jaurlaritzan “erantzuna” adostu eta alde bakarreko bideari ekitea beharrezkoa dela uste uste du koalizioak.

Herritarren egoera sozial eta ekonomikoak hobetzeko hainbat neurri aurkeztu dituzte. Tartean, 1.200 euroko oinarrizko soldata ezartzea, eta oinarrizko errenta herritar guztiei bermatzea.