Andreentzako doako autodefentsa eskolak eskaini dituzte hainbat irakaslek

Andreentzako doako autodefentsa eskolak eskaini dituzte hainbat irakaslek

Natalia Salazar Orbe

Emakumeen aurkako eraso matxistek oihartzun handia hartu dute azken hiletan. Eraso ugari gertatu dira, baina horien aurkako jarrera ere gero eta agerikoagoa da. Hainbat herritar atera dira kalera gertaera horiek guztiak gaitzestera. Egoera hori ikusita, bada hitzetatik ekintzetara pasatu denik. Borroka arteetan trebatuta dauden hainbat irakaslek doako autodefentsa eskolak eskaini dituzte emakume ororentzat. Guzman Ruiz Garro da Red Marcial-Punto Lila egitasmoaren sustatzaileetako bat. Edozein emakumerentzat diren eskolak eskaini dituzte. Berdin dio tamaina eta indar fisiko txikia zein handia izan. Izan ere, indarra baino gehiago, gorputzeko hainbat puntu eta artikulazio ezagutzea du ardatz metodoak.

Hamalau irakasle daude esperientzia horretan eskolak emateko prest. Bilbon, Artxandape ikastolan emango dituzte. Gainerako herrietan, emakumeen elkarteen egoitzetan eta udalen lokaletan eskainiko dituzte. Ruiz Garrok argi azaldu du saioak gimnasio pribatuetan ez emateko arrazoia: “Ekimen pribatutik kanpo kokatu gura dugu gure jarduera”. Urdulizen eta Plentzian hasiko dituzte eskolak, aurki.

Urte askotako esperientzia

Esperientzia handiko irakasleak dira denak, hainbat borroka artetan trebatuak. Eta hainbat arlotan jardun dute. EHUko irakasle eta ikasleentzako eskolak ematen dituzte. Eta hirugarren sektorean 20 urtetik gora daramatzate lanean. “Zaintzaileak dira ikasle gehienak. Jokaera arazoak izaten dituzten erabiltzaile oldarkorren jarrerak kontrolatzeko teknikak irakasten dizkiegu”.

Hala, modu naturalean egin dute salto eraso matxistak saihesteko teknikak irakasteko eskolak eskaintzera. Saiootan ez dute inolako genero diskurtsorik lantzen. Argi utzi nahi izan dute hori: “Ez dugu genero ikuspegiko edukirik lantzen; ez gara mintzatzen feminismoari buruz. Eraso fisikoen aurrean gauzatu beharreko defentsa pertsonala da lantzen duguna”.

Oinarriak hartzeko, 100 ordu

Artikulazioen funtzionamendua eta gorputzean dauden hainbat punturen ezagutza teknikoak dituzte ardatz irakaspenok. Autodefentsa behar bezala lantzeko lelo bat dute: “Entrenatu, entrenatu eta entrenatu”. 100 ordu inguru nahikoa izan daiteke oinarrizko ezagutza hartzeko. Ezagutza hori hartu ondoren, posible du bakoitzak bere kabuz etxean lantzea ikasitakoa.

Ezagunak, oldarkorragoak

Hala ere, erasotzailea nor den ere kontuan hartu beharrekoa da. Bikotekideen indarkeria pairatzen duten emakumeek are esfortzu handiagoa egin behar dute, eta defentsa teknika landuagoak ikasi behar dituzte. “Gertukoen erasoak pairatu dituzten emakumeei eman dizkiet eskolak. Tratu txarrak pairatu dituzten emakumeak izan ditut; eta harrera etxeetan daudenak. Eraso basatiak pairatu dituztenak dira horiek. Beraz, gertuko erasotzaileei aurre egiteko maila teknikoa gehiago landu behar dute”.

Kalean ezezagun batek egin dezakeen erasoari aurre egitea errazagoa izan daitekeela dio. “Gizonezkoek emakumea kikildu egingo dela pentsatu ohi dute. Eta aurre egiten dien norbait aurkituz gero, ezustean harrapatzen dituzte”. Kasu horietarako ikasi beharreko teknikak barneratzea errazagoa da. “Ezezagun batek eskumuturretik heltzen badizu kalean, eskumuturretik askatzen irakatsiko dizugu. Baita gorputz osotik heltzen badizute ere, aurretik zein atzetik. Berdin dio nondik heltzen dizuten edo bultza egiten badizute mendean hartzeko asmoz; irtenbide teknikoak eskainiko dizkizugu. Ez dira guk asmatutakoak. Ezagutza zientifikoaren parte dira. Dena dago asmatuta”.

Borroka arteen irakasleok badakite euren lanak ez dituela erasoak geraraziko. Hala ere, helburu argi bat du Red Marcial – Punto Lila-k: ahalik eta hazi gehien ereitea ahalik eta fruitu gehien eskuratzeko. “Orain arte geneukan eragina handitzea da helburua”. Xede horrekin jaio ziren. Guzman Ruiz Garrok azken urtean 1.500 emakume ingururi eman dizkie eskolak. “Orain, dimentsio hori handiagoa izan dadin nahi dugu. Emakume askorengana irits gaitezke egitasmo honen bidez”.

Irakasleok irakasten dituzten borroka arteen bidez, aurkaria blokeatu egiten dute. Gorputzeko ataletan dauden hainbat punturen gainean jarduten dute. Normalean, nerbio bukaerak egoten dira puntu horietan. Presioaren bidez, gorputz adarren disfuntzioa eragiten da. “Era horretako puntu ugari daude. Hala ere, gutxi batzuk irakatsi behar dira, informazioa barneratu ahal izateko”.

Dena den, eskoletan ikasitakoa kalean, eraso baten aurrean praktikan jartzea zaila da askorentzat. “Bada oso maila tekniko handia izan arren, erasoen aurrean blokeatu egiten denik”. Hori dela eta, jarrera argia eta irmoa izan behar dela azaldu du, inongo zalantzarik egin gabe: “Eraso baten aurrean, erantzun zuzen eta sendoa eman behar da”. Kalitatezko trebakuntza eskaintzen dute, defentsa eta babeserako teknikak barneratzeko: “Tipo batek joko arauak gainditzen baldin baditu, emakumeak defendatzen jakitea da helburua”.