Hildakoekin bizitza ikasiz

Hildakoekin bizitza ikasiz

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gorpuak, bizitza ulertzeko. Dozena bat gorpu oso, eta 150 organo baino gehiago. Benetakoak, gizon-emakumeenak, hildakoenak. Ikusi eta aztertu nahi dituen guztien begien bistara, erakusketan. Urriaren 23ra arte bisitatu daiteke Europa osoan milioi bat ikusle baino gehiago izan dituen Human Bodies erakusketa, Bilbon.

Morboa eragiten du, lehen kolpean, hilotzak ikusgai daudela entzuteak. Europako hainbat lekutan liskarrak ere eragin ditu horrexek. Baina oso bestelako irudipena jasoko du erakusketara biltzen denak. Erabat didaktikoa da erakusketa, gorputzak ezagutu eta ulertzeari begira landutakoa. Berrogei urte ingurutik gora dituztenek ondo ulertuko dute egitasmoaren filosofia: 1980ko hamarkadaren amaiera aldean iraultza eragin zuen Bazen behin… bizitza marrazki bizidun sorta du ideiaren oinarrian. Marrazkien ordez, baina, gorpuak dira ikasketarako materiala erakusketan.

Zortzi gunetan banatuta dago, eta gorputzaren funtzionamendua atalez atal ezagutzeko aukera ematen dute behin martxan egon ziren gorputz atalek; hasi enbrioi, fetu eta zilbor hesteetatik, eta bihotza geratu zitzaion gizonezkoaren gorpuraino.

Haurrak nola sortzen diren azaltzen da lehen aretoan, xehetasun handiz. Hezurren sistema erakustea da bigarren gunearen helburua, eta, horretarako, eskeleto osoak ez ezik, hezur osoak zein erdibitutakoak ere erakusten dira, nola osatuta dauden ikusteko.

Muskuluen funtzionamendua erakusten da hirugarren atalean: muskuluak, tendoiak, nerbioak, arteria eta zainak. Barneko organoak ere bistan daude: hesteak, birikak eta bihotzak, besteak beste. Arnas sistema erakutsiko da horien bidez. Behin odoleztatuta egon ziren organo eta muskuluak, lehortuta daude orain; plastinizazio bidez gordeak. Gorpuei likidoak pixkanaka atera, eta horiek silikonarekin ordezkatzean datza plastinizazioa.

Odol sistema, digestiboa, nerbio sistema eta gernu aparatuak erakusten ditu, ondoren, erakusketak, atalez atal, bakoitzari dagozkion organoak banan-banan zein elkarri lotura erakutsita. Erditik moztutako buruan ikusiko da mihi erdia ahoan kokatuta, baita mihi oso bat ere, soltean; begia sistema osoan kokatuta, eta bakarrik.

Gorpuak geruzaka zurituko dira erakusketan, eta geruza bakoitzak azpian zer gordetzen duen erakutsi. Eta gorputzaren atal bakoitza nola osatua dagoen ikusiko da, aurrean daudenak hilotzak direla ahaztuta. Erakusketa pedagogikoa, eta bizimodu osasuntsua egitearen garrantzia nabarmentzen duena.