Kolpe baten itzal amaigabea

Kolpe baten itzal amaigabea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Sirenak. Ezkilen hotsa. Hegazkinen barrunbeak. Abisua. Sua zerutik behera. Bonbak. Gernika. Eta, Gernika bezala, Durango. Eta Bilbo, Otxandio, Markina-Xemein, Sestao. “Gernikako bonbardaketak ez du parekorik historia militarrean. […] Antza denez, bonbardaketak bazuen helburu bat: biztanle zibilak adoregabetzea eta euskal arrazaren sehaska suntsitzea”. Hala idatzi zion munduari George Steer kazetariak The Times egunkarian, 1936 hartan. Pablo Picasso margolariak, Parisko Rue des Grands Augustins kaleko etxean, betiereko bihurtu zuen tragedia oihal zati batean, Gernika izeneko koadroan. Bilbon, Robert Capa goitizenarekin ezaguna den argazkilari hungariarraren erretratua: “klik”. Irudian, haur bat zerura begira. Izua. Heinkel eta Junker hegazkin alemaniarrak. Gurdiak hartu eta etxetik alde egitera behartutako milaka familia. Erbestea ala heriotza. Kartzela. Isiltasuna. Hori guztia da 1936ko gerra. Eta askoz gehiago. 80 urte dira uztailaren 18an armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zela. Eta zorigaitzeko urtemuga gehiegi utzi ditu data horrek. Aro ilun luze baten abiapuntua da 1936ko uztailaren 18a, oroimenetik ezabatu diren ondorengo gertakarien lehen katebegia. 36ko gerrak Bizkaian utzitako pasarte batzuei buruzko erreportaje sorta argitaratuko du Bizkaiko Hitza-k hilero.

Plaza batean deuseztatu zen plaza batean hasitakoa. Eibarren jarri zuten 1931ko apirilaren 13an bandera errepublikanoa udaletxean, gainontzeko herrietan errepublika aldarrikatu baino egun bat lehenago. Bost urte igarota, 1936ko uztailaren 19an errepublikaren aurkako altxamenduarekin bat egin zuten milaka militarrek Iruñeko Gaztelu plazan. Egun bat lehenago eman zuen Francisco Franco jeneralak estatu kolpea Melillan eta Kanariar uharteetan. Eta hainbat tokitara zabaldu zen handik. Baita Euskal Herriko lurraldeetara ere.

Errepublikanoen Bilbo

Ezberdina izan zen altxamendu militarrak lurraldean izan zuen garapena. Historiografiak behin eta berriz azpimarratu du: Iruñean eta Araban arrakasta izan zuen kolpeak, eta Bizkaian eta Gipuzkoan ez. Errealitatea konplexuagoa da, ordea. Uste baino aurkako jarrera handiagoa izan zuen uztailaren 18ko altxamenduak. Baina hasieratik isilarazi zen hori. Emilio Mola jeneral eta estatu kolpearen buruak lehen momentutik izan zuen ahotan. “Aintzat hartu behar da ekintzak erabat bortxazkoa izan behar duela, etsaia ahalik eta azkarren txikitzeko, indartsua baita, eta ondo antolatuta baitago”.

Nafarroako indar militarrak antolatu eta gidatzeko ardura hartu zuen Molak. Eta alderdi tradizionalisten oinarri sozialaren atxikimendua ere bilatu zuen lurraldean. “Beharrezkoa da izu giroa sortzea; nagusitasun arrastoa utzi behar dugu inolako zalantzarik gabe gu bezala pentsatzen ez duen oro eskrupulurik eta zalantzarik gabe ezabatuz. Zirrara handia eragin behar dugu; era agerikoan edo ezkutuan Fronte Popularraren defendatzaile guztiak fusilatu behar dira”. Esan eta egin. Gerra fronte zuzenik ez zen egon Nafarroan, eta 2.857 lagun hil ziren lurraldean uztaileko kolpearen ondoren, Altaffaylla kolektiboaren arabera.

Baina Molak ez zuen bere eragina Nafarroara soilik bideratu. Egun berean, dei bat egin zuen Bilboko Garellano erregimentura, Bizkaiko gudarostea armetan altxatzeko agindua emateko. Ez zuen, ordea, esperotako erantzunik izan, ordurako desbideratua baitzegoen kasernako telefonoa. Eta militarren buruak ez, Bizkaiko gobernadore zibilak hartu zuen Molaren deia. Zuzenean, errepublikaren aldeko jarrera helarazi zion gobernadore zibilak jeneralari. Bien bitartean, desfilea egin zuten uztailaren 19an Garellanoko militarrek hiriburuko kaleetan, baina ez estatu kolpea babesteko. Kontrara. Espainiako errepublikanoekiko leialtasuna adierazteko atera ziren kalera. Ekintza hori izan zen, besteak beste, Bizkaiaren posizioa zehazteko gakoetako bat.

Bizkor mugitu ziren errepublikanoak Bilbon. Afrikako altxamendu militarraren berri izandakoan, Garellano erregimentuko buru Joakin Vidal Munarriz koronelarekin bildu zen Jose Etxeberria Noboa Bizkaiko gobernadore zibil errepublikanoa. Jakina zen Garellanoko kuarteleko hainbat militar matxinatuekin hartu-emanetan izan zirela, eta horiei aurre hartzeko neurriak hartu zituzten berehala.

Uztailaren 18ko estatu kolpea gerra bilakatu zen. Eta errepublikaren aldekoek, militarren erasoak saihesteko edo horiei aurre egiteko, Errepublikaren Defentsa Batzordeak sortu zituzten tokian toki. Bizkaiko herri gehienek izan zuten batzordea, eta errepublikaren aldeko talde politiko guztietako ordezkariak biltzen ziren horietan; Eusko Alderdi Jeltzaleko eta Fronte Popularreko kideak, besteak beste. Bilbokoa abuztuaren 12an osatu zuten.

Erasoak lehen unetik

Molak ez zuen lortu Bizkaiko hiriburuko militarrak altxamenduarekin bat egitea. Eta gorde egin zion zigorra. Telefonoz ez, airez bota zien bizkaitarrei mezua Mola jeneralak irailaren 18an. “Irun eta Donostia hartuta, Bizkaiko eta Santanderko probintziak hartzeko operazioekin jarraitzeko agindua emango dut berehala […] odol hobengabea saihesteko; epe luzea ematen dizuet borrokalari ez diren andre eta gizonak babespean jartzeko […]. Hilabete honetako 25az geroztik, askatasuna dut helburu taktiko eta estrategikoen aurka egiteko, behar militarrek eskatzen duten bortizkeriarekin. Gaurdanik, airezko bonbardaketak ez dira aldez aurretik iragarriko. Abisu honekin, erabaki bat hartzeko nahikoa denbora ematen da”.

Abisu emateko, eskuorriak bota zituzten hegazkinek hiriburuan. Eta iragarritakoa bete egin zuen Molak astebetera, bonbak jaurti baitzituzten irailaren 25ean hiriburuan. Bitan bonbardatu zuen Bilbo. Goizean ordu eta erdiz, eta arratsaldean, ordubetez. Gauza bera egin zuen jeneralak biharamunean. 96 hildako eta 650 zauritu utzi zituen ekintzak. Baina Bilbokoa ez zen Molak Bizkaian egindako lehen aire erasoa izan. Altxamendu militarretik bost egunera egin zuen lehen erasoaldia, uztailaren 22an, Otxandion. 61 lagun hil zituzten, eta hildako gehienak zibilak izan ziren. Errepublikaren aldeko eremuetan egindako erasoetan ez ziren helburu militarren eta zibilen arteko bereizketak egiten. Argi geratu zen hori lehen ekintzetatik.

Sestaoko industrialdeari ere eraso zioten abuztuaren 8an. Eta Markina Xemein eta Lekeition ere izan ziren aire erasoak irailean. Bizkaiko herritarrek hasieratik izan zituzten hegazkinen erasoen mehatxuak. Orduko garaiak bizi izan zituzten herritarrek ondo gordeta dauzkate hegazkinek hurbiltzean sortzen zuten zarata. Bonbardaketetatik babesteko babesguneak egin zituzten Bizkaiko herri gehienetan. Eta, kasu gehienetan, baserriaren inguruan lurpean egindako zulobideak ziren babesleku horiek. Hegazkinen hotsak entzutean, lurpeko zulo horietara jotzen zuten inguruko bizilagunek berehala, arrapaladan.

Hamaika hilabete

1937ko udaberrian hasi zuen Mola jeneralak Bizkaia mendean hartzeko erasoaldia. Orduan ere mehatxua bidali zuen jeneralak. Azkena izango zen, ordea. “Azken abisua: Espainiako iparraldean gerra bizkor bukatzea erabaki dut. Hilketarik egin ez eta armak edo beren buruak entregatuko dituztenen bizitzak eta jabetzak errespetatuko ditugu. Zuen sumisioa berehalakoa ez bada, Bizkaia txikituko dut, gerra industrietatik hasita. Nahikoa ahal badut horretarako”. Lau hilabeteren ondoren, ekainaren 19an erori zen Bilbo. Baina altxamendu militarraren lehen momentutik izan zen gerra giro betean lurraldea. Hamaika hilabete horietako pasarteen berri emango du Bizkaiko Hitza-k ikasturte honetan, hilero.

Gerra bat eta ia 40 urteko diktadura utzi zuen 1936ko uztailaren 18ak. Zortzi hamarkada joan dira ordutik, eta oraindik ere orduko gertakari asko dago argitu gabe. Jakina da: eraginkorra izan zen kolpearen lehen momentutik militarrek zabaldutako izua.